ROL JOKOA
Helburuak
Jendeak egoera edo gertaera zehatzen aurrean nola erreakzionatzen duen eta nolako jarrerak hartzen dituen aztertzea.
Parte hartzaileak
+6
Garapena
Hiru-bost kideko talde txikitan zatituko dugu taldea.
Hainbat eztabaidagai eskainiko ditugu, talde bakoitzak bat aukeratu eta landu dezan.
Talde bakoitzeko kideek aukeratutako gaiaren inguruan hitz egingo dute euren artean eta egokitu zaizkien paperak prestatuko dituzte, pertsonaia bakoitzak bizitza errealean erabiltzen dituen argudioak aztertuz.
Talde bakoitzak bere istorioa edo argumentua prestatuko du, behar bezala aurkeztu ahal izateko. Kasu honetan, garrantzitsua da garbi geratzea nolakoak izango diren pertsonaien jarrerak eta erreakzioak. Eta horrenbestez, taldea prest egongo da istorioa aurkezteko eta eztabaida egiteko.
Parte hartzaileak zirkuluerdian jarrita daudela, talde bakoitzak bere “obra” aurkeztuko du.
Antolaketa
Jarduera hau egokia izan daiteke gai bat aztertzen hasteko unean erabiltzeko, gaiaren diagnostiko bat eginez; edo lantzen ari garen gaiaren alderdi batean sakontzeko; edo, gai baten azterketa amaitzean, ondorioak aurkezteko.
Jolas eremua
Lan aretoa.
Denbora
20 minutu.
Materiala
Ez da beharrik.
Aldaerak
Teknika hau honetarako ere erabil daiteke:
Pentsatzeko modu desberdinen inguruan eztabaidatzeko, antzeztea egokitu zaizkigun pertsonaiek aldezten dituzten jarrerak aldeztu beharko baititugu, eta ez bakarrik geure ideiak. Horregatik, paper horiek prestatzeko behar besteko informazioa izatea komeniko da (egunkariak, dokumentuak, komunikatuak, etab.).
Pertsona batek iraganeko gertaera batean izandako papera ebaluatzeko, egoera horren aurrean nola jokatu zuen garbi ikusi ahal izateko.
Talde bat jarduera bat prestatu nahian dabilenean, jarduera hori nola prestatu, nola jokatuko dugun, nolako jarrerak topatuko ditugun jakiteko.
Talde edo kolektibo baten barruan sor daitezkeen arazoak edo egoerak argitzeko. Kasu horretan, taldeko kideek beste lagun baten papera jokatuko dute, errealitatean nola ikusten duten antzeztuko dute. Horrela, taldeak bere burua ikusiko du jokalari horietan islatuta.
Gomendioak
Eztabaidak pertsonaien portaeran eta nork bere paperean erabilitako argudioetan jarri behar du arreta.
Garrantzitsua da jarduera aldez aurretik prestatzea, zein paper jokatu behar ditugun jakiteko.
Ebaluazioa
Erreparatu ea antzezpenetan azaldu beharreko portaerak eta argumentuak behar bezala azaltzen diren.