Skip to main content

HERRIAK AGINTZEN DIZUE…


HERRIAK AGINTZEN DIZUE…

Helburuak

Jolastuz gozatzea.
Kontzentrazioari erne eustea.
Gorputza eta gogoa aktibatzea.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Taldea guri begira jarriko da, ilara batean; asko badira, bat baino gehiagotan.
Hainbat agindu emango ditugula azalduko diegu, eta haiek aginduak bete beharko dituztela, baldin eta aurretik kontsigna hau bota badugu: “Herriak agintzen dizue”. Adibidez: “Herriak agintzen dizue… eskuin besoa jasotzeko”.
Kontsigna bota ezean ez dutela zertan agindua bete gogoraziko diegu. Emandako agindua ez betetzea edo kontsigna eman aurretik betetzea falta kontsideratuko da. Falta kontsideratuko da, halaber, okerreko kontsigna ematen denean betetzea; adibidez: “Herriak eskatzen dizue…”
Tarte bat utziko dugu zalantzak argitzeko edo galderei erantzuteko, halakorik balego.
Dinamika bizi-bizi joan dadin, aginduak elkarren segidan eta azkar emanez ekingo diogu jolasari.

Antolaketa

Jolasak dibertigarria izan behar du. Horretarako, kontsigna zuzenak eta okerrak txandakatu behar dira, jokalariaren arreta beti erne mantentzeko eta jolasa errepikapen mekaniko eta aspergarria bihurtzeko arriskuan ez erortzeko.

Jolas eremua

Oztoporik gabeko leku bat, aire zabalean zein estalpean, parte hartzaile guztiak elkarri trabarik egin gabe sartzeko bestekoa.

Denbora

10 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Agindu emailea parte hartzaileetako bat izan daiteke; jolasa aldez aurretik ezagutzen duen bat baldin bada, hainbat hobe, dinamika bizi-bizi joan dadin. Kasu horretan, dinamizatzailea taldeko beste kide bat bezalako arituko da.
Huts egiten dutenek jolasa utziko dute, eta gelditzen den azkena izango da irabazela.

Gomendioak

Partaideak nahasarazteko, agindu zuzen batzuk eman azkar-azkar, eta bat-batean, oker bat. Adibidez:
Herriak agintzen dizue… buruan hazka egiteko.
Herriak agintzen dizue… mingaina ateratzeko.
Herriak agintzen dizue… ezker oina altxatzeko.
Herriak agintzen dizue… burua astintzeko.
Eta oihu egiteko!

Ebaluazioa

Erreparatu ea jolasak dirauen bitartean parte hartzaileek barre egiten duten edo ondo pasatzen duten.

Close Menu