TALDEAK ERATZEKO TEKNIKAK

Askotan, talde txikietan banatuta egin beharko dugu lan. Batzuetan, interes komuneko irizpideak erabiltzen dira talde horiek eratzeko, eta halakoetan, parte hartzaileek elkarrekin duten kidetasun maila edo batzuek eta besteek dituzten trebetasunak kontuan hartuta egiten da banaketa.

Beste batzuetan, berriz, parte hartzaileak taldetan banatzea izango gure asmo bakarra, eta berdin samar izango zaigu zerk elkartzen dituen edo zer duten komunean parte hartzaile horiek. Hori kontuan haturik, taldeak modu sortzaile eta dibertigarri batean eratzen lagunduko diguten dinamika batzuk aurkeztuko ditugu orain.
Dinamika hauetako batzuek bikoteak eratzeko balio dute bakarrik, beste batzuek talde handiak eratzeko, eta beste batzuek, berriz, talde txikiak antolatzeko. Denek badute, ordea, zerbait komunean: eguneroko errutinarekin hausten eta tarte dibertigarri bat pasatzen lagunduko digute, hurrengo jarduerarako lan taldeak antolatzen dihardugun bitartean.

Helburuak

Taldeak modu dibertigarri batean eratzea.
Taldean konfiantza giroa sortzea.

Parte hartzaileak

+8

Garapena

Jarduera hau egiteko, taldea hainbat taldetxotan banatuko dugula azalduko diegu parte hartzaileei. Horretarako, abesti baten izena esango diogu bakoitzari, eta abesti bera egokitu zaien pertsonak bilatu beharko dituzte taldea eratzeko. Aretoan barrena ibiliko dira beren abestia kantatuz eta abesti hori bera kantatzen ari diren pertsonak bilatuz.
Tarte bat utziko dugu zalantzak argitzeko eta galderak egiteko.
Parte hartzaileei ilaran jartzeko eskatuko diegu.
Abesti bat xuxurlatuko diegu belarrira.
Ondoren, jolasari ekiteko seinalea egingo dugu, parte hartzaileak beren taldekideen bila has daitezen.

Antolaketa

Aldez aurretik pentsatuta eduki behar dugu zein abesti abesaraziko ditugun. Abesti ezagunak izan behar dute.

Jolas eremua

Edozein.

Denbora

10 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Abestiak xuxurlatu ordez, abestiaren izena idatzita daramaten txartelak banatu.

Gomendioak

Aldez aurretik erabaki nolako taldeak osatu nahi ditugun, elkarrentzat oztopo izan daitezkeen pertsonak elkarrengandik bananduz eta elkarren lagungarri izan daitezkeenak elkartuz.

Ebaluazioa

Taldeak ondo eratu diren ikusi.

Helburuak

Taldeak modu dibertigarri batean eratzea.
Ez-hitzezko komunikazioa garatzea.

Parte hartzaileak

+8

Garapena

Parte hartzaileak lerro zuzenean jarraraziko ditugu.
Azalduko diegu altueraren arabera ordenatu beharko direla, altuenetik baxuenera, baina elkarrekin hitz egin gabe.
Denbora tarte bat utziko diegu agindutakoa bete dezaten.
Ordenan jarritakoan, jarduera egiteko behar beste talde osatuko ditugu, ilarako bi muturrak elkartuta. Lau laguneko talde bat egiteko, adibidez, ilarako bi altuenak eta bi baxuenak hartuko ditugu.

Jolas eremua

Edozein.

Denbora

10 minutu.

Materiala

Klarion bat (aukerakoa), lurrean lerro bat marrazteko.

Aldaerak

Jarduera bera egin dezakegu parte hartzaileak beste irizpide batzuen arabera ordenatuz: adinaren arabera, izenen ordena alfabetikoaren arabera, etab.

Gomendioak

Jarduera egiteko arazoak dituztenean bakarrik esku hartu.

Ebaluazioa

Ikusi ea ondo ordenatuta kokatu diren.

Helburuak

Taldeak modu dibertigarri batean eratzea.
Taldean konfiantza giroa sortzea.

Parte hartzaileak

Partaide kopuru bikoitia, bikoteak eratu behar baitira.

Garapena

Jarduera hau egiteko, bikoteka banatuko garela azalduko diegu parte hartzaileei. Horretarako, hitz bat, esaldi bat edo zenbaki bat idatzita daukaten txartelak banatuko ditugu, parte hartzaile bakoitzeko bana, eta bakoitzak berea osatuko duen beste hitz, esaldi edo zenbaki bat bilatu beharko du beste parte hartzaileen artean. Horrenbestez, batetik bestera ibili beharko dute aretoan barrena, galderak eginez eta bikotea bilatuz.
Tarte bat utziko dugu zalantzak argitzeko eta galderak egiteko.
Parte hartzaileei ilaran jartzeko eskatuko diegu.
Txartelak banatuko ditugu.
Ondoren, jolasari ekiteko seinalea egingo dugu, parte hartzaileak beren bikotekide osagarriaren bila has daitezen.

Antolaketa

Elkar osatzen duten irudiak, hitzak, zenbakiak… dituzten txartelak eduki behar ditugu prest aldez aurretik. Adibidez: herrialdea/hiriburua, matematika eragiketa/ emaitza, etab.

Jolas eremua

Edozein.

Denbora

10 minutu.

Materiala

Bikote osagarriak osatzen dituzten txartelak.

Aldaerak

Txartelak banatu ordez, belarrira xuxurlatu.

Gomendioak

Aldez aurretik erabaki nolako taldeak osatu nahi ditugun, elkarrentzat oztopo izan daitezkeen pertsonak elkarrengandik bananduz eta elkarren lagungarri izan daitezkeenak elkartuz.

Ebaluazioa

Taldeak ondo eratu diren ikusi.

Helburuak

Taldeak modu dibertigarri batean eratzea.

Parte hartzaileak

+10

Garapena

Jarduera hau egiteko, taldea hainbat taldetxotan banatuko dugula azalduko diegu parte hartzaileei. Horretarako, hitz bat esango diogu bakoitzari, familia edo sail bereko hitzak dituzten pertsonak bilatu ditzan, eta haiekin talde bat eratu dezan.
Tarte bat utziko dugu zalantzak argitzeko eta galderak egiteko.
Parte hartzaileei ilaran jartzeko eskatuko diegu.
Herrialdeen izenak xuxurlatuko ditugu parte hartzaileen belarrira.
Ondoren, jolasari ekiteko seinalea egingo dugu, parte hartzaileak beren taldekideen bila has daitezen.

Antolaketa

Parte hartzaile bakoitzari herrialde baten izena xuxurlatuko diogu belarrira; kontinenteko bereko herrialdeekin bat egin beharko du.

Jolas eremua

Edozein.

Denbora

10 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Herrialde izenak erabili ordez, espezie bereko animalia izenak izan daitezke, edo beste edozer: arropa, landareak, janaria, etab.

Gomendioak

Aldez aurretik erabaki nolako taldeak osatu nahi ditugun, elkarrentzat oztopo izan daitezkeen pertsonak elkarrengandik bananduz eta elkarren lagungarri izan daitezkeenak elkartuz.

Ebaluazioa

Taldeak ondo eratu diren ikusi.

Helburuak

Taldeak modu dibertigarri batean eratzea.

Parte hartzaileak

+12

Garapena

Lau txartel jarriko ditugu aretoan, puntu kardinal bakoitzeko bat: iparraldea, hegoaldea, ekialdea eta mendebaldea.
Orain istorio bat kontatuko diegula azalduko diegu parte hartzaileei, eta istorioan lau puntu kardinaletako bat aipatzen entzuten dutenean, korrika joan beharko dutela aipatutako puntura. “Ekaitza” hitza entzuten dutenean, berriz, edozein puntutara jo ahalko dute, baldintza batekin: puntu batean ezingo dira hiru pertsona baino gehiago bildu (kopuru hori partaide kopuruaren araberakoa izango da, baina guztiek izen behar du tokia puntu batean edo bestean).
Istorioa (aldez aurretik prestatuta edo bat-batean asmatua) kontatzen hasiko gara, tarteka puntu kardinalen izenak eta “ekaitza” hitza esanez.
“Ekaitza” hitza esaten dugun aldietako batean, amaitutzat emango dugu istorioa, eta parte hartzaileak une horretan banatuta dauden moduaren arabera (lau multzotan banatuta egongo dira) osatuko ditugu taldeak. Iparraldean daudenek talde bat osatuko dute, hegoaldean daudenek beste bat, eta ekialdeko eta mendebaldekoek beste talde bana.

Antolaketa

Txartelak prest eta ondoan eduki, jarduera hastean. Istorioak asmatzen oso trebeak ez bagara, hobe izango dugu aldez aurretik prestatuta edukitzea bat.

Jolas eremua

Edozein.

Denbora

15 minutu.

Materiala

Puntu kardinal bana idatzita duten txartelak.

Aldaerak

Istorio desberdina kontatu aldiro.
Puntu kardinalen ordez, beste espazio batzuk hauta eta aipa daitezke istorioa kontatu ahala.

Gomendioak

Aldez aurretik erabaki nolako taldeak osatu nahi ditugun, elkarrentzat oztopo izan daitezkeen pertsonak elkarrengandik bananduz eta elkarren lagungarri izan daitezkeenak elkartuz.

Ebaluazioa

Taldeek kide kopuru orekatua duten ikusi.

Helburuak

Taldeak modu dibertigarri batean eratzea.

Parte hartzaileak

Partaide kopuru bikoitia.

Garapena

Esaera zaharren zatiak idatzia dituzten txartelak banatuko ditugu parte hartzaileen artean. Parte hartzaile bakoitzeko txartel bana.
Guk hala eskatzen dugunean, parte hartzaileek isilik irakurriko dute zeinek bere txartela.
Ondoren, beren bikotea bilatzeko eskatuko diegu, hau da, esaera zaharraren beste zatia dutenak. Horretarako, elkarrekin hitz egin ahalko dute. Txartelak erakutsi ahalko dituzte, halaber, besteek irakur ditzaten.

Antolaketa

Txartelak aldez aurretik prestatuko dira eta dinamizatzaileak eskuan izango ditu dinamika azaltzeko unean.

Jolas eremua

Edozein.

Denbora

7 minutu.

Materiala

Elkarren osagarri diren esaera zahar zatiekin idatzitako txartelak. Adibidez: 1 txartela – Urrutiko intxaurrak 14/2 txartela– gerturatu eta 4.

Aldaerak

Jolas honek bikoteak osatzeko balio du, baina modu berean jolas dezakegu ―hau da, esaera zaharrak baliatuz― hiru edo lau laguneko taldeak osatzeko ere.

Gomendioak

Esaera ezagunak eta ez hain ezagunak erabili, jolasa dibertigarriagoa izan dadin.

Ebaluazioa

Erreparatu ea esaerak zuzen osatu ote diren.

Helburuak

Taldeak modu dibertigarri batean eratzea.
Ez-hitzezko komunikazioa garatzea.

Parte hartzaileak

+8

Garapena

Jarduera hau egiteko, taldetxotan banatuko garela azalduko diegu parte hartzaileei. Horretarako, animalia baten izena xuxurlatuko diogu belarrira parte hartzaile bakoitzari, eta hiru arte zenbatutakoan, bakoitza bere animalia imitatzen hasiko da; animaliaren mugimenduak eta hotsak imitatzen. Adibidez: txakurra egokitu zaionak, lau hankatan dabilela, mingaina kanpoa duela, esango du: au-au! Animalia bera imitatzen duten pertsonak bilatu beharko dituzte, eta haiekin taldeak eratu.
Tarte bat utziko dugu zalantzak argitzeko eta galderak egiteko.
Taldea ilaran jarriko da.
Imitatu beharko duten animaliaren hotsa xuxurlatuko dugu parte hartzaile bakoitzaren belarrira.
Ondoren, jolasari ekiteko seinalea egingo dugu, parte hartzaileak animaliak imitatzen eta taldekideen bila has daitezen.

Antolaketa

Aldez aurretik pentsatuta eduki behar dugu zenbat talde osatuko ditugun, eta horren arabera kalkulatu zenbat animalia beharko ditugun. Beste aukera bat, taldeak aldez aurretik prestatzea eta orri batean idatzita eramatea da.

Jolas eremua

Edozein.

Denbora

10 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Animalien ordez, sentimenduak, gorputz atalak, lanbideak… erabili.
Belarrira xuxurlatzen ibili ordez, paper mutur batean idatzita eraman imitatu beharreko animaliaren izena.
Mugimendua imitatu soilik, edo soinua soilik.

Gomendioak

Aldez aurretik erabaki nolako taldeak osatu nahi ditugun, elkarrentzat oztopo izan daitezkeen pertsonak elkarrengandik bananduz eta elkarren lagungarri izan daitezkeenak elkartuz.

Ebaluazioa

Taldeak ondo eratu diren ikusi.

Helburuak

Taldeak modu dibertigarri batean eratzea.
Ez-hitzezko komunikazioa garatzea.

Parte hartzaileak

+8

Garapena

Dinamika hau egiteko, parte hartzaileak lau taldetxotan banatuko ditugula azalduko dugu. Horretarako, biribilean jartzeko esango diegu, hankak bilduta eta eskuak aurrerantz luzatuta dituztela. Banan-banan pasatuz, eskuetan zerbait utziko diegula azalduko diegu, kolore gorriko gauza bat. Eskuan zerbait dutela sentitzean, bi eskuak itxi beharko dituzte. Guk hala agintzen dugunean, eskuetan zer duten begiratu beharko dute, elkarrekin hitz egin gabe eta inori ezer erakutsi gabe, eta orduan, beraiek dutenaren kolore bereko gauza duten pertsonak bilatzen hasi beharko dute. Horretarako, inguruan dauden kolore bereko gauzak seinalatuko dituzte, edo gehien komeni zaien teknika erabili ahal izango dute.
Guk zera sekretu horiek banatu bitartean, parte hartzaileek begiak itxita egon beharko dute, denen artean adostutako abesti bat abestuz; denek ezagutzen duten kanta bat izan behar du.
Tarte bat utziko dugu zalantzak argitzeko eta galderak egiteko.
Tarte bat utziko dugu zer abesti abestuko duten adosteko.
Parte hartzaileei hankak biltzeko, eskuak zabalik aurrera luzatzeko, begiak ixteko eta kantuan hasteko eskatuko diegu.
Lau talde badira, lau kolore desberdineko gozokiak banatuko ditugu taldeko parte hartzaileen artean. Gozokiak eskuan uztean, eskua ixten ez badute, geuk itxiko diegu.
Gozokiak banatzen bukatzen, honela esango dugu, ahots goran: “bat, bi eta hiru: zabaldu begiak, eta besteek ikusi gabe, begiratu zer koloretakoa den eskuan daukazuena”.
Gogoraraziko diegu ezin dutela ez elkarrekin hitz egin, ez eskuetan zer daukaten inori erakutsi, eta hori egin eta gero, zutik jartzera eta taldeko lagunen bila hastera gonbidatuko ditugu.

Antolaketa

Prest eduki gozokiak (parte hartzaile bakoitzeko gozoki bana) eta zenbatuta zenbat beharko ditugun talde bakoitzeko. Gozokiak ondoan eduki behar ditugu, dinamika hastean.

Jolas eremua

Edozein, guztiak biribilean eserita sartzeko bestekoa bada.

Denbora

20 minutu.

Materiala

Koloretako gozokiak.

Aldaerak

Gozokien ordez, koloretako beste gauza batzuk erabil daitezke.

Gomendioak

Aldez aurretik erabaki nolako taldeak osatu nahi ditugun, elkarrentzat oztopo izan daitezkeen pertsonak elkarrengandik bananduz eta elkarren lagungarri izan daitezkeenak elkartuz.

Ebaluazioa

Taldeak ondo eratu diren ikusi.

Helburuak

Taldeak modu dibertigarri batean eratzea.
Norberaren nortasuna hobeto ezagutzea.

Parte hartzaileak

+15

Garapena

Jarduera aurrera eramateko behar beste talde egingo ditugu, parte hartzaileen jaiotze dataren edo horoskopo zeinuaren arabera osatuta. Parte hartzaileak horoskopo zeinuak baino gutxiago badira, talderik gabe geratzen direnak beren elementuaren arabera sailkatuko ditugu, elementu bera duten besteekin batera nahastuta. Elementuak hauek dira: lurra, ura, airea eta sua.
Hona zer elementu dagokion horoskopo zeinu bakoitzari:
1. Capricornus – 12/21-01/20 *LURRA
2. Akuario – 01/21 – 02/20 *AIREA
3. Pisces – 02/21 – 03/20 *URA
4. Aries – 03/21 – 04/20 *SUA
5. Taurus – 04/21 – 05/20 *LURRA
6. Gemini – 05/21 – 06/20 *AIREA
7. Cancer – 06/21 – 07/20 *URA
8. Leo – 07/21 – 08/20 *SUA
9. Virgo – 08/21 – 09/20 *LURRA
10. Libra – 09/21 – 10/20 *AIREA
11. Scorpius – 10/21 – 11/20 *URA
12. Sagittarius – 11/21 – 12/20 *SUA
Papertxotan idatziko dugu talde bakoitzeko kideen izena.
Papertxoak lan aretoko hainbat txokotan utziko ditugu, eta talde bakoitzak txoko horietako batean egingo du hurrengo jarduera.
Parte hartzaileak lan aretoan sarrarazi, eta izena idatzita aurkitzen duten txokoan esertzera gonbidatuko ditugu.
Ez dugu taldeak osatzeko erabilitako irizpidea zein izan den azalduko, eta parte hartzaileek beren txokoa aurkitu bezain laster, jarduerari ekingo diogu.

Antolaketa

Lan aretoak behar bezala prestatuta egon behar du parte hartzaileak azaltzen direnerako. Taldeak osatzeko lana aldez aurretik egitea komeni da, lan horrek uste baino denbora gehiago har bailiezaguke. Lan aretoan hainbat txoko prestatuko ditugu, batetik bestera tarte bat utzita, taldetxo bakoitzak kontzentrazio osoz (hau da, gainerako taldeen ahotsek arreta galarazi gabe) lan egin ahal izateko modua izan dezan.

Jolas eremua

Lan areto zabal bat.

Denbora

20 minutu aldez aurretiko prestalanetarako, 5 minutu bertan eman beharreko azalpenetarako.

Materiala

Parte hartzaileen jaiotze datak, orriak eta idazteko materiala.

Aldaerak

Izaera testak egin ditzakegu, eta parte hartzaileen izaeraren araberako taldeak osatu.

Gomendioak

Talde hauek iraupen luzeko jardueretan erabiltzea komeni da, lan handia baita taldeak modu horretan osatzea.
Hitz egitea, helburu jakin batekin antolatzea… eskatzen duten jardueretan erabili beharko litzateke sailkapen modu hau, emaitza ikusgarriagoa izan dadin.
Jarduera amaitu arte ez aipatu parte hartzaileei zein irizpide erabili dugun taldeak osatzeko orduan.

Ebaluazioa

Lana aurrera ateratzeko modu desberdinak egon daitezke, taldeak elementu batekoak edo bestekoa izan. Ez litzateke harritzekoa elementutzat lurra duten taldekoak, adibidez, ordenatuak eta egonkorrak izatea, helburuak garbi dituzten horietakoak; sua elementuaren taldekoak, berriz, baliteke builosoagoak izatea, besteak baino oldarkorragoak, etab; aire elementuaren taldeko pertsonak patxadatsuagoak izango dira seguru aski, eta sortu ahala egingo dute lana, aurretik gehiegi planifikatu gabe, banakotasunetik taldera; ur elementuren taldekoek denen ekarpenak baliatuko dituzte eta modu erraz eta arinean batuko dituzte batzuk besteekin, eztabaida handitan sartu beharrik gabe.
Antzezpen bat egitea eskatzen bazaie, baliteke ere elementu horiek lanean islatuta agertzea.
Posible da, ordea, horrelako ezer ez gertatzea. Begiratu ea zer gertatzen den.