BAT GUZTIONTZAT
Helburuak
Lan kolektibo eta antolatuaren behar eta komenigarritasuna sentiaraztea.
Parte hartzaileak
+12
Garapena
Parte hartzaileak bost bat laguneko hiru taldetan banatuko ditugu eta bi begirale izendatuko ditugu. Begiraleok epailearena egingo dute eta dinamika zertan datzan ezagutu beharko dute.
Taldetxo bakoitzari buru hausgarri baten parte bat emango diogu pakete batean, eta jarduera hau buru hausgarri bat muntatzean datzala azalduko dugu. Azalpen horiek enfasi handiz emango ditugu, talde bakoitzak bere paketean buru hausgarri osoa dagoela pentsatu behar baitu.
Paketeak ireki ondoren, buru hausgarriak muntatzen hasiko dira, talde guztiak aldi berean. Bost minutu emango dizkiegu lana egiteko. Taldeek dinamika aurrera daramaten bitartean, koordinatzailea parte hartzaileak presionatzen saiatuko da, denbora gutxi geratzen zaiela esanez.
Talde batek paketeko piezak muntatzen bukatu ahala, epaile-begiraleen iritzia eskatuko du; aurkeztutakoa buru hausgarriaren zati bat baino izango ez denez, epaileek osatu gabe dagoela jakinaraziko diote.
Denbora luzapen bat eskainiko dugu lana bukatzeko, eta taldeei ordu arte egindako lana aztertzeko eskatuko diegu, dinamikaren ikuspegi orokor bat izateko. Denbora amaitzean, prozedura berari jarraituko diogu, eta beste luzapen bat eskainiko dugu.
Lana buru hausgarri bakarra eratzean amaituko da. Hausnarketarako unea izango da orduan.
Eztabaida: garrantzitsua da parte hartzaileek dinamikan zehar sentitutako sentimendu, bizitako gertaera eta izandako bizipenei buruzko iruzkinak eginez hastea eztabaida.
Ondoren, dinamikan agertzen diren sinboloen esanahia aztertuko dugu.
Marrazkia: gure helburua zein den, buru hausgarriak marrazki bat edo beste bat izango du, eta marrazkiak esanahiren bat izan beharko du parte hartzaileentzat.
Hiru paketeak: lanaren banaketa beharrezkoa dela sinbolizatzen dute, ez dela aski egokitu zaigun zatia soilik egitea; ezinbestekoa dela, beraz, nork bere lana egitea, baina helburu komuna zein den kontuan hartuta eta ahaztu gabe.
Pieza faltsuak: bi paketetan agertuko diren pieza faltsuek lan kolektiboa desitxuratzen edo zailtzen duten oztopoak eta arazoak sinbolizatzen dituzte, beti eta lan guztietan izaten baitira halakoak. Lana aurrera eramaten uzten ez duten kideen presentzia sinbolizatzen dute, halaber.
Eztabaidan zehar, jarrera indibidual eta kolektiboak, haien abantailak eta zailtasunak izango ditugu gogoetagai. Jarduera kolektiboak gauzatu ahal izateko orduan batasunak eta antolakuntzak nolako garrantzia duten eztabaidatzeko aukera izango dugu horrela.
Epaileen papera ezinbestekoa da dinamikaren garapenari buruzko kanpo ikuspegi bat izateko.
Antolaketa
Buru hausgarriak honelakoa behar du izan: kartoiz egina eta irudi batekin. Atalak hiru pakete itxitan banatuko dira, era honetan:
IRUDIA
Bigarren eta hirugarren paketeetan, muntatu beharreko irudiarekin bat ez datozen bi atal sartuko ditugu propio. Itxuraz, benetako atalen oso antzekoak izango dira.
Jolas eremua
Lan aretoa.
Denbora
30 minutu.
Materiala
Kartoizko buru hausgarri bat.
Aldaerak
Bai irudia, bai atal eta pakete kopurua, partaide kopuruaren eta lantzen ari garen gaiaren araberakoak izango dira.
Gomendioak
Komenigarria da buru hausgarriaren irudiak zerikusia izatea dinamika hau egiten ari den taldeak bere lanean duen helburuarekin.
Ebaluazioa
Ikusi nola garatu den jarduera, eta kontuan hartu begiraleen iruzkinak; gertatutakoaren ikuspegi objektibo bat eskainiko digute.