Skip to main content

ZER ORDU DA?

Partaide kopurua

Gutxienez 3 (hobe gehiago)

Informazio Praktikoa

Itsuka egiteko jolasak oso ezagunak dira. Aspalditik erabiltzen dira eta jolasteko modua oso antzekoa da toki guztietan. Kultura askotan jaso da itsuka jolasteko ohitura. Gainera, badirudi garai batean helduen artean ere itsuka aritzen zirela, Goyaren margo famatuan ikus daitekeen bezala. ZER ORDU DA? izenarekin ezagutzen den jolasa ohiko itsuka jolasa da. Hemen jaso dugun jolasteko modua eta abestiaren hitza Etniker Taldeak Zerainen jasotako aldaerari dagokio. Abestiaren musika Antxon Sarasuak eta Jon Arrutik moldatu dute.

Espazioa

Edozein

Aldaerak

*abestiaren hitzak aldatuz
Lekuona ikerlariak abestiaren hitzak beste modu batean jaso zituen. Hona hemen Lekuonak jasotako aldaera:

ORDU BATA JO DU? —EZ
ORDU BIAK? —EZ
HIRURAK? —EZ
(…)
HAMABIAK? —BAI
NIRE OPILA ERRE DA? —BAITA ERRETA JAN ERE
NIRETZAT ZER DA? —TXAKURRAREN BOST ARRAUTZAK.

Azalpena

1. Zotz egin ondoren “itsua” nor izango den aukeratuko dugu. Itsuari begiak estali ondoren beste jokalariak biribilean jarriko dira, itsua erdian hartuta.

2. Biribileko jolaskideak bueltaka hasiko dira, eta itsuarekin batera abestia abestuko dute elkarrizketan ariko balira bezala:

  • Itsua: ZER ORDU DA?
  • Taldea: ORDU BATA
  • Itsua: ZER ORDU DA?
  • Taldea: ORDU BIAK 
(…)
  • Itsua: ZER ORDU DA?
  • Taldea: HAMABIAK
  • Itsua: NIRE OPILA ERRE AL DA?
  • Taldea: ERDIA BAI ETA ERDIA EZ
  • Itsua: BESTE ERDIA NOIZKO?
  • Taldea: BIHAR GOIZEAN TXOKOLATEA HARTZEKO!

3. Azkeneko esaldia abesterakoan kirrinkiloan daudenak gelditu egingo dira eta itsuak bat harrapatuko du. Harrapatutakoa ukituz nor den asmatu beharko du itsuak. Asmatzen badu nor harrapatu duen, harrapatutakoa jarriko da itsuarena egiten. Bestela, berriz, itsuak beste jolaskideren bat harrapatu beharko du.

Esamoldeak

  • ITSUKA IZENDATZEKO ERAK
    (Azkuek “Euskalerriaren Jakintza”n itsuka jolasteko bildu zituen izenak):BATU PAREAKA (Gernika)
    BULEKA (Oiartzun)
    EPETX ALA PEXKA (Markina)
    ERROZ-ERROZ (Orio)
    GORDEKA (Donostia)
    ITSU ITSUKA (Lekeitio, Arroa)
    ITSUKA (Baztan)
    ITSU KAPELUKA (Ultzama)
    ÜTSÜ MANDOKA (Garazi)
    UTSI UTSIKA (Erronkari)
    KUKULI KORKETA (Lesaka)
    LABA-LABAKA (Bermeo, Oñati)
    SAGAR USTELKA (Arrasate)
    SOLOMOSU (Donostia)
    SORMOTZO (Etxarri Aranatz)
    TATARRAKETA (Amezketa)
    TXORIA MARTOLOKA (Gorostiza)
    ZAPOKA (Baztan)
    ZOMORRO MAMORRO (Donostia)
    ZARZARREN (Lezo)
  • BIRIBILEAN:
    Kirrinkiloan, errondan, korroan.
    Adibidez:
    Jolasa hasteko jokalari guztiak biribilean (kirrinkiloan, korroan, errondan) jarriko dira.
  • ITSU IZAN
    Txito izan, zigortua, bete izan (jolas honetan, zapiarekin begiak estaltzen zaizkiona).
    Adibidez:
    Nor da itsu?
    Zozketa egin ondoren, Joxepari egokitu zaio itsu izatea. Beraz, Joxepak beteko du.
  • HUTS EGIN:
    Gaizki egin, kale egin, txarto egin (jolas honetan, itsu denak taldekiderik ez harrapatzea).
    Adibidez:
    Peiok huts egin du, ez baitu Miren harrapatu.

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
entzumenezko eta mugimenduko jokoa.
  • Jokaera kognitiboak:
sentipen-mugimenduzko jokaera erritmikoa: errepikapena. 
eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
  • Trebetasun funtzionalak:
ikerketa: lekualdatzea. Eraginkortasuna: ukimen zorroztasuna.
  • Alderdi sozialak:
mota mistoko harremana (gizabanako-gizabanakoa eta talde motakoa).

Abestia

Zer ordu da?

ordu bata

Zer ordu da?

ordu biak

(…)

Zer ordu da?

hamabiak

Nire opila erre al da?

erdia bai eta erdia ez

Beste erdia noizko?

bihar goizean txokolatea hartzeko!

Baliabideak

Zapia

Close Menu