Skip to main content

PISTOLARIA


PISTOLARIA

Helburuak

Parte hartzaileen izenak ezagutzea eta ikastea.

Parte hartzaileak

10etik 24ra bitarte lagun.

Garapena

Parte hartzaileak bi taldetan banatuko ditugu.
Pertsona bakoitzak zenbaki bat izango du, 1etik taldekide kopurura bitarte.
Talde bakoitza ilara batean jarriko da (zenbakiaren arabera ordenatu gabe), talde bateko eta besteko kideak aurrez aurre daudela, baina elkarri bizkarra emanda, talde baten eta bestearen artean pasillo moduko bat utzita.
Zenbaki bat esango dugu, talde bakoitzeko partaide kopuruaren artetik ausaz aukeratua.
Zenbaki hori duten bi pertsonak (talde bakoitzetik bat) buelta emango dute, eta westernetako pistolariak legez, nork bere pistolak atera eta jiratu den beste taldeko pertsonaren izena esango dute. Bestearen izena lehenago esaten duenak irabaziko du duelua, hura tiroz hiltzen duelako itxurak eginez. Galtzailea, berriz, lurrera eroriko da, hil itxurak eginez, baina jolasten segitu ahalko du gero.
Ariketa errepikatu, partaide guztien izenak aipatuak izan arte.
Gero, taldeak berriro elkarturik, zenbakiak aldatuko dituzte, beste saio batean aurkari desberdinak izan ditzaten.

Antolaketa

Aurrena jolasaren dinamika azaldu eta gero taldeak egin.

Jolas eremua

Bi taldeak aurrez aurre jarri ahal izateko bestekoa. Tartean ez da zutaberik edo ikusmena eragotz dezakeen ezer egon behar.

Denbora

15 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Eman dezagun 14 partaide ditugula. Talde batek 1etik 7ra bitarteko zenbakiak hartuko ditu, eta besteak, 8tik 14rakoak. Dinamizatzaileak bi zenbaki esango ditu aldiro, oso azkar bata bestearen ondotik, edo abiatzeko seinale bat eginez, lehenengo aipatutako jokalariak abantailarik izan ez dezan.

Gomendioak

Dinamika hau egokia da ikastaro edo lantegi bateko parte hartzaileen izenak ikasten laguntzen erabiltzeko, ez ordea aurkezpen saio batean erabiltzeko.
Dinamika aire zabalean eginez gero, ziurtatu zaratarik ez dagoela; zaratak komunikazioa zailduko du.
Garbi utzi behar da jarduera honetan ez dagoela ez irabazlerik, ez galtzailerik. Helburua denon izenak ikastea da, eta ondo pasatzea, aldi berean.

Ebaluazioa

Erreparatu ea dinamikak dirauen bitartean parte hartzaileek ondo pasatzen duten eta haien artean konfiantza girorik sortzen den.

Close Menu