Skip to main content

ZUBIRI ZUBIRI

Partaide kopurua

Gutxienez 4 (hobe gehiago)

Informazio Praktikoa

Gaur egun oso zabalduta dagoen jolasa da. Nahiz eta letra aldaketa batzuk izan, kanta antzekoa da toki guztietan. Zenbait lekutan “Frantziako erregea” aipatu ordez honelako aldaerak agertzen zaizkigu: “etxeko jauna, herriko jauna”, “errege jauna, Don Felipe” edo “probintzi hon(e)tako errege baten”. “Zubiri-zubiri” aintzinako jolasa da. 1920. urte inguruan egindako ikerketa batzuetan agertzen da lehen aldiz. Dena den, mende honen aurretik ere ezaguna zela esan daiteke, kantaren letrak aditzera ematen duenez, Felipe izeneko erregerik aspaldi ez baita izan inguru honetan eta Frantziako erregeak ere duela berrehun urte desagertu baitziren. Euskarazko beste zenbait abesti erabil daitezke jolas bera egiteko: MARTUTENEKO TRENA (Xixupika), AITITA ETA AMAMA (Oskorri)

Espazioa

Edozein

Azalpena

1. Bi lagun aurrez aurre jarriko dira, eskutik helduta zubia osatuz. Beste jolaskideek ilara bat egingo dute, elkarri gerritik helduta. Zubia osatzen duen bikoteak, besteek entzun gabe, bi gauzaren artean aukeraketa egin beharko du: bi fruitu (sagarra ala udarea), bi kolore (gorria ala urdina), bi animalia (zaldia ala zakurra)…

2. Ondoren, denak abesten hasiko dira eta ilarako haurrak zubi azpitik pasatuko dira. Abestiak HEMEN GELDITUKO DELA esaten duen unean, zubia osatzen dutenek besoak jaitsiko dituzte eta ilarako haur bat harrapatuko. Aurretik aukeratutako bi gauzen artean bat aukeratzeko eskatuko diote harrapatutakoari, eta hautatutakoaren arabera zubiaren alde batean edo bestean jarriko da, zubia osatzen duenari gerritik helduta.

3. Berriro abesteari ekingo diote ilarako haur guztiak banan-banan harrapatu arte. Bukaeran geratu diren bi taldeen artean sokatira moduko bat egingo dute: elkarri gerritik helduta talde bakoitza bestea eramaten saiatuko da.

Esamoldeak

  • LERROKA: Ilaran
  • HARRAPATU (zubitxoa osatzen dutenek beso azpian jokalari bat harrapatzea)

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
entzumenezko jolasa.
  • Jarduera kognitiboak: sentipenezko eta mugimenduzko jokaera: errepikapena.
  • Trebetasun funtzionalak: ikerketa: lekualdatzea. Eraginkortasuna: indarra.
  • Alderdi sozialak:
mota mistoko harremana (gizabanako-gizabanakoa eta talde motakoa).

Abestia

Zubiri zubiri

nongori nongo

nongo alkate zara zu?

Frantziako erregearen

seme-alabak gara gu

zubi hon(e)tatik

pasatzen dena

hemen geldituko dela

hemen geldituko dela.

Close Menu