Taldean lan egiten dugunean, hainbat emozio agertu ohi dira, eta haiek indibidualki zein kolektiboki gobernatzen ikasi behar dugu. Orain aurkeztuko ditugun jolas eta ariketa hauek sentitzen dugun horri izena jartzen eta gure sentimenduak gainerako taldekideekin partekatzen lagunduko digute.
Lehen begiratuan, gauza erraza dirudi, zenbaitentzat are alferrikakoa ere. Baina urteetan izandako esperientziak dioskunez, sentitzen duguna azaltzeak eta gure taldekideei beren sentimenak azaltzen entzuteak harremanak hain tirabiratsuak ez izaten laguntzen du eta lan giroa gozatzen du. Hala, taldeak segurtasun handiagoa hartuko du bere buruan, eta parte hartzaileen arteko harremanak errazago bideratuko dira.
Helburuak
Talde bateko kideak jarduera bat egin aurretik, bitartean eta/edo ondoren nola sentitzen diren ikustea.
Parte hartzaileak
+5
Garapena
Biribilean eserita jarriko gara.
Grafikoa aterako dugu (aldez aurretik prest eduki beharko dugu) eta parte hartzaile bakoitzeko postit eta bolaluma bana banatuko dugu.
Eskatuko diegu idazteko zerotik ehunera bitarteko zenbaki bat nola sentitzen diren irudikatzeko, eta hitz bat haien gogo-aldartea definitzeko. Adibidez: %80, motibatuta.
Amaitutakoan, grafikoan itsatsiko ditugu geure postit-ak, dagokion altueran; gero, bertan idatzitakoa irakurri eta nork bere egoerari buruzko iruzkin bat egingo du.
Amaitzeko, irakurketa global bat egingo dugu, grafikoa aztertuta. Horrela, denok gutxi gorabehera maila berean gauden ikusiko dugu, ea norbait batez bestekotik oso urrun dagoen, etab.
Antolaketa
Biribilean eseriko gara, grafikoa erdian utzita. Postit-ak itsatsita gordeko dugu grafikoa, hurrengo batean beste egiten badugu, harekin erkatzeko (parte hartzaile berak eta prozesu beraren barruan aritzen badira behintzat).
Jolas eremua
Lan aretoa.
Denbora
15 minutu.
Materiala
Grafiko bat (0tik 100era bitarteko lerro bat), kartoi edo paper handi batean marraztua.
Postit-ak.
Bolalumak.
Aldaerak
Lan prozesu batean, behin bakarrik edo behin baino gehiagotan erabil daiteke.
Gomendioak
Behin baino gehiagotan erabiltzekoa bada, bi koloreko postit-ak itsatsiko ditugu, aurreko egoera eta ondokoa alderatzeko.
Ebaluazioa
Emaitzak nolakoak diren, birplanteatu hurrengo jarduerak.
Helburuak
Sentimenduak adieraztea eta elkarren laguntzaz haiei aurre egiten ikastea.
Parte hartzaileak
+8
Garapena
Amaitu gabeko esaldi bana duten hiru kutxa jarriko ditugu. Adibidez:
Nahiago nuke ez…
Nire arazoetako bat…
Damu dut…
Paper eta bolalumak banatuko ditugu parte hartzaileen artean eta esango diegu esaldi amaiera batzuk idazteko (bat gutxienez, hiru gehienez) kutxa bakoitzeko.
Esaldi amaierak idatzi ahala, dagokien kutxan sartuko ditugu, tolesturik eta sinadurarik gabe.
Adostutako denbora igarotzean, edo denek idazten amaitu dutela ikustean, txarteletako bat irakurriko dugu, eta, denen artean, hura idatzi duenaren arazoarentzako irtenbide bat bilatzen saiatuko gara.
Prozesua errepikatuko dugu txartel guztiak irakurri arte.
Antolaketa
Biribilean eseriko gara, hiru kutxak erdian hartuta.
Jolas eremua
Lan aretoa.
Denbora
Ordu eta erdi (parte hartzaileak zenbat diren eta zenbat txartel idatzi diren).
Materiala
Orriak eta idazteko materiala.
Hiru kutxa.
Aldaerak
Kutxan idatzita dauden esaldiak talde osoa nahasita egon den egoeraren batera egokitutakoak izan daitezke.
Kutxa gehiago edo gutxiago jar daitezke, eta pertsona bakoitzak idatzi beharreko txartel kopurua ere mugatu egin daiteke.
Gomendioak
Azpimarratu elkarren arteko laguntza sustatzeko jolas bat dela eta adiskide giroan jardun beharra dagoela.
Ebaluazioa
Ez dago.
Helburuak
Hitzez adieraztea nola sentitzen garen.
Parte hartzaileak
+5
Garapena
Biribilean eserita jarriko gara.
Argazki batzuk jarriko ditugu biribilaren erdian (jarduera honetarako propio hautatutakoak). Argazki beraren kopia bat baino gehiago egon daiteke. Parte hartzaile bakoitzeko bana gutxienez, baina ideala askoz gehiago egotea da, non aukeratu izan dezaten.
Nola sentitzen garen irudikatuko duen irudi bat aukeratuko dugula azalduko dugu. Horretarako, biribilaren erdira hurbilduko gara talde txikitan (hiru bat laguneko taldeak), irudiak ikusi, eta nola sentitzen garen hobekien erakusten duena aukeratuko dugu. Behin irudia aukeratuta, zirkulura itzuliko gara.
Gauza bera egingo dugu berriro parte hartzaile guztiek argazki bana eskuratu eta denak berriro biribilean eserita egon arte.
Banan-banan, pertsona bakoitzak bere aukeraren arrazoiak azalduko ditu, nola sentitzen den, etab.
Parte hartzaile bakoitzak bere azalpenak eman ondoren, argazkiak jasoko ditugu.
Antolaketa
Argazkiak prest eduki behar ditugu jarduera proposatu baino lehen. Emozioak irudikatzen edo gogorarazten dituzten pertsonak (edo bestelakoak) agertu behar dute argazkietan. Adibidez: pertsona irribarretsu bat, haserre dagoen norbait, jolasean ari den txakur bat, euripean dantzan ari den pertsona bat, etab. Zenbat eta argazki mota desberdin gehiago izan, orduan eta hobe.
Jolas eremua
Edozein.
Denbora
30 minutu.
Materiala
Askotariko argazki sorta.
Aldaerak
Argazkien ordez, marrazkiak erabil daitezke, edo funtzioa bera beteko duen beste edozer.
Erlaxazio musika lasaia jar dezakegu.
Gomendioak
Erabili teknika hau taldeak bizitako prozesuren bati amaiera emateko eta konplizitate giro bat sortzeko, parte hartzaileei esperientzia hori nola bizi izan duten azaltzeko aukera errazteko.
Ebaluazioa
Ez dago.
Helburuak
Hitzik egin gabe, sentimenduak adierazteko gauza izatea.
Parte hartzaileak
Nahi adina.
Garapena
Lan aretoan, idazteko materiala jarriko dugu: orriak, kartoi meheak, arkatzak, margoak, errotuladoreak, guraizeak etab.
Ariketa honen helburua egoera jakin batean sentitutako sentipenak marraztea dela azalduko diegu parte hartzaileei. Adibidez: nola sentitu zinen ikastaro honetara iritsi zinen lehen egunean?
Lan egiteko zenbat denbora erabiliko dugun adostu ondoren, lanari ekingo diogu. Parte hartzaileek banaka eta isilik egin behar dute lan, bakoitza bere zereginean ondo kontzentratu ahal izateko. Eskura duten material guztia erabil dezakete
Amaitzean, bakoitzak bere lana erakutsiko du, eta hala nahi duenak, zer irudikatu nahi izan duen azaldu ahal izango du.
Antolaketa
Idazteko materiala denak aise iristeko moduko toki batean utziko dugu. Biribilean eserita bagaude, erdian utz dezakegu.
Jolas eremua
Lan aretoa.
Denbora
30 minutu.
Materiala
Orri zuriak eta koloretakoak.
Margoak, arkatzak, errotuladoreak, akuarelak, etab.
Aldaerak
Musika jar dezakegu.
Gomendioak
Ondo zehaztu zer egoeraren inguruan arituko garen lanean. Behar izanez gero, sarrera moduko bat egin, labur-labur, egoera hartan bizitzako sentipenak gogorarazteko.
Ebaluazioa
Ez dago.
Helburuak
Talde baten barruan suminaren presentzia eta adierazpena legitimatzea.
Besteengan sumina eragiten duten portaerak identifikatzea eta hura menderatzeko moduak bilatzea.
Parte hartzaileak
+5
Garapena
Parte hartzaile bakoitzeko paper eta bolaluma bana banatuko dugu.
Osatu gabe dauden lau esaldi irakurriko ditugu eta parte hartzaileek burura etortzen zaien lehenengo ideiarekin bete beharko dituzte, beren burua zentsuratu gabe. Idatzitakoa gainerako taldekideei erakutsi beharko diete gero, eta horregatik, letra handiz eta argi eta garbi idazteko eskatuko diegu.
Lehen esaldia irakurriko dugu eta tarte bat utziko dugu esaldia osa dezaten.
Prozesua errepikatuko dugu lau esaldiak osatu arte. Era honetako esaldiak izan daitezke:
Oso haserre jartzen naiz besteek…
Nire haserrea ……… dela sentitzen dut.
Besteek nirekiko haserrea adierazten dutenean, ni…
Besteen haserrea ……… dela sentitzen dut.
Amaitutakoan, papera bularrean itsas dezatela eskatuko diegu, beste guztiek irakurri ahal izateko moduan.
Sei bat laguneko taldetan banatuta, idatzitako esaldiak partekatuko ditugu.
Ondoren, haserre sentimenduak besteekin partekatzeak norberarengan duen eraginaren inguruan hausnartuko dugu.
Taldez talde ibiliko gara parte hartzaileak elkarri feedbacka ematera bultzatzeko, haiei aholku emateko, etab.
Azkenik, bizitzan ikasitakoa nola aplikatu aztertzeko prozesu bat gidatuko dugu.
Antolaketa
Orriak aldez aurretik prest eta zeloa eskura izan behar dugu.
Jolas eremua
Lan aretoa.
Denbora
45 minutu.
Materiala
Orriak eta idazteko materiala.
Aldaerak
Esaldiak beste batzuk izan daitezke, baita landu nahi dugun emozioa ere.
Gomendioak
Gertutik jarraitu talde txikietan egiten diren hausnarketak eta laguntza eman partekatze prozesuan zehar.
Jarduera hau bi pertsonen gidaritzapean egin, prozesuen jarraipena egitea errazagoa gerta dadin.
Ebaluazioa
Epe labur, ertain eta luzera, aztertu ea parte hartzaileek haserrea adierazten ikasi duten eta hobeto ulertzen duten elkar.
Helburuak
Talde bateko kideak jarduera bat egin aurretik, bitartean eta/edo ondoren nola sentitzen diren ikustea.
Parte hartzaileak
+5
Garapena
Irudizko lerro bat egingo dugu lurrean, edo klarionez marraztuko dugu bat, jarduera egingo dugun eremuan.
Muturretako bat zero zenbakia izango dela azalduko diegu, eta bestea hamarra.
Parte hartzaileei zero zenbakiaren parean jartzeko eskatuko diegu, eta zenbait galdera egingo dizkiegula azalduko diegu. Galderari erantzutean, haien ustez bere erantzunak irudikatzen duen zenbakiaren parean jarri beharko dira.
Galdera bat egingo dugu, eta hitza emango diegu parte hartzaile batzuei edo guztiei, beren erantzunaren zergatia azaldu ahal izan dezaten.
Era honetako galderak egin ditzakegu:
Oso nekatuta zaude?
Gustura zaude orain arte egindako jarduerekin?
Aurrera jarraitzeko motibatuta zaude?
Etab.
Antolaketa
Galderak aldez aurretik prest eduki.
Jolas eremua
Lan aretoa.
Denbora
15 minutu.
Materiala
Ez da beharrik.
Aldaerak
Bai/ez erantzuteko moduko galderak egin eta jar daitezke lerroaren muturretako batean edo bestean. Erantzuna justifikatu beharko dute gero.
Gomendioak
Galdera zehatzak egin.
Ebaluazioa
Emaitzak nolakoak diren, birplanteatu hurrengo jarduerak.