Skip to main content

TUTTIFRUTTI


TUTTIFRUTTI

Helburuak

Parte hartzaileen izenak ezagutzea eta ikastea.

Parte hartzaileak

+12

Garapena

Parte hartzaileak biribilean jartzera gonbidatuko ditugu, aulkitan edo lurrean eserita, denak erdira begira. Gu, berriz, biribilaren erdian jarriko gara.
Parte hartzaile bakoitzarentzat, eskuinean dagoen laguna “anana” izango da, eta ezkerrean dagoena, berriz, “laranja”.
Norbait seinalatuz, “anana” esaten badugu, seinalatu dugun horrek bere eskuinean eserita dagoen lagunaren izena esanez erantzun beharko du. Aitzitik, “laranja” esaten badugu, ezkerrean duenaren izena esan beharko du. Oker erantzuten badu, edo hiru segundo baino gehiago luzatzen bada erantzuteko, hura erdira pasatuko da eta gu haren lekuan jarriko gara.
Ondoren, jolasaren aldaera bat azalduko dugu, “tuttifrutti” deritzona. Biribilaren erdian dagoen pertsonak “tuttifrutti” esaten badu, lekuz aldatuko gara denak. Une horretan, erdian dagoenak beste norbaiten lekua hartzeko aukera izango du. Hala egitea lortzen badu, beste norbaiti egokituko zaio biribilaren erdian egon beharra.

Antolaketa

Taldea biribilean jarri ondoren, dinamika zertan datzan azalduko dugu, eta proba saio batzuk egin, dena ondo ulertu dela eta zalantzarik ez dagoela ziurtatzeko. Aurrena, dinamizatzailea bera jarriko da erdian, eta berak emango du sekuentziaren lehen adibidea.

Jolas eremua

Partaide guztiak biribilean jarrita eta eroso sartzeko bestekoa.

Denbora

15 minutu.

Materiala

Aulkiak edo kuxinak.

Aldaerak

Fruten izenak denon artean erabaki daitezke; edozein fruta izen erabil daiteke.
Beste bi fruta izen gehi ditzakegu. Kasu horretan, bi toki eskuinerago edo ezkerrerago duen pertsonaren izena esan beharko du dagokionak.

Gomendioak

Dinamika hau egokia da ikastaro edo lantegi bateko parte hartzaileen izenak ikasten laguntzen erabiltzeko, ez ordea aurkezpen saio batean erabiltzeko.
Jolasak bizi-bizia izan behar du, interesari eutsiko badio; izan ere, “tuttifrutti” esaten den bakoitzean, ananek eta laranjek beste izen bat hartzen dute.
Frutaren izena hiruzpalau aldiz galdetzea komeni izaten da, “tuttifrutti” esan baino lehen.

Ebaluazioa

Erreparatu ea parte hartzaileek elkarren izenak ikasteko bidean aurrerapenik egin ote duten.
Erreparatu ea parte hartzaileen artean harremanak sendotu diren eta konfiantza giroa sortu den.

Close Menu