ANTOLAKUNTZA ETA PLANGINTZA TEKNIKAK

Orain aurkezten ditugun antolakuntza eta plangintza teknika hauek elkarrekin eta modu antolatuan lan egiten duten pertsona taldeei zuzenduta daude gehienbat..

Honako helburu hauek lortzeko tresna zehatzak izan nahi dute:
• Pertsona talde horiek partaide dituen organizazioa aztertzea eta hobetzea, lanaren banaketa, kideetako bakoitzaren papera, talde lanerako elementu nagusiak zehaztuz.
• Lanaren planifikazio serioa egitea, modu parte hartzaile eta demokratikoan.

Bilduma honetako beste atal batzuetan bezala, ariketa batzuk praktikak egitera bideratuta daude, eta beste batzuk, gai jakin baten inguruan lan egitera.

Helburuak

Lan kolektiboak, lana planifikatzeak eta zuzentzeak zein garrantzi handia duten ikusaraztea.

Parte hartzaileak

+8

Garapena

Parte hartzaileak zortzi laguneko taldetan banatuko ditugu.
Talde bakoitzak begirale lanak egingo dituen pertsona bat aukeratuko du; pertsona horrek taldea lanerako nola antolatzen den aztertuko du.
Talde bakoitzari lan bat aginduko diogu, eta lana betetzeko beharrezkoa izango duen materiala emango. Adibidez: paperezko hegazkinak egin. Eta lana denbora tarte jakin batean egin beharko dutela azalduko diegu. Gehien produzitzen duen taldea izango da irabazlea.
Emandako denbora amaituta, bilera egingo da; talde bakoitzak egindako lana erakutsiko du eta irabazlea zein den ikusiko dugu.
Irabazletik hasita, talde bakoitzak lana nola egin duen, nolako arazoak izan dituzten… azalduko du. Bien bitartean sortzen diren ideiak arbelean idatziko ditugu.
Behin taldeak lanean nola moldatu den azaldu ondoren, begiraleak azalduko du nola ikusi duen lanean taldea.
Ondoren, talde eztabaidari emango diogu bide, arbelean idatzitako ideiak abiapuntutzat harturik.
Eztabaida: lan kolektibo edo talde lan batean plangintzak eta gidaritzak, baliabideen erabilerak, lanaren banaketak… zein garrantzi handia duten azter daiteke.
Lan kolektiboarekin zerikusia duen guztia: ezagutzak partekatzea, kritikaren eta autokritikaren balioa.
Gero, elementu sinbolikoak bizitza errealarekin erlazionatuko ditugu, dinamika guztietan bezala.

Antolaketa

Aldez aurretik pentsatuta izan behar dugu zer eskatuko diegun egitea, eta prestatuta talde guztiek lanerako beharko duten material guztia.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

30 minutu.

Materiala

Guraizeak, orriak, lekeda…, zein lan egingo duten.

Aldaerak

Mekanika bera erabilita, bi produkzio etapa bereiziko ditugu.
Lehena: aurrekoan bezala arituko gara, baina bilera egiteko orduan, talde bakoitzaren produkzioa ez ezik begirale lanetan diharduen kidearen oharrak ere erakutsiko ditugu; ez da eztabaidarik bultzatuko.
Bigarrena: talde lanera itzuliko gara, aurreko baldintza berberetan, baina begiraleek ohartarazitako okerrak zuzentzeko asmoz.
Bileran, bi faseetako emaitzak erkatuko dira eta eztabaida sustatuko da.
Talde lana etengabe eta modu kritikoan ebaluatzen jardutearen garrantzian sakontzen ―eta hortaz, hutsegiteetatik ikasten― lagunduko digu aldaera honek.

Gomendioak

Aginduko dugun lanaren zailtasunak lan taldearen mailaren araberakoa izan behar du.

Ebaluazioa

Prozesuaren emaitzak ikusi.

Helburuak

Lan kolektibo eta antolatuaren behar eta komenigarritasuna sentiaraztea.

Parte hartzaileak

+12

Garapena

Parte hartzaileak bost bat laguneko hiru taldetan banatuko ditugu eta bi begirale izendatuko ditugu. Begiraleok epailearena egingo dute eta dinamika zertan datzan ezagutu beharko dute.
Taldetxo bakoitzari buru hausgarri baten parte bat emango diogu pakete batean, eta jarduera hau buru hausgarri bat muntatzean datzala azalduko dugu. Azalpen horiek enfasi handiz emango ditugu, talde bakoitzak bere paketean buru hausgarri osoa dagoela pentsatu behar baitu.
Paketeak ireki ondoren, buru hausgarriak muntatzen hasiko dira, talde guztiak aldi berean. Bost minutu emango dizkiegu lana egiteko. Taldeek dinamika aurrera daramaten bitartean, koordinatzailea parte hartzaileak presionatzen saiatuko da, denbora gutxi geratzen zaiela esanez.
Talde batek paketeko piezak muntatzen bukatu ahala, epaile-begiraleen iritzia eskatuko du; aurkeztutakoa buru hausgarriaren zati bat baino izango ez denez, epaileek osatu gabe dagoela jakinaraziko diote.
Denbora luzapen bat eskainiko dugu lana bukatzeko, eta taldeei ordu arte egindako lana aztertzeko eskatuko diegu, dinamikaren ikuspegi orokor bat izateko. Denbora amaitzean, prozedura berari jarraituko diogu, eta beste luzapen bat eskainiko dugu.
Lana buru hausgarri bakarra eratzean amaituko da. Hausnarketarako unea izango da orduan.
Eztabaida: garrantzitsua da parte hartzaileek dinamikan zehar sentitutako sentimendu, bizitako gertaera eta izandako bizipenei buruzko iruzkinak eginez hastea eztabaida.
Ondoren, dinamikan agertzen diren sinboloen esanahia aztertuko dugu.
Marrazkia: gure helburua zein den, buru hausgarriak marrazki bat edo beste bat izango du, eta marrazkiak esanahiren bat izan beharko du parte hartzaileentzat.
Hiru paketeak: lanaren banaketa beharrezkoa dela sinbolizatzen dute, ez dela aski egokitu zaigun zatia soilik egitea; ezinbestekoa dela, beraz, nork bere lana egitea, baina helburu komuna zein den kontuan hartuta eta ahaztu gabe.
Pieza faltsuak: bi paketetan agertuko diren pieza faltsuek lan kolektiboa desitxuratzen edo zailtzen duten oztopoak eta arazoak sinbolizatzen dituzte, beti eta lan guztietan izaten baitira halakoak. Lana aurrera eramaten uzten ez duten kideen presentzia sinbolizatzen dute, halaber.
Eztabaidan zehar, jarrera indibidual eta kolektiboak, haien abantailak eta zailtasunak izango ditugu gogoetagai. Jarduera kolektiboak gauzatu ahal izateko orduan batasunak eta antolakuntzak nolako garrantzia duten eztabaidatzeko aukera izango dugu horrela.
Epaileen papera ezinbestekoa da dinamikaren garapenari buruzko kanpo ikuspegi bat izateko.

Antolaketa

Buru hausgarriak honelakoa behar du izan: kartoiz egina eta irudi batekin. Atalak hiru pakete itxitan banatuko dira, era honetan:
IRUDIA
Bigarren eta hirugarren paketeetan, muntatu beharreko irudiarekin bat ez datozen bi atal sartuko ditugu propio. Itxuraz, benetako atalen oso antzekoak izango dira.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

30 minutu.

Materiala

Kartoizko buru hausgarri bat.

Aldaerak

Bai irudia, bai atal eta pakete kopurua, partaide kopuruaren eta lantzen ari garen gaiaren araberakoak izango dira.

Gomendioak

Komenigarria da buru hausgarriaren irudiak zerikusia izatea dinamika hau egiten ari den taldeak bere lanean duen helburuarekin.

Ebaluazioa

Ikusi nola garatu den jarduera, eta kontuan hartu begiraleen iruzkinak; gertatutakoaren ikuspegi objektibo bat eskainiko digute.

Helburuak

Talde batek bere burua antolatzeko duen gaitasuna analizatzea.
Gidaritzak edo buruzagitzak lanean duen garrantzia aztertzea.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Parte hartzaileak bost bat kideko taldetan banatuko ditugu.
Zer lan egin beharko duten azalduko diegu. Adibidez:
Kontsumo kooperatiba bat sortzeko asmoa dago eta kooperatibak nolakoa izan beharko lukeen proposatzea izango da zuen lana. Ados jarri behar zarete honako puntu hauetan:
a. Zein izango da helburua?
b. Zer antolakuntza mota nahi duzue?
c. Zein izango dira kooperatibaren epe labur eta ertainerako helburuak?
d. (Nolako taldea dugun eta zer gai ari garen lantzen kontuan hartuta aukeratuko dugu jarduerarako egokiena izan daitekeen antolakuntza mota edo lan egiteko modua).
30 bat minutuko tartea utziko dugu lana burutzeko.
Denbora amaitzean, talde bakoitzak bere ondorioak azalduko ditu, paper handi batean idatzita.
Ez dago zertan hasi ondorioen gainean eztabaidatzen, teknika honen helburua honetaz hausnartzea baita:
a. Nola antolatu dira taldeak lan egiteko orduan?
b. Zer zailtasun gainditu behar izan dituzte erabakiak hartzeko orduan?
c. Zertan oinarritu dira ondorio jakin batzuetara iristeko orduan?
Talde guztiekin elkarlanean landuko dugu elementu bakoitza.
Arbelean idatziko ditugu taldeen iritziak. Hori lagungarri gertatuko zaigu ondorioak ateratzeko eta eztabaida kolektiboa bideratzeko orduan.
Garrantzitsua da aztertzea nola gauzatzen den parte hartzaileen errealitatean erabaki hartzea, talde osoaren parte hartzea, beraien informazio eta hausnarketa maila, etab.

Antolaketa

Partaide kopurua kontuan hartuta, zenbat talde sor daitezkeen aurreikusiko dugu eta prest edukiko dugu talde bakoitzarentzako materiala (kartoi meheak eta idazteko materiala).
Parte hartzaileek egin beharreko lana aldez aurretik prestatuta eduki beharko dugu, eta lantzen ari garen gaiarekin lotuta egon beharko du.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

Ordu bat, gutxi gorabehera.

Materiala

Kartoi meheak eta bolalumak.
Arbel bat.

Aldaerak

“Begi” behatzaile baten papera egingo duen kide bat sar dezakegu taldean. Haren zeregina taldearen lan egiteko moduari erreparatzea izango da. Taldeko gainerako kideek ez dute horren berri izan behar, begiraleak naturaltasunez lan egin ahal izan dezan.

Gomendioak

Hona hemen elkarrizketa gidatzeko zenbait galdera:
Nola antolatu zarete lanerako orduan?
Nolatan proposatu duzue gai hori?
Proposamenen eta erabakien arteko erlazioa orekatua izan da?
Nolakoa izan da komunikazioa?

Ebaluazioa

Talde bakoitzeko “begiak” gertatutakoaren ikuspegi objektibo bat eman dezake.

Helburuak

Talde bati jarduera zehatzak gauzatzen laguntzea.

Parte hartzaileak

+10

Garapena

Parte hartzaile bakoitzak bere organizazioari buruzko galdera bati erantzungo dio, idatziz.
Adibidez: Zer lortu nahiko nuke komunitate honen mesedetan bost urteren buruan?
4tik 8ra bitarteko kidez osaturiko taldeak antolatuko ditugu, eta eman dituzten erantzunak elkarrekin partekatu ondoren, eredu ideal bat proposatu beharko dute, informazio horretan oinarritua: nolakoa izango litzatekeen eta nola funtzionatuko lukeen zehaztu beharko dute.
Talde bakoitzak ondo antolatuta egon beharko du, fase honetan lan egiteko:
Koordinatzailea izendatu.
Zenbatek parte hartzen duten idatzi.
Adostu den denbora kontrolatu.
Osoko bileran, talde bakoitzak bere eredu ideiala aurkeztuko du, kartoi mehe edo paper handi batean idatzita. Koordinatzaileak idatzita jasoko ditu aurkezpen guztietan berdinak diren proposamenak. Talde osoari zuzendutako galderen bidez, ekonomia, kultura, antolakuntza… alorretan egon daitezkeen hutsuneak bistaraziko ditugu.
Ereduetako bakoitza eztabaidatu ondoren, bat aukeratu dezakegu: bertute gehien dituela iruditzen zaiguna, adibidez; edo besteak baino egingarriagoa dena. Edo beste eredu bat osatu daiteke eredu guztien ekarpenak erabiliz, “bertuteak” eta “egingarria” irizpideak kontuan hartuta.
Hautatutako ereduan zentratuta, premia handieneko beharrak eta aurrera eraman daitezkeen lanak zehaztuko ditugu, eta oinarrizko plan baten bidez, baita lehenbailehen abiatu beharreko ekintzak ere.
Ondoren, taldeak beste plan bat prestatuko du, “eredu ideala” lortzeko egin beharreko bestelako zereginak nola egin zehazteko: fase hori talde txikitan edo osoko batzarrean egin dezakegu, parte hartzaileak zenbat diren eta jarduera egiteko zenbat denbora dugun. Aurrera eraman beharreko lanak zehaztuko ditugu:
Egin beharreko zereginak.
Kontrolak.
Ebaluazioak.
Arduradunak.
Ondoren, ekintza bakoitza zertan datzan zehaztu beharko dugu.
Gidoi hau erabil daiteke gida gisa:
Zer egingo dugu?
Zertarako?
Nola?
Nortzuk?
Zer bitartekorekin?
Noiz?
Non?
Zer epetan?
Eta abar.

Antolaketa

Aldez aurretik prestatu erabiliko dugun material guztia, egingo ditugun galderak, etab.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

2 ordu.

Materiala

Parte hartzaile bakoitzeko paper eta bolaluma bana.
Arbela.

Aldaerak

Taldearen neurrira edo helburura egoki daiteke jarduera.

Gomendioak

Teknika hau aplikatzerakoan, kontuan izan denbora asko hartzen duen teknika bat dela.
Talde handian edo talde txikietan lan egin dezakegunez, koordinatzaileak erne egon beharko du eta erabaki noiz zer egitea komeni den.

Ebaluazioa

Denbora tarte nahikoa igarotzen utzi ondoren (egoeraren arabera, luzeagoa edo laburragoa), erreparatu ea dinamikan planteatutako egoerak aintzat hartu ote diren.

Helburuak

Antolaketa printzipioak aztertzea.
Buruzagiaren papera, ekintza espontaneoa eta planifikatua aztertzea.

Parte hartzaileak

+10

Garapena

Parte hartzaileak bost laguneko taldetan banatuko ditugu.
Talde bakoitzak denbora jakin batean bete beharko dituen zereginen zerrenda irakurriko dugula azalduko diegu. Talde bakoitzak nahi bezala antolatuko du bere burua zereginok ahalik eta denbora gutxienean egiteko. Lehen amaitzen duen taldea izango da garailea.
Bete beharreko zereginak irakurri ondoren, talde bakoitza lanari lotuko zaio.
Talde batek zeregin guztiak bete dituenean, koordinatzaileari aurkeztuko dizkio, eta koordinatzaileak zereginak ondo bete diren edo ez egiaztatu beharko du.
Behin talde garailea zein den erabakita, gainerako taldeek eginkizun utzitako zereginak erakutsiko dituzte.
Talde osoko bileran, zereginak betetzeko orduan talde bakoitzak bere burua nola antolatu duen ebaluatuko da. Lanaren antolakuntzari buruz, sortutako arazoei buruz, sentitutakoari buruz hitz egingo dugu. Bizipenekin lotutako guztiari buruz.
Taldeko lan banaketari eta barne antolakuntzari buruzko bizipen elementuetatik abiatua, gai hauek eztabaidatuko ditugu talde osoko bileran: buruzagien papera; eraginkortasuna irabazte aldera zereginak banatzearen garrantzia; zer nahi dugun garbi edukitzearen garrantzia; ekintza espontaneoak, etab.

Antolaketa

Jarduera proposatu aurretik prest eduki behar dugu zereginen zerrenda: sei zeregin, gutxienez. Zereginen artean objektuak bilatzea zein gauzak sortzea egon daitezke. Adibidez:
Heziketa zertan datzan definitzea.
Euli bat hartzea (bizirik).
Generoari buruzko poesia bat idaztea.
Laranja bat ekartzea.
Etab.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

30 minutu (zereginen arabera).

Materiala

Zereginen arabera.

Aldaerak

Talde bakoitzari talde burua aldez aurretik hautatzea eska diezaiokegu, eta egindako aukeraren zergatia eta talde buruak taldea gidatzen egindako lana azter ditzakegu gero.

Gomendioak

Parte hartzaileen antolakuntza eta sormena suspertzeko egokiak izan daitezkeen zereginak aukeratu.

Ebaluazioa

Aztertu nola garatu den jarduera eta entzun amaierako eztabaidan ematen diren azalpenak.

Helburuak

Talde edo organizazio baten une jakin bateko arazoak identifikatzea.
Organizazio edo talde bateko une jakin bateko indar positiboak edo negatiboak aztertzea.

Parte hartzaileak

+3

Garapena

Orain egitera goazen jardueraren helburua zein den azalduko dugu.
Parte hartzaile bakoitzeko grafiko bana banatuko dugu, edo bestela, arbelean bertan idatziko dugu grafikoa, parte hartzaileek orri batean kopia dezaten. Grafikoaren esanahia azalduko dugu:
Erdiko lerroak orain nola sentitzen garen adierazten du.
Goiko lau lerroek egun ditugun gauza positiboak irudikatzen dituzte.
Beheko lau lerroak une honetan aurre egin behar diegun “indar” edo gauza negatiboak dira.
Zenbakiek “indar” horietako bakoitzari ematen diogun garrantzia adierazten dute. Egungo egunetik zenbat eta hurbilago egon, orduan eta larriagoa eta garrantzitsuagoa izango da kontua.
Parte hartzaile bakoitzak taldean edo organizazioan dauden indar positiboen eta negatiboen zerrenda egingo du, eta garrantzitsuenak aukeratuko ditu.
Taldetxotan banatuta, parte hartzaile bakoitzak bere zerrenda aurkeztuko du, eta denen artean taldetxoari legokiokeen grafikoa prestatuko dute, elementu positiboak eta negatiboak garrantzi ordenaren arabera kokatuz.
Osoko bileran, taldetxo bakoitzak bere ondorioak aurkeztuko ditu, eta eztabaidatu eta elkarrekin erkatu ondoren, talde osoari legokiokeen grafikoa prestatuko dute denen artean.
Behin “azken grafikoa” prestatu ondoren, indar negatiboak sakonago aztertzeari ekingo diogu, irtenbideak bilatzearren, eta positiboak mantendu eta sustatzeari.
Eztabaida: teknika hau oso erabilgarria da organizazio edo talde baten egoera partikularra modu azkarrean aztertzeko, kide guztiak uneko egoeraren eta lehenbailehen bultzatu beharreko zereginen jakinaren gainean jartzen baititu.

Antolaketa

Prest eduki behar dugu, inprimatuta, orri bat parte hartzaile bakoitzeko, eta baita idazteko materiala ere, behar izanez gero erabiltzeko.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

45 minutu.

Materiala

Grafikoa inprimatuta duten orriak.
Orriak eta bolalumak.
Arbela edo paper handi bat.

Aldaerak

Gauza positiboak eta negatiboak idazteko toki bat baino gehiago presta daitezke, egoera zein den.

Gomendioak

Arretaz jarraitu jarduera, eta behar izanez gero, galdera egokiak planteatu eta beharrezkoak diren jarraibideak eman.

Ebaluazioa

Denbora nahikoa igarotzen utzi ondoren (egoeraren arabera, luzeagoa edo laburragoa), erreparatu ea dinamikan planteatutako egoerak aintzat hartu ote diren.

Helburuak

Talde edo organizazio batean elkarlanak nolako garrantzia duen aztertzea.
Organizazio bateko buruzagi edo gidariaren papera aztertzea.

Parte hartzaileak

+8

Garapena

Lauzpabost kideko taldetan banatuko ditugu parte hartzaileak.
Talde bakoitzak buruzagi bat izendatu behar duela azalduko dugu.
Objektu batzuk eskatuko ditugu (parte hartzaileenak beraienak edo aretokoak bertakoak izan daitezke) eta talde bakoitzak bere objektuak non utzi behar dituen adieraziko diegu.
Buruzagiak eta taldeak guk eskatzen dieguna eskuratu behar dute; buruzagiak berak eta ez beste inork entregatu beharko digu, gero, eskatutako objektua.
Aurrena iristen den taldearen objektua baino ez dugula hartuko argituko dugu.
Objektu gehien ematea lortzen duen taldea izango da irabazlea.
Talde irabazlea zein izan den erabaki ondoren, bateratze lana egingo dugu, talde bakoitzak lana nola egin duen eta taldeko buruzagiaren portaera nolakoa izan den aztertzeko.

Antolaketa

Aretoko bazter batean jarriko gara eta toki bat prestatuko dugu taldeek beren objektuak bertan utz ditzaten.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

15 minutu.

Materiala

Aretoko objektuak.

Aldaerak

Objektuak gauza zehatzak izan daitezke, eta haiek eskuratzeko talde estrategia bat garatu beharra exijituko duen toki baten egon daitezke. Era horretan, buruzagiak paper nabarmenagoa jokatuko du.

Gomendioak

Ziurtatu, amaierako hausnarketan, buruzagi eta parte hartzaileei egingo zaizkien iruzkinak errespetutik eta inoren sentimenduak zauritu gabe egingo direla.

Ebaluazioa

Talde laneko elkarlanari eta koordinazioari buruzko amaierako hausnarketan, buruzagiaren papera, haren zeregina eta garrantzia aztertuko dugu.

Helburuak

Talde baten edo lan baten barruko arazoak non-noiz gertatu diren zehaztea.
Lanaren planifikazio hobea egitea, zer elementu ditugun eta zein oztopo gainditu behar ditugun kontuan hartuta.

Parte hartzaileak

+2

Garapena

Taldearen errealitate zehatza oinarritzat hartuta (taldearen arazoak, lanerako asmoa, kide kopurua), arazoak identifikatzen laguntzeko materiala prestatuko dugu.
Adibidez:
Taldeak, lanean hasi baino lehen, bere zereginaren helburuak, asmoak eta xedeak idatziko dituen orri bat.
Aldez aurretik, oinarrizko galdera batzuk prestatuko ditugu, lan plangintza edo talde lana aurrera eramateko orduan egon diren “oztopoak” non-noiz agertu diren zehazteko. Eta parte hartzaileek era zintzo eta kritiko batean erantzun beharko diete galderei, banaka edo taldeka (zenbat diren eta zenbat denbora dugun kontuan hartuta).
Adibidez:
Zein dira helburuak lortzea eragoz dezaketen akats pertsonalak?
Zein dira talde barruan gure programak gauzatzea eragozten duten oztopoak?
Zein dira helburuak lortzea eragozten diguten kanpo oztopoak?
Parte hartzaile bakoitzak bere iritzia idatziko du txartel batean. Iritzi bat txarteleko.
Txartelak sailka ordenatuko ditugu, lehen galderatik hasita.
Galdera bat sailkatu ondoren, eragozpen nagusia zein den ikusiko dugu. Gauza bera egingo dugu gero hurrengo galderekin.
Sailkapena amaitutakoan, teknika bera erabiliko dugu oztopo nagusiak gainditzen lagun diezaguketen irtenbideak iradokitzeko.

Antolaketa

Garbi eduki behar dugu nondik helduko diogun egoerari, eta horren arabera, erabil dezakegun material guztia erabili, lanari ekin aurrekoa eta egungo unea elkarrekin erakartzeko.
Galderak aldez aurretik prestatuta eduki beharko ditugu.
Txartelak sailkatzeko orduan, prest edukiko dugu haiek arbelean edo horman ―denen begi bistan― itsasteko materiala.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

45 minutu.

Materiala

Txartelak , orriak, idazteko materiala.

Aldaerak

Ariketa hau banaka egin daiteke aurrena, eta arian-arian taldea handituz joan gero, talde osoarekin lan egitera iritsi arte; bestela, talde osoarekin ari gaitezke hasieratik, parte hartzaileak zenbat diren eta lanerako zenbat denbora daukagun.
Talde batean elkarrekin lan egiten duten pertsonek egindako akatsak ebaluatzeko eta zuzentzeko erabil daiteke, edota planifikazio prozesu bati hasiera emateko.

Gomendioak

Garrantzitsua da koordinatzaileak planteatzen diren proposamen eta arazoak eztabaidatzen, argitzen eta sustengatzen laguntzea.

Ebaluazioa

Denbora tarte nahikoa igarotzen utzi ondoren (egoeraren arabera, luzeagoa edo laburragoa), erreparatu ea dinamikan planteatutako egoerak aintzat hartu diren.

Helburuak

Antolatuta egotearen garrantzia aztertzea.

Parte hartzaileak

+10

Garapena

Taldea bitan banatuko dugu eta zapatak kentzeko eta zaku batean gordetzeko eskatuko diegu parte hartzaileei.
Zakua ondo itxi ondoren, egin beharrekoa egiteko denbora tarte mugatu bat (2-3 minutu) izango dutela jakinaraziko diegu. Zapata gehien janztea lortzen duen taldea (bakoitzak bereak) izango da irabazlea.
Ariketarako denbora laburtuz edo luzatuz joango gara, dinamikaren garapenari zer komeni zaion, parte hartzaileei presioa sartzeko.
Denbora amaitzean, talde bakoitzak egin duen lana ebaluatuko dugu.
Antolakuntza maila kaxkarra erakutsi badute, minutu batzuk emango dizkiegu euren artean hitz egiteko, antolakuntza maila hobetzea lortze aldera. Ondoren, zapatak bilatzeari ekingo diogu berriro.
Bigarren saioa amaitzean, talde hausnarketa egingo dugu: bakoitzak nola sentitu den eta zer gertatu zaion azaldu beharko du.
Garrantzitsua da dinamikaren garapena nola joan den berrikustea. Hortik abiatuta, antolakuntzaren alderdi nagusiak aztertzen hasiko gara.
Komenigarria da bizitako esperientziak idatzita jasotzea, hausnarketarako elementuak izatearren.

Antolaketa

Jolasean hasi aurretik, oztopo guztiak kenduko ditugu, istripurik gerta ez dadin.
Zakua, zapatez betea, aretoaren erdian jarriko da. Taldeak zakuaren inguruan kokatuko dira, 2-3 metroko tarte batera.

Jolas eremua

Lan aretoa edo espazio ireki bat, oztoporik gabekoa.

Denbora

20 minutu.

Materiala

Zaku bat.

Aldaerak

Zapatak gorde ordez, beste zerbait gorde daiteke zakuan: jertseak edo berokiak, adibidez.

Gomendioak

Eztabaidan, inportanteena, lortutako emaitzak ikustea da; antolakuntzari eta talde lanari laguntzen dioten edo traba egiten dioten jarrerak aztertzea; ekintza espontaneoa ekintza antolatuarekin alderatzea; elementu horiek parte hartzaileen errealitatearekin erlazionatzea.

Ebaluazioa

Taldekideek zapatak jartzen dituzten bitartean, aztertu nolakoak diren haien arteko harremanak (menderatzaileak, menderatuak, buruzagiak…).
Aintzat hartu parte hartzaileek amaierako hausnarketan egiten dituzten iruzkinak.