ANTOLAKUNTZA
Helburuak
Lan kolektiboak, lana planifikatzeak eta zuzentzeak zein garrantzi handia duten ikusaraztea.
Parte hartzaileak
+8
Garapena
Parte hartzaileak zortzi laguneko taldetan banatuko ditugu.
Talde bakoitzak begirale lanak egingo dituen pertsona bat aukeratuko du; pertsona horrek taldea lanerako nola antolatzen den aztertuko du.
Talde bakoitzari lan bat aginduko diogu, eta lana betetzeko beharrezkoa izango duen materiala emango. Adibidez: paperezko hegazkinak egin. Eta lana denbora tarte jakin batean egin beharko dutela azalduko diegu. Gehien produzitzen duen taldea izango da irabazlea.
Emandako denbora amaituta, bilera egingo da; talde bakoitzak egindako lana erakutsiko du eta irabazlea zein den ikusiko dugu.
Irabazletik hasita, talde bakoitzak lana nola egin duen, nolako arazoak izan dituzten… azalduko du. Bien bitartean sortzen diren ideiak arbelean idatziko ditugu.
Behin taldeak lanean nola moldatu den azaldu ondoren, begiraleak azalduko du nola ikusi duen lanean taldea.
Ondoren, talde eztabaidari emango diogu bide, arbelean idatzitako ideiak abiapuntutzat harturik.
Eztabaida: lan kolektibo edo talde lan batean plangintzak eta gidaritzak, baliabideen erabilerak, lanaren banaketak… zein garrantzi handia duten azter daiteke.
Lan kolektiboarekin zerikusia duen guztia: ezagutzak partekatzea, kritikaren eta autokritikaren balioa.
Gero, elementu sinbolikoak bizitza errealarekin erlazionatuko ditugu, dinamika guztietan bezala.
Antolaketa
Aldez aurretik pentsatuta izan behar dugu zer eskatuko diegun egitea, eta prestatuta talde guztiek lanerako beharko duten material guztia.
Jolas eremua
Lan aretoa.
Denbora
30 minutu.
Materiala
Guraizeak, orriak, lekeda…, zein lan egingo duten.
Aldaerak
Mekanika bera erabilita, bi produkzio etapa bereiziko ditugu.
Lehena: aurrekoan bezala arituko gara, baina bilera egiteko orduan, talde bakoitzaren produkzioa ez ezik begirale lanetan diharduen kidearen oharrak ere erakutsiko ditugu; ez da eztabaidarik bultzatuko.
Bigarrena: talde lanera itzuliko gara, aurreko baldintza berberetan, baina begiraleek ohartarazitako okerrak zuzentzeko asmoz.
Bileran, bi faseetako emaitzak erkatuko dira eta eztabaida sustatuko da.
Talde lana etengabe eta modu kritikoan ebaluatzen jardutearen garrantzian sakontzen ―eta hortaz, hutsegiteetatik ikasten― lagunduko digu aldaera honek.
Gomendioak
Aginduko dugun lanaren zailtasunak lan taldearen mailaren araberakoa izan behar du.
Ebaluazioa
Prozesuaren emaitzak ikusi.