Skip to main content

LAGUN SEKRETUA


LAGUN SEKRETUA

Helburuak

Taldekideen artean laguntasun eta integrazio giroa sortzea.
Taldekideen bertuteak eta balioak ezagutzea.
Besteenganako konfiantza handitzea.

Parte hartzaileak

+8

Garapena

Parte hartzaile bakoitzeko papertxo eta arkatz bana banaturik, izena idazteko eskatuko diegu.
Papertxoa tolesteko eta poltsan sartzeko eskatuko diegu.
Poltsako papertxo guztiak nahastu ondoren, bat ateratzeko eta bere golkorako irakurtzeko eskatuko diegu parte hartzaile guztiei, banan-banan. Norbaitek bere izena ateratzen badu, berriro sartu beharko du papertxoa poltsan, tolestuta, eta beste bat atera.
Parte hartzaile bakoitzak bere papertxoa duenean, azalduko diegu ez diotela inori esan behar nor egokitu zaien, are gutxiago papertxoan azaltzen den izenaren jabe den pertsonari, hots, beren lagun sekretua izango denari. Helburua hau izango da: egokitu zaien pertsonaren jokabidea behatzea, eta nolako bertuteak eta balioak dituen idatziz jasotzea. Behin jarduerarako hitzartutako denbora amaituta (egun oso bat izan daiteke, aste oso bat, lantegiak edo topaketak irauten duena), bakoitzak gutun bat idatziko dio bere lagun sekretuari, berari buruz zer iritzia duen azalduz. Ondoren, bakoitzak berari idatzi dioten gutuna hartu eta bere artean irakurri du. Hurrengo egunean, elkarrekin partekatuko dituzte behaketa lanak eta gutunaren irakurketak piztutako sentimenduak.

Jolas eremua

Edozein.

Denbora

15 minutu.

Materiala

Paperak eta arkatzak; kutxa edo poltsa bat, bertan izenak nahasteko.

Aldaerak

Jarduerarako denbora dinamizatzailearen interesen arabera luzatu edo laburtuko da.
Egokitu zaien pertsonarekin adeitsu jokatzeko eska diezaiekegu (opariak eginez, mezuak utziz, etab.), baina susmorik piztu gabe.

Gomendioak

Gogorarazi parte hartzaileei jolas honen helburua elkar hobetu ezagutzea eta, aldi berean, elkarrekin ondo pasatzea dela.
Lagunari idatzi behar dioten gutunak positiboa izan behar du; inoiz ez negatiboa edo pertsona hori zauritzeko asmoz egina.

Ebaluazioa

Entzun zer dioten taldekideek bizitako sentimenduak azaltzen dituztenean, nork bere lagun sekretuaren gutuna irakurri osteko egunean.

Close Menu