Hezitzaileen hautaketa
Udal eta elkarteei eskaintzen die hezitzaileen hautaketarako laguntza Hezten-ek. Bi modutara egin ohi da: Hezten-ek hautaketa probak berak eginez edo Hezten-ek duen lan-poltsa erabiliz.
Bezeroarekin adostuta irizpideak finkatzen dira hautaketa egiteko.
Hezitzaileak hautatzeko irizpide orokorrak:
Hezten-ek kudeatutako udalekuetan lan egin nahi duten hezitzaileek, hautaketa prozesu bat igaro beharko dute. Horretarako udalekuak ezarritako hezitzaileen izen-emate datei eta aurkeztu beharreko dokumentazioari erreparatu beharko zaio lehenengo.
Udalekuetan lan egiteko hezitzaileen hautaketa prozesuak bi fase izango ditu. Alde batetik, talde elkarrizketak eta, bestetik, curriculumaren baremazioa. Bigarren fase honetara igarotzeko derrigorrezkoa izango da talde elkarrizketa gainditzea.
Behin bi fase hauek bukatuta, bi ataletan lortutako puntuazioen batura egingo da (talde elkarrizketak % 60ko balioa izango du eta curriculumak, berriz, % 40koa). Lortutako emaitza horretatik hezitzaileen zerrenda ondorioztatuko da (puntuazioaren arabera sailkatua).
Azkenik, zerrenda horretatik hautatutako hezitzaileei deituko zaie (udalekuan izena emandako haur kopuruaren arabera, udalekuan beharko den hezitzaile kopurua zehaztuko da).
TALDE ELKARRIZKETAK egin ahal izateko, Hezten-ek udaleku horretan izena eman duten hezitzaile guztiei deituko die elkarrizketa non eta zein ordutan egingo den jakinarazteko (oso ohikoa da talde elkarrizketa txanda bat baina gehiago egotea). Bertan, hainbat aldagai neurtuko dira, adibidez, hautagaien parte-hartzea, gizarte trebetasunak, talde lanerako gaitasuna, euskara maila, diskurtsoa… Talde elkarrizketan zehar hainbat dinamika proposatuko dira eta hautagaiek hauei erantzun beharko diete. Talde elkarrizketa hauek 45 minutu inguruko iraungo dute, 10-12 pertsonako taldeak izango dira eta bi dinamizatzaileek gidatuko dute.
CURRICULUMAREN BAREMAZIOA, aurrez zehaztutako parametro batzuen arabera egingo da, honek curriculumeko aldagaiak baloratzeko aukera emango du (aldagai bakoitzak bere puntuazioa izango du): begirale edota zuzendari titulua izatea, heziketarekin harremana duten ikasketak amaiturik izatea, aisialdiko eskolek eskainitako ikastaroetan parte hartu izana, aisialdian izandako esperientzia… Baremazio hau egin ahal izateko, hautagaiak aurkezten duen curriculum hori egiaztatzeko aukera izan behar du Hezten-ek, izen-emate garaian curriculumarekin batera beharrezkoak diren titulazio eta dokumentazioa aurkeztuz.
Udalekuetan lan egin ahal izateko derrigorrezkoa izango da hautaketa prozesuan parte-hartzea (esandako egun, toki eta orduan) eta behin hautaketa gaindituta hezitzaileek hurrengobaldintzak bete beharko dituzte ezinbestean udalekuan lan egin nahi badute:
- Udalekuen prestaketa asteburuan parte-hartzea ordu kopuru guztiak betez.
- Lan egiteko prestutasuna eta jarrera positiboa erakustea
Ohar orokor hauez gain, udalerri bakoitzak bere berezitasunak aurkeztu ditzake hezitzaileak hautatzeko garaian, bai eta hezitzaile haiei egingo zaizkien eskakizunetan ere.