HORREK ZERA GOGORARAZTEN DIT
Helburuak
Jolastuz gozatzea.
Kontzentrazioa garatzea.
Parte hartzaileak
+7
Garapena
Parte hartzaileak biribilean jarraraziko ditugu.
Dinamika hau zertan datzan azalduko diegu: parte hartzaile batek zerbait ekarriko dugu gogora, ahots goran. Adibidez: “IGEL bat etorri zait burura”. Zirkuluko hurrengoak “Horrek/ Igelak…” esan beharko du berehala, eta esaldia osatu, kasu honetan igelak zer gogorarazten dion azalduz: “zera gogorarazten dit niri: ZAPABURUA”. Txandaz txanda, jolasten jarraituko dugu, kide guztiek parte hartu arte edo nahikoa aritu garela iruditu arte.
Norbaiti iruditzen zaionean esan den hitzak zerikusirik edo loturarik ez duela, itxuraz behintzat, aurretik esandako hitzarekin, “EZ NAGO KONFORME” edo antzeko esapide bat botako du, eta orduan, zalantzan jarri den hitz hori esan duenak bere aukeraren zergatia azaldu beharko du. Taldeak ontzat ematen badu arrazoia, aurrera jarraituko dugu; bestela, hasieratik hasi beharko dugu, beste hitz bat aukeratuta. Adibidez: “LANDARE bat etorri zait burua; horrek/landareak zera gogorarazten dit niri, HOSTOA; horrek/hostoak zera gogorarazten dit niri, LOREA; horrek/loreak zera gogorarazten dit niri, LIBURUA…; “EZ NAGO KONFORME”; “kontua da nik loreak liburuetan gordetzen ditudala, lehortzeko…” (labur-labur eztabaidatuko dugu arrazoia); konforme, orduan, horrek/liburuak zera gogorarazten dizkit niri, LETRAK; horrek/letrak zera gogorarazten dizkit niri, HITZAK; etab.
Tarte bat utziko dugu zalantzak argitzeko eta galderak egiteko, eta ondoren, jolasari hasiera eman nahi dion boluntariorik ba ote dagoen galdetuko dugu.
Antolaketa
Ez dago beharrik.
Jolas eremua
Parte hartzaile guztiak biribilean jarrita sartzeko bestekoa.
Denbora
15 minutu.
Materiala
Aulkiak (aukeran).
Aldaerak
Gaizki erantzuten duenak txiste bat kontatzea, adibidez, prenda gisa.
Gomendioak
Bizi-bizi aritu beharra dago, jolasa arin joan eta dibertigarria izan dadin.
Ebaluazioa
Erreparatu ea jolasak dirauen bitartean parte hartzaileek barre egiten duten edo ondo pasatzen duten.