Skip to main content

ARMIARMA SAREA


ARMIARMA SAREA

Helburuak

Parte hartzaileen izenak ikastea.
Taldeko kide guztiak integratzea eta haiei buruz zerbait gehiago ikastea.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Parte hartzaileak biribilean jarriko dira, zutik edo eserita, denak erdira begira.
Jolasaren gidariak artilezko haril bat (haria bilduz egindako bola) emango dio taldeko kideetako bati.
Harila duen pertsonak bere izena esango du, eta berari buruzko informazioren bat emango du, aldez aurretik zehaztutako zerbait: adina, jatorria, zaletasunak, bere nortasunari buruzko ezaugarriren bat…
Hitz egiten amaitutakoan, harilari mutur batetik heldu, eta taldeko beste kide bati jaurtiko dio artile harizko bola.
Aurrekoaren moduan, harila hartzen duen pertsonak bere buruaren aurkezpena egingo du, eta behin aurkezpena eginda, beste norbaiti jaurtiko dio bola, esku batekin hari zati bati eusten diola.
Ariketa errepikatuko dugu, taldeko kide guztiek beren burua aurkeztu arte eta taldearen inguruan artilezko armiarma sare bat ehundu arte.
Harila taldeko azken pertsonarengana iristen denean, azken horrek bere aurrekoari ―hots, harila eskuratu dionari― itzuliko dio bola, hari buruzko datuak errepikatzeaz batera.
Haria bilduz-bilduz errepikatuko dugu ariketa, harila dinamikari hasiera eman zion kidearengana iritsi arte.

Antolaketa

Parte hartzaile guztiak biribilean jarriko dira, elkarri begira. Jolasa zertan datzan ondoren, dinamizatzailea taldeko beste kide bat gehiago bezala arituko da. Dinamika hau aurkezteko unean, harila gertu edukitzea edo eskuetan izatea komeni da.

Jolas eremua

Partaide guztiak biribilean eta eroso sartzeko bestekoa.

Denbora

20-30 minutu. Zenbat lagunek hartzen duten parte.

Materiala

Artilezko bola bat edo soka mataza bat.

Aldaerak

Partaideek beren buruaz zer-nolako informazioa eman, partaide kopuruaren arabera eta testuinguruaren arabera erabakiko da.
Artilezko bolak atzerako bidea egiterakoan, partaide bakoitzak beste daturen bat eman dezake bere buruaz, bola eskuetaratu dionari buruzko datuak errepikatu beharrean. Adibidez: armiarma sarea egiterakoan, izen-deiturak eta adina esan; armiarma sarea desegiterakoan, berriz, norberari buruzko bertuteren bat aipatu.

Gomendioak

Eserita arituz gero, kuxinak jarri lurrean, erosoago egoteko.
Dinamika aire zabalean eginez gero, ziurtatu zaratarik ez dagoela; zaratak komunikazioa zailduko luke.
Artile edo lokarri zabala erabili, aise ikusteko modukoa, eta ez listari fin bat.
Datu errazak eskatu, inor konpromisoan jarri gabe. Izan ere, parte hartzaileek ez dute elkar ezagutzen oraindik; dinamizatzaileak parte hartzaileak ere ez.

Ebaluazioa

Ariketak dirauen bitartean, erreparatu ea partaideen artean ikus-kontakturik dagoen.
Erreparatu ea norbait deseroso sentitzen den.
Dinamikaren aurretik eta ondoren, erreparatu ea taldekideen arteko harremanak eta komunikazioa egokiak diren.

Close Menu