Skip to main content

BALOIA HANKAPEAN

Partaide kopurua

Gutxienez 3 (hobe gehiago)

Informazio Praktikoa

Baloi jolas hau ez da oso ezaguna. Gure inguruan nahiko jolas berria dela esan daiteke. Oso jolas dibertigarria da, tentsio handia sortzen baita. Gainera inor ez da bazterrean gelditzen, zutik geratzen direnek ere garrantzi handiko zeregina betetzen baitute jolas honetan.

Espazioa

Nahiko toki zabala

Aldaerak

*baloi bat baino gehiagorekin
Taldea oso handia bada, baloi bat bainogehiago erabil daitezke. Modu honetan errazagoa izango da “golak” sartzea. Bestela, talde handia dugunean jolasa aspergarria izan daiteke.

Azalpena

1. Jolaskide guztiak biribilean jarriko dira barrura begira. Hankak zabaldu behar dituzte, elkarren oinak ukitzen dituztela. Honela zubi moduko bat osatuko da jolasaren partaide bakoitzaren hanken artean.

2. Jolasaren helburua baloia besteren hanken azpitik sartzea da, eta norberaren hanka azpitik baloia ez pasatzea. Baloia eskuekin soilik uki daiteke, ordea. Jolasa hasten denean baloia biribilaren erdira botako da eta hurbilen duenak eskuarekin kolpe bat joko dio beste norbaiten hanka azpian “gola” sartzeko.

3. Norbaiti gola sartuz gero, buelta erdia eman beharko du honek. Hau da, hortik aurrera jolasa biribilaren kanpoaldera begira egingo du. Lagun berari beste gol bat sartuz gero, zutitu egin beharko du eta jolasa bukatu arte besoak gurutzatuta edukiko ditu. Gainera, hortik aurrera ezingo du baloia eskuekin ukitu. Hala ere, hankekin zubia egiten jarraituko du.

Jokalari batek baloia zutik dagoen jokalari baten hanka azpitik sartzen badu bere buruari gola sartzea bezala izango da. Beraz, jolaskideek saiatu behar dute besteei gola sartzen, baina zutik daudenei gola sartu gabe.

4. Jolasa bukatzen da jokalari guztiak, bat izan ezik, besoak gurutzatuta zutik daudenean.

Taldea oso handia bada, baloi bat baino gehiago erabil daitezke. Modu honetan errazagoa izango da “golak” sartzea. Bestela, talde handia dugunean jolasa aspergarria izan daiteke.

Esamoldeak

  • BIRIBILEAN:
    Kirrikiloan, errondan, korroan. Adibidez: Jolasa hasteko, jokalari guztiak, biribilean (kirrikiloan, korroan, errondan) jarriko dira.

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
Mugimendu eta adimen estrategiazko jolasa
  • Jokaera kognitiboak:
eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua
  • Trebetasun funtzionalak:
ikerketa: mugimendu dinamikoa espazioan. Eraginkortasuna: trebetasuna, erresistentzia eta kontzentrazioa
  • Alderdi sozialak:
bana-banako harremana: gizabanakoa-gizabanakoa

Baliabideak

Baloia

Close Menu