Skip to main content

KILOMETRO BAT OINEZ

Informazio Praktikoa

Goma jolas honetan erabiltzen den abestia Imanol Urbietak argitaratutako Xixupika I liburuan agertzen da. Liburu horretan ez da, dena den, goman jolasteko era hau agertzen, beraz, liburua argitaratu ondorengo moldaera bat da goma jolas hau.

Espazioa

Edozein

Azalpena

1. Gomaren barnealdean hiru, lau, bost… lagun jarriz gero hirukia, laukia, eta abar sortzen da. Gainontzeko taldekideak gomak osatzen dituen aldeetan banatuko dira.

2. Abestiarekin batera jolaskide guztiek honako mugimendu hauek errepikatuko dituzte:

*KILOMETRO BAT OINEZ IBILIZ IBILIZ
KILOMETRO BAT OINEZ…

  • Eskuineko hankarekin goma zapaldu
  • Ezkerreko hankarekin goma zapaldu, eskuineko hanka altxatu gabe
  • Eskuineko hanka gomatik altxatu
  • Ezkerreko hanka gomatik altxatu

Lau mugimendu hauek hiru aldiz errepikatuko dira abestiaren erritmoari jarraituz.

* …BI ZAPATAK HAUTSIZ

  • Gomak osatzen duen irudiaren barruan (hirukia, laukia…) bi pauso emanez eskuinaldera mugituko dira jokalari guztiak.

4. Ondoren abestia berriro hasiko da eta mugimendu berak egingo dira. Jolasa errepikatu egingo da jokalari bakoitza hasieran zegoen tokira itzuli arte. Orduan, aurretik inork hutsik egin ez badu, gomari eusten daudenek goma zangarretan jarriko dute eta berriro kantatzeari ekingo diote.

5. Pixkanaka-pixkanaka goma igotzen joango dira: orkatilak, zangarrak, belaun atzealdeak, ipurdia, gerria, besapeak, lepoa, sudur eta belarri parean, buru gainean, besoak buru gainean luzatuta.

Esamoldeak

  • BETE IZAN
    Betetzea, txito izan, zigortua, itsu izan, izan (jolas honetan goma eusten daudenak)
  • HUTS EGIN
    Gaizki egin, kale egin.
  • GOMARI EUSTEKO ERAK
    orkatiletan: lehenengoa
    zangarretan: bigarrena
    belaunen atzealdean: hirugarrena
    ipurdian: laugarrena
    gerrian: bosgarrena
    besapeetan, galtzarbeetan: seigarrena
    lepoan: zazpigarrena
    sudur eta belarri parean: zortzigarrena
    buru gainean: bederatzigarrena
    besoak buru gainean luzatuta: hamargarrena

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
mugimenduzko eta trebetasunezko jokoa.
  • Jokaera kognitiboak:
sentipenezko eta mugimenduzko jokaera erritmikoa: errepikapena. 
Eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
  • Trebetasun funtzionalak:
ikerketa: lekualdatzea (saltoa). 
Eraginkortasuna: zalutasuna eta arintasuna.
  • Alderdi sozialak:
bana-banako harremana: gizabanakoa-gizabanakoa.

Abestia

Kilometro bat oinez

ibiliz ibiliz

kilometro bat oinez

bi zapatak hautsiz

Baliabideak

Goma

Close Menu