GURE ALFABETOA
Helburuak
Parte hartzaileen izenak ikastea.
Parte hartzaile guztiak integratzea eta konfiantza giroa sortzea.
Arreta eta behaketa sustatzea.
Komunikazio ez-hitzezkoa garatzea.
Lankidetza eta elkarlana bultzatzea.
Parte hartzaileak
+6
Garapena
Parte hartzaileak ilaran jarriko dira, bata bestearen atzean, zutik.
Ilaran, izenen alfabeto ordenaren arabera jarri behar direla azalduko dugu, eta komunikazio ez-hitzezkoa baliatu beharko dutela horretarako. Hori helburu hartuta, elkar laguntzera eta elkarlanean aritzera bultzatuko dugu taldea.
Taldea jarduera hastera gonbidatuko dugu; guk jardueraren martxari erreparatuko diogu.
Antolaketa
Jarduerarekin hasi baino lehen, hura aurrera eramateko behar besteko tokia dugula egiaztatuko dugu.
Jolas eremua
Parte hartzaileak ilaran jarrita sartzeko bestekoa.
Denbora
10-15 minutu.
Materiala
Ez da beharrik.
Aldaerak
Ilaran, adinaren arabera jar daitezke, zaharrenetik gazteenerako ordenan, edo alderantziz.
Gomendioak
Dinamika hau egokia da ikastaro edo lantegi bateko parte hartzaileen izenak ikasten laguntzen erabiltzeko, ez ordea aurkezpen saio batean erabiltzeko.
Komeni da azpimarratzea helburu bera dutela denek, eta elkarrekin koordinatu beharra dutela, helburua lortuko badute. Parte hartzaileen artean gehiegizko lehia sortuko balitz, edo eztabaida larriak, gogorazi beharko da hau jolas bat baino ez dela eta garrantzitsuena elkarrekin ondo pasatzea dela.
Dinamizatzailearentzat bitarteko on bat da hau taldeko kideen hainbat alderdi eta ezaugarri hobeto ezagutzeko: hau da, lotsatiak, menperatzaileak, barnerakoiak, arduratsuak… diren jakiteko. Ikasleen ezaugarri horiek kontuan hartuta jokatzeko aukera emango digu guri horrek, haiei beren nortasuna modu positiboan eratzen eta ontzen, bai eta taldean integratzen ere, laguntzeko helburuan.
Ebaluazioa
Erreparatu ea parte hartzaileek elkarren izenak ikasten aurrerapenik egin ote duten.
Erreparatu ea parte hartzaileen artean harremanak sendotu diren eta konfiantza giroa sortu den.