Skip to main content

TXORRO MORRO

Partaide kopurua

Gutxienez 5 (hobe gehiago)

Informazio Praktikoa

Jolas hau oso ezaguna zen orain dela urte gutxi arte. Euskal Herriko bazter gehienetan ezaguna zen, nahiz eta jolasteko moduetan aldaera txiki batzuk baziren. Joko hau, eta antzekoak oso zaharrak omen dira. Joxe Migel Barandiaranek Ataun inguruan KONTZALO jokoaren bukaeran astoka aritzen zirela jaso zuen eta Europako beste zenbait jolasekin alderatuz ezaugarri komunak sumatu zituen. Euskaraz “Anda, manda, zenbat behatz” esaten zen, Galizian “De codín, de codín” esaten zuten, Andaluzian “Recotín, recotín” eta erromatarrek “Bucca, bucca quot sunt hic?”.

Jolas honen aldaera nagusia bukaeran egiten den galdera da: “Anda manda zenbat behatz?” edo “Alamar, zure lepoan zenbat atzapar?” (hatz kopurua asmatu behar da), “zein da paperaren aldea?”(papera zein aldetan dagoen asmatu behar da), “lapikoa, guraizea, labana…?” (hatzekin egiten den ikurra asmatu behar da).

Espazioa

Nahiko toki zabala

Aldaerak

*gozoki paperarekin
Erakutsitako hatza zein den asmatzea batzuetan zaila suerta daiteke, aldiko bost aukera baitira. Horren ondorioz, askotan eginkizun bera betetzen luzaro jardun behar izaten du talde bakoitzak, zereginak aldatu beharrik gabe. Hori hala izan ez dadin, TXORRO MORRO PIKO TAILO KE erabili ordez, gozoki baten papertxoa erabil daiteke. Salto egin behar duen taldeak salto egin aurretik papertxoa harri baten azpian utziko du astoarena egin behar duen taldeak ikusi gabe. Salto egin ondoren astoen taldeak papera zein aldetara begira dagoen asmatu beharko du, hau da, kolorea duen aldea gora begira dagoen edo kolorerik ez duen aldea den gora begira dagoena.

Azalpena

1. Jolas honetan parte hartuko duten guztiak bi taldetan banatuko dira. Beste lagun bat “epailea” izango da eta pareta edo zuhaitz baten kontra zutik jarriko da. Bi taldeen artean zozketa egingo da “astoarena” zeintzuk egingo duten erabakitzeko eta zeintzuk egingo duten salto.

 

2. Astoarena egiten dutenen artean lehen jolaskideak burua makurtu eta agintariaren hanken artean jarriko du. Beste taldekide guztiak ilaran jarriko dira, burua aurrekoaren hanken artean sartuta.

 

3.Beste taldekoek banan-banan “astoen” gainean salto egingo dute. Lehenengo saltokariak agintariengandik ahalik eta gertuen geratzen saiatuko dira atzetik datozenei tokia uzteko.

 

4. Azpian daudenek saltokarien pisua jasan ezin badute eta erori egiten badira, berriro hasieratik hasi beharko dute. Salto egiteko garaian ere arau batzuk bete behar dira: salto egin ondoren ezin da oinekin lurra ukitu, astoen gainean daudenek ezin dute hanka azpian daudenen gorputzaren azpian sartu, tokia utzi behar da taldekide guztiek sato egiteko.

 

5. Saltokari guztiak astoen gainean daudenean, lehenengo saltokariak eskuaren hatz bat erakutsiko dio epaileari. Epaileak astoen taldeari galdetuko die: TXORRO MORRO PIKO TALLO KE. Azpian daudenek asmatu egin behar dute zein den saltokariak erakutsitako hatza. Hatz bakoitzak izen bat dauka:

Hatz potoloa: TXORRO

Hatz erakuslea: MORRO

Hatz luzea: PIKO

Hatz nagia: TALLO

Hatz txikia: KE

 

6. Azpiko taldeak gainekoek erakutsitako hatza zein den asmatuz gero, jolasa hasieratik errepikatuko da, baina taldeen eginbeharrak aldatuta; asto izan direnak saltokari izango dira. Asmatzen ez badute, berriz, dena hasieratik errepikatuko da ezer aldatu gabe.

Erakutsitako hatza zein den asmatzea batzuetan zaila suerta daiteke, aldiko bost aukera baitira. Hori horrela, askotan eginkizun bera betetzen luzaro jardun behar izaten du talde bakoitzak. Hori hala izan ez dadin, TXORRO MORRO PIKO TAILO KE erabili ordez, gozoki baten papertxoa erabil daiteke.

Salto egin behar duen taldeak salto egin aurretik papertxoa harri baten azpian utziko du astoarena egin behar duen taldeak ikusi gabe. Salto egin ondoren astoen taldeak papera zein aldetara begira dagoen asmatu beharko du, hau da, kolorea duen aldea gora begira dagoen edo kolorerik ez duen aldea den gora begira dagoena.

Esamoldeak

  • GURAIZEA EGITEA:
    Salto egin duen jolaskide batek astoaren azpian hankak sartzea.
  • EPAILEA:
    Jolas honetan, zutik dagoen eta talderik ez duen jokalaria.
  • ASTOAK:
    Makurtuta jartzen den taldeko kideak izendatzeko modua.
  • JOLASA IZENDATZEKO ERAK:
    Txorro Morroka
    Txorro Morro
    Txorro Borro
    Txorro Morro Piko Tallo Ke
    Patainka
    Astoketan

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
mugimendu jokoa
  • Jokaera kognitiboak:
sentipenezko eta mugimenduzko jokaera erritmikoa: errepikapena
  • Trebetasun funtzionalak:
ikerketa: lekualdatzea (saltoa). Eraginkortasuna: arintasuna eta erresistentzia
  • Alderdi sozialak: talde motako harremana

Close Menu