Skip to main content

BERRERAIKUNTZA


BERRERAIKUNTZA

Helburuak

Talde batek bere burua antolatzeko duen gaitasuna analizatzea.
Gidaritzak edo buruzagitzak lanean duen garrantzia aztertzea.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Parte hartzaileak bost bat kideko taldetan banatuko ditugu.
Zer lan egin beharko duten azalduko diegu. Adibidez:
Kontsumo kooperatiba bat sortzeko asmoa dago eta kooperatibak nolakoa izan beharko lukeen proposatzea izango da zuen lana. Ados jarri behar zarete honako puntu hauetan:
a. Zein izango da helburua?
b. Zer antolakuntza mota nahi duzue?
c. Zein izango dira kooperatibaren epe labur eta ertainerako helburuak?
d. (Nolako taldea dugun eta zer gai ari garen lantzen kontuan hartuta aukeratuko dugu jarduerarako egokiena izan daitekeen antolakuntza mota edo lan egiteko modua).
30 bat minutuko tartea utziko dugu lana burutzeko.
Denbora amaitzean, talde bakoitzak bere ondorioak azalduko ditu, paper handi batean idatzita.
Ez dago zertan hasi ondorioen gainean eztabaidatzen, teknika honen helburua honetaz hausnartzea baita:
a. Nola antolatu dira taldeak lan egiteko orduan?
b. Zer zailtasun gainditu behar izan dituzte erabakiak hartzeko orduan?
c. Zertan oinarritu dira ondorio jakin batzuetara iristeko orduan?
Talde guztiekin elkarlanean landuko dugu elementu bakoitza.
Arbelean idatziko ditugu taldeen iritziak. Hori lagungarri gertatuko zaigu ondorioak ateratzeko eta eztabaida kolektiboa bideratzeko orduan.
Garrantzitsua da aztertzea nola gauzatzen den parte hartzaileen errealitatean erabaki hartzea, talde osoaren parte hartzea, beraien informazio eta hausnarketa maila, etab.

Antolaketa

Partaide kopurua kontuan hartuta, zenbat talde sor daitezkeen aurreikusiko dugu eta prest edukiko dugu talde bakoitzarentzako materiala (kartoi meheak eta idazteko materiala).
Parte hartzaileek egin beharreko lana aldez aurretik prestatuta eduki beharko dugu, eta lantzen ari garen gaiarekin lotuta egon beharko du.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

Ordu bat, gutxi gorabehera.

Materiala

Kartoi meheak eta bolalumak.
Arbel bat.

Aldaerak

“Begi” behatzaile baten papera egingo duen kide bat sar dezakegu taldean. Haren zeregina taldearen lan egiteko moduari erreparatzea izango da. Taldeko gainerako kideek ez dute horren berri izan behar, begiraleak naturaltasunez lan egin ahal izan dezan.

Gomendioak

Hona hemen elkarrizketa gidatzeko zenbait galdera:
Nola antolatu zarete lanerako orduan?
Nolatan proposatu duzue gai hori?
Proposamenen eta erabakien arteko erlazioa orekatua izan da?
Nolakoa izan da komunikazioa?

Ebaluazioa

Talde bakoitzeko “begiak” gertatutakoaren ikuspegi objektibo bat eman dezake.

Close Menu