Skip to main content

ALFONBRA MAGIKOA


ALFONBRA MAGIKOA

Helburuak

Parte hartzaileen konfiantza handitzea, bai gizabanako gisa, bai taldekide gisa.
Jolastuz gozatzea.
Taldea kohesionatzea.

Parte hartzaileak

+8

Garapena

Parte hartzaileei jolas bat egitera goazela azalduko diegu:
Pertsona bat (“alfonbra”) ahoz gora etzango da lurrean, luze-luze, besoak gorputzari itsatsia dituela. Gainerakoetako bat burualdean kokatuko da eta besteak alboetan. Belauniko jarririk, eskuak eta hatzak elkartuko dituzte, hatz erakusleak erdian dagoen pertsonaren gorputzaren azpian sartuta, luze-luze jarrita.
Kontu handiz, “alfonbra” altxatuko dute ahal duten beste, eta airean eutsiko diote hainbat segundotan (batera eta bestera kulunkatuz edo kulunkatu gabe). Gero, poliki-poliki, lurrean pausatuko dute berriro.
Ariketa hau isilik egin behar da eta mugimenduek leunak izan behar dute. Kontu handiz ibili behar da etzanda dagoen pertsonaren buruarekin, kolperik har ez dezan.
Dinamikari ekin baino lehen, alfonbrarena egin nahi duenik ba ote dagoen galdetuko dugu.
Hala nahi duten guztiekin errepikatuko dugu jolasa.

Antolaketa

Alfonbra bakoitzari eusteko, 7 pertsona beharko dira gutxienez: hiru gorputzaren albo bakoitzean (hankak, gerria, bizkar-sorbaldak) eta bat buruan. Beraz, parte hartzaileak zenbat diren, talde gehiago edo gutxiago egingo ditugu.

Jolas eremua

Toki itxi bat, erosoa.

Denbora

20 minutu, parte hartzaileak zenbat diren.

Materiala

Musika lasaia (aukerakoa).

Gomendioak

Parte hartzaileak alfonbrarena egitera animatuko ditugu, baina ez dugu inor behartuko egin nahi ez duena egitera.

Ebaluazioa

Erreparatu ea taldeak ondo pasatu duen eta parte hartzaileen arteko harremanak pixka bat naturalagoak diren.

Close Menu