TXIO-TXIO
Helburuak
Parte hartzaileen konfiantza handitzea, bai gizabanako gisa, bai taldekide gisa.
Jolastuz gozatzea.
Taldea kohesionatzea.
Parte hartzaileak
+8
Garapena
Parte hartzaileei jolas bat egitera goazela azalduko diegu.
Parte hartzaileetako batek (jolasa amaitu arte inork ez du jakingo nork) ama oiloarena egingo du eta gainerakoak haren bila dabiltzan txitak izango dira.
Partaide guztiak, begiak itxita, batetik bestera ibiliko dira jolas eremuan barrena; oiloak ere itxita izango ditu begiak, baina ez da dagoen tokitik mugituko. Norbait topatzen dutenean, eskutik heldu, eta honela galdetuko diote hari, oiloa den edo ez jakiteko: Txio-txio?
Topatu duten pertsonak ere Txio-txio? esaten badu, eskuak askatuko dituzte eta bila eta galdezka jarraituko dute.
Norbaitek beste bati Txio-txio? galdetu, eta erantzunik jasotzen ez badu, ama oiloa aurkitu duen seinale. Orduan, elkarri eskutik helduta segitu beharko dute, eta norbaitek Txio-txio? esaten badie, isilik eutsi beharko diote, erantzun gabe.
Hala, pixkana-pixkana, talde osoa eskutik elkartuz joango da.
Amaren bila dabilen txitarik geratzen ez denean, begiak irekiko dituzte, eta talde osoa besarkada erraldoi batean elkartuko da.
Tarte bat utziko dugu zalantzak argitzeko eta galderak egiteko.
Begiak ixtera eta jolas eremuan barrena ibiltzera gonbidatuko ditugu parte hartzaileak, jarduerari hasiera emanez.
Parte hartzaile batengana hurbildurik, ama oiloa bera izango dela xuxurlatuko diogu belarrira.
Antolaketa
Garbi eduki behar dugu jolasa zer tokitan egin. Toki itxi bat bada, oztopo guztiak kendu beharko ditugu aurrena, ezbeharrik gerta ez dadin; eta toki ireki bat bada, ondo mugatu beharko dugu jolas eremua.
Jolasak dirauen bitartean, ezbeharrik gerta ez dadin zainduko dugu.
Jolas eremua
Toki zabal bat, oztoporik gabekoa.
Denbora
10 minutu.
Materiala
Ez da beharrik.
Aldaerak
Oilo eta txiten ordez, beste animalia batzuk izan daitezke.
Ebaluazioa
Erreparatu ea taldeak ondo pasatu duen eta parte hartzaileen arteko harremanak pixka bat naturalagoak diren.