AUTO-GARBITZEKO MAKINA
Helburuak
Parte hartzaileen konfiantza handitzea, bai gizabanako gisa, bai taldekide gisa.
Jolastuz gozatzea.
Taldea kohesionatzea.
Erlaxatzea.
Parte hartzaileak
+4
Garapena
Bi ilaratan jarraraziko ditugu parte hartzaileak, bata bestearen aurrean.
Auto-garbitzeko makina bat egingo dugula azalduko diegu. Horretarako, pertsona batek autoarena egingo du, eta sortu dugun korridorearen erditik pasatuko da. Ilaratan daudenek masajeak eta laztanak egingo dizkiote autoarena egiten duen pertsonari, aurretik pasatu ahala.
Jolas honen helburuetako bat erlaxatzea da; horregatik, “autoak” poliki-poliki pasatuko dira korridoretik, bikote bakoitzaren aurrean geldialdiak eginez. Auto-garbitzeko makinaren masaje eta laztanek (oinetatik bururainokoa) gozoak eta atseginak izan behar dute.
Bukaerara iristean, autoarena egin duen pertsona ilaran jarriko da, eta ilararen beste muturrean lehen tokian geratzen dena sartuko da korridorean.
Jarduera hastean, dena ondo doan begiratuko dugu. Behar izanez gero, geuk ere taldeko beste batek bezala hartuko dugu parte.
Denek masaje eta laztan saioa hartzen dutenean etengo dugu jolasa.
Hala komeni dela ikusiz gero, tarte bat utziko dugu parte hartzaileek bizitako esperientzia eta sentsazioak parteka ditzaten.
Antolaketa
Musika lasaia dezakegu, erlaxazio giroa sortzeko. Eta aretoko argiak erdi itzalita utzi, intimitate giroa sortzeko..
Jolas eremua
Edozein.
Denbora
25 bat minutu, parte hartzaileak zenbat diren.
Materiala
Musika lasaia (aukerakoa).
Aldaerak
Taldea oso handia bada, lauzpabost laguneko zirkuluetan banatuta egin dezakegu jolasa, desfilatzen ibili beharrik gabe.
Gomendioak
Tartetxo bat utzi hasieran, inork gorputza (edo gorputz atalen bat) uki edo laztan diezaioten nahi ez badu hala adieraz dezan.
Autoarena egiten duten pertsonak begiak ixtera eta gorputz-gogoak lasaitzera gonbidatuko ditugu, masajea are gozagarriagoa izan dadin.
Ebaluazioa
Erreparatu ea taldeak ondo pasatu duen eta parte hartzaileen arteko harremanak pixka bat naturalagoak diren.