HOROSKOPOA
Helburuak
Taldeak modu dibertigarri batean eratzea.
Norberaren nortasuna hobeto ezagutzea.
Parte hartzaileak
+15
Garapena
Jarduera aurrera eramateko behar beste talde egingo ditugu, parte hartzaileen jaiotze dataren edo horoskopo zeinuaren arabera osatuta. Parte hartzaileak horoskopo zeinuak baino gutxiago badira, talderik gabe geratzen direnak beren elementuaren arabera sailkatuko ditugu, elementu bera duten besteekin batera nahastuta. Elementuak hauek dira: lurra, ura, airea eta sua.
Hona zer elementu dagokion horoskopo zeinu bakoitzari:
1. Capricornus – 12/21-01/20 *LURRA
2. Akuario – 01/21 – 02/20 *AIREA
3. Pisces – 02/21 – 03/20 *URA
4. Aries – 03/21 – 04/20 *SUA
5. Taurus – 04/21 – 05/20 *LURRA
6. Gemini – 05/21 – 06/20 *AIREA
7. Cancer – 06/21 – 07/20 *URA
8. Leo – 07/21 – 08/20 *SUA
9. Virgo – 08/21 – 09/20 *LURRA
10. Libra – 09/21 – 10/20 *AIREA
11. Scorpius – 10/21 – 11/20 *URA
12. Sagittarius – 11/21 – 12/20 *SUA
Papertxotan idatziko dugu talde bakoitzeko kideen izena.
Papertxoak lan aretoko hainbat txokotan utziko ditugu, eta talde bakoitzak txoko horietako batean egingo du hurrengo jarduera.
Parte hartzaileak lan aretoan sarrarazi, eta izena idatzita aurkitzen duten txokoan esertzera gonbidatuko ditugu.
Ez dugu taldeak osatzeko erabilitako irizpidea zein izan den azalduko, eta parte hartzaileek beren txokoa aurkitu bezain laster, jarduerari ekingo diogu.
Antolaketa
Lan aretoak behar bezala prestatuta egon behar du parte hartzaileak azaltzen direnerako. Taldeak osatzeko lana aldez aurretik egitea komeni da, lan horrek uste baino denbora gehiago har bailiezaguke. Lan aretoan hainbat txoko prestatuko ditugu, batetik bestera tarte bat utzita, taldetxo bakoitzak kontzentrazio osoz (hau da, gainerako taldeen ahotsek arreta galarazi gabe) lan egin ahal izateko modua izan dezan.
Jolas eremua
Lan areto zabal bat.
Denbora
20 minutu aldez aurretiko prestalanetarako, 5 minutu bertan eman beharreko azalpenetarako.
Materiala
Parte hartzaileen jaiotze datak, orriak eta idazteko materiala.
Aldaerak
Izaera testak egin ditzakegu, eta parte hartzaileen izaeraren araberako taldeak osatu.
Gomendioak
Talde hauek iraupen luzeko jardueretan erabiltzea komeni da, lan handia baita taldeak modu horretan osatzea.
Hitz egitea, helburu jakin batekin antolatzea… eskatzen duten jardueretan erabili beharko litzateke sailkapen modu hau, emaitza ikusgarriagoa izan dadin.
Jarduera amaitu arte ez aipatu parte hartzaileei zein irizpide erabili dugun taldeak osatzeko orduan.
Ebaluazioa
Lana aurrera ateratzeko modu desberdinak egon daitezke, taldeak elementu batekoak edo bestekoa izan. Ez litzateke harritzekoa elementutzat lurra duten taldekoak, adibidez, ordenatuak eta egonkorrak izatea, helburuak garbi dituzten horietakoak; sua elementuaren taldekoak, berriz, baliteke builosoagoak izatea, besteak baino oldarkorragoak, etab; aire elementuaren taldeko pertsonak patxadatsuagoak izango dira seguru aski, eta sortu ahala egingo dute lana, aurretik gehiegi planifikatu gabe, banakotasunetik taldera; ur elementuren taldekoek denen ekarpenak baliatuko dituzte eta modu erraz eta arinean batuko dituzte batzuk besteekin, eztabaida handitan sartu beharrik gabe.
Antzezpen bat egitea eskatzen bazaie, baliteke ere elementu horiek lanean islatuta agertzea.
Posible da, ordea, horrelako ezer ez gertatzea. Begiratu ea zer gertatzen den.