Skip to main content

IDEIA ZAPARRADA TXARTELEKIN


IDEIA ZAPARRADA TXARTELEKIN

Helburuak

Parte hartzaileek gai jakin buruz dituen ideiak partekatzea, eta denen artean sintesi bat egitea, ondorio edo akordio komunetara iristea.
Teknika hau honetarako erabil daiteke:
Taldeak gai jakin bati buruz dakienaz edo pentsatzen duenaz diagnostiko bat egiteko; taldean eztabaidatu edo sakonduko da gero gai hori.
Jada eztabaidatutako gai bati buruzko ondorioak prestatzeko.
Ekintza zehatzak planifikatzeko.
Egindako lanak ebaluatzeko.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Galdera edo eztabaidagai bat planteatuko dugu, taldean ideia zaparrada bat eragiteko.
Parte hartzaile bakoitzak galderak iradoki dion ideia bat (edo gehiago) idatziko du postit batean (edo batzuetan), eta arbelean edo kartoi mehe handi batean itsatsi.
Parte hartzaile guztiek euren ekarpenak egin ondoren, taldeak ideiak sailkatuko ditu, ordena jakin baten arabera edo irizpide jakinik gabe. Adibidez:
Taldeko kide bati bere txartela irakurtzeko eta horman itsatsita jartzeko eskatuko diogu. Gero, beste inork antzeko ideia daraman txartelik badu, hura irakurtzeko eta aurrekoaren azpian jartzeko eskatuko diogu. Hala, ideia bera edo bertsua idatzita daramaten txartel guztiak bata bestearen azpian jarriko dira. Eta horrela hurrenez hurren, parte hartzaile guztiek idatzitako txartel guztiak horman itsatsita utzi arte, hainbat zutabetan sailkatuta. Zutabe bakoitzeko txartelak banan-banan berriro aztertu ondoren, eta haien edukia berrikusi ondoren, bere saileko txarteletan nagusi den ideia sintetizatuko duen izen bat emango diogu zutabe bakoitzari.
Behin txartel guztiak era horretan sailkatu ondoren, taldeari txartelen edukien sintesia egitea eskatuko diogu, eta gai baten alderdi desberdinen ikuspegi ordenatu eta bateratu bat izatea lortuko dugu hala.
Beste aukera bat da zutabe batzuk aldez aurretik prestatuta edukitzea. Adibidez: lorpenak/zailtasunak; kausak/ondorioak; epe laburreko irtenbideak/epe luzeko irtenbideak; etab.
Behin zutabeak osatu eta aztertu ondoren, bozketa bat egin dezakegu zutabe bakoitzeko, lantzen ari garen gaiaren alderdietako bakoitzari zenbaterainoko garrantzia ematen diogun ikusteko, garrantzia handienetik txikienerako hurrenkeran.
Teknika honetan, txartelak ordenatzeko modua da garrantzitsuena; taldeak gai batzuen inguruan dituen ideiei buruzko ikuspegi garbi bat lortuko dugu horrela, eta gainera, grafikoki adierazita geratuko da zer alderditan biltzen den taldearen iritzi kopurua handiena.

Antolaketa

Materiala aldez aurretik prest eduki.
Taldeari maiz galdetu ea ados dagoen txartel bakoitza kokatu den zutabean kokatu izanarekin, eta aldian behin, eman diren iritzien sintesi laburrak egiteko eskatu.
Talde bakoitzak erabaki behar du txartela zer zutabetan kokatu. Taldearen irizpidea da kontuan hartu beharrekoa, ez koordinatzailearena.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

45 bat minutu.

Materiala

Postit-ak edo txartelak eta bolalumak.
Zeloa edo blue-tack.

Aldaerak

Ideiak jada idatzita dituzten txartelak bana daitezke, taldeak berak erabakitako irizpidearen arabera ordena ditzan.

Gomendioak

Garrantzitsua da parte hartzaileek, txartela irakurri ondoren, haren edukia ahoz osatzea, labur bada ere. Horrek gogoeta elementu zabalagoak emango dizkigu eta ideiak kideetako bakoitzaren testuinguru partikularrean kokatzen lagunduko digu.

Ebaluazioa

Erreparatu ea ideia nagusiak aipatu diren eta behar bezala sailkatu diren.

Close Menu