HARANTZAGO BEGIRA
Helburuak
Kontzeptuen abstrakzioa eta asoziazioa egiteko gaitasuna garatzea.
Termino bati buruz egin daitezkeen interpretazio desberdinak analizatzea, jendearen esperientzia zehatzetatik abiatuta.
Talde bati antolatzen laguntzea.
Parte hartzaileak
+10
Garapena
Parte hartzaile bakoitzeko paper bana eta arkatz bana banatuko dugu.
Taldearekin landu nahi dugun gai bati buruzko galdera bat idatziko dugu arbelean.
Parte hartzaile bakoitzak bere erantzuna idatziko du.
Lau bat laguneko taldetxoak egingo ditugu eta lan aretoko toki batean elkartuko gara.
Esango diegu tarte bat utziko diegula erantzunak partekatzeko eta diskurtso propio bat sortzeko, talde nagusiaren aurrean ahozko azalpena egin baino lehen. Ideia nagusiak orri batean idatz ditzakete, edo aurkezpen grafiko bat presta dezakete.
Tarte bat utziko dugu lanerako (25 bat minutu).
Talde bakoitzaren ardura izango da denbora hori kontrolatzea.
Taldeak lanean ari diren bitartean, taldez talde ibiliko gara zalantzak ote dituzten ikusteko edo ematen dituzten erantzunen jarraipena egiteko.
Adostutako denbora amaitutakoan, biribilean jartzera eta lanen aurkezpena egitera gonbidatuko dugu taldea.
Taldeek lanen aurkezpenak egiten dituzten bitartean, arbelean idatziko ditugu talde bakoitzaren ideia nagusiak; hainbat taldek ideia bera azaltzen dutenean, hala jakinaraziko diegu interesatuei, eta lanetan soberan edo faltan diren elementuak identifikatzen lagunduko diegu galdera orientatzaileak eginez.
Antolaketa
Prest eduki behar dugu lanari hasiera emango dion galdera edo premisa, eta aldez aurretik pentsatu zein izan litekeen taldearen erantzuna; izan ere, erantzun horren arabera diseinatuko ditugu amaierako eztabaida gidatzeko erabiliko ditugun galderak.
Jolas eremua
Lan aretoa, ahal bada lanerako mahaiez eta aulkiez hornitua.
Denbora
35-40 minutu.
Materiala
Arbela, orriak, idazteko materiala, lanerako mahaiak eta aulkiak.
Aldaerak
Azalpenak bukatzean, amaitutzat eman dezakegu jarduera; bestela, eredu bat sor dezakegu, taldeen erantzunetan oinarritua.
Gomendioak
Arretaz jarraitu behar dugu talde bakoitzean ematen den prozesua, parte hartzaileei prozesu horietan orientatzen laguntzeko.
Ebaluazioa
Erreparatu banaka zein taldeka egindako ekarpenei eta entzun ematen diren azalpenak, azaldutako gaia zenbateraino barneratu den neurtzeko.