Skip to main content

DANBA!


DANBA!

Helburuak

Jolastuz gozatzea.
Kontzentrazioa eta memoria garatzea.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Parte hartzaileak biribilean jarraraziko ditugu, zutik edo eserita.
Jolasa zertan datzan azalduko dugu: zenbakiak banan-banan esaten hasiko gara, baina hiruren multiplo bat (3, 6, 9, 12, …) edo hiruz amaitzen den zenbaki bat (3, 13, 23, 33, …) esatea egokitzen zaionak “DANBA!” esan beharko du zenbakiaren ordez, eta txalo jo, aldi berean. Ondoren, biribileko hurrengo lagunak aurrera jarraituko du, dagokion zenbakia esanez. Adibidez: jolasari ekiten dionak “BAT” esango du, hurrengoak “BI”, hurrengoak “DANBA!” esango du, txalo jotzeaz batera, hurrengoak “LAU”, etab.
Pertsona batek okerreko zenbakia esaten badu, edo, “DANBA!” esatea dagokionean, esaten ez badu, “BAT” zenbakitik zenbatzen hasiko gara berriro.
Boluntario bat eskatuko dugu jolasari hasiera emateko, eta nahikoa iritzi arte arituko gara jolasean.

Antolaketa

Ez dago beharrik.

Jolas eremua

Parte hartzaile guztiak biribilean jarrita sartzeko bestekoa.

Denbora

15 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Beste edozein zenbaki edo multiplo proposa daiteke.
Txalo jo eta “DANBA!” esan ordez, beste keinu bat egin eta beste hitz bat esan daiteke.

Gomendioak

Jolasa dibertigarria izango bada, azkar esan behar dira zenbakiak. Erantzuteko orduan norbait denbora gehiegi luzatzea (5 bat segundo) hutsegitetzat hartuko da, eta kasu horretan, hasieratik hasiko gara berriro.

Ebaluazioa

Erreparatu ea jolasak dirauen bitartean parte hartzaileek barre egiten duten edo ondo pasatzen duten.
Erreparatu ea parte hartzaileek zenbaki zuzena esateko ahalegina egiten duten eta proposatutako erronkaren aurrean jarrera positiboa erakusten duten.

Close Menu