Skip to main content

OZTOPOAK KENTZEN


OZTOPOAK KENTZEN

Helburuak

Talde baten edo lan baten barruko arazoak non-noiz gertatu diren zehaztea.
Lanaren planifikazio hobea egitea, zer elementu ditugun eta zein oztopo gainditu behar ditugun kontuan hartuta.

Parte hartzaileak

+2

Garapena

Taldearen errealitate zehatza oinarritzat hartuta (taldearen arazoak, lanerako asmoa, kide kopurua), arazoak identifikatzen laguntzeko materiala prestatuko dugu.
Adibidez:
Taldeak, lanean hasi baino lehen, bere zereginaren helburuak, asmoak eta xedeak idatziko dituen orri bat.
Aldez aurretik, oinarrizko galdera batzuk prestatuko ditugu, lan plangintza edo talde lana aurrera eramateko orduan egon diren “oztopoak” non-noiz agertu diren zehazteko. Eta parte hartzaileek era zintzo eta kritiko batean erantzun beharko diete galderei, banaka edo taldeka (zenbat diren eta zenbat denbora dugun kontuan hartuta).
Adibidez:
Zein dira helburuak lortzea eragoz dezaketen akats pertsonalak?
Zein dira talde barruan gure programak gauzatzea eragozten duten oztopoak?
Zein dira helburuak lortzea eragozten diguten kanpo oztopoak?
Parte hartzaile bakoitzak bere iritzia idatziko du txartel batean. Iritzi bat txarteleko.
Txartelak sailka ordenatuko ditugu, lehen galderatik hasita.
Galdera bat sailkatu ondoren, eragozpen nagusia zein den ikusiko dugu. Gauza bera egingo dugu gero hurrengo galderekin.
Sailkapena amaitutakoan, teknika bera erabiliko dugu oztopo nagusiak gainditzen lagun diezaguketen irtenbideak iradokitzeko.

Antolaketa

Garbi eduki behar dugu nondik helduko diogun egoerari, eta horren arabera, erabil dezakegun material guztia erabili, lanari ekin aurrekoa eta egungo unea elkarrekin erakartzeko.
Galderak aldez aurretik prestatuta eduki beharko ditugu.
Txartelak sailkatzeko orduan, prest edukiko dugu haiek arbelean edo horman ―denen begi bistan― itsasteko materiala.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

45 minutu.

Materiala

Txartelak , orriak, idazteko materiala.

Aldaerak

Ariketa hau banaka egin daiteke aurrena, eta arian-arian taldea handituz joan gero, talde osoarekin lan egitera iritsi arte; bestela, talde osoarekin ari gaitezke hasieratik, parte hartzaileak zenbat diren eta lanerako zenbat denbora daukagun.
Talde batean elkarrekin lan egiten duten pertsonek egindako akatsak ebaluatzeko eta zuzentzeko erabil daiteke, edota planifikazio prozesu bati hasiera emateko.

Gomendioak

Garrantzitsua da koordinatzaileak planteatzen diren proposamen eta arazoak eztabaidatzen, argitzen eta sustengatzen laguntzea.

Ebaluazioa

Denbora tarte nahikoa igarotzen utzi ondoren (egoeraren arabera, luzeagoa edo laburragoa), erreparatu ea dinamikan planteatutako egoerak aintzat hartu diren.

Close Menu