Skip to main content

ZIBA BIRIBILETAN

Partaide kopurua

Gutxienez 2

Informazio Praktikoa

Zibak aspalditik erabili izan dira Euskal Herri osoan. Gaur egungo haurrek ere erabiltzen dute. Normalean, helburua ziba ahalik eta denbora gehien dantzatzen iraunaraztea da, nahiz eta beste arau batzuk dituzten jolas asko sortu diren. Mundu guztian zehar zabalduriko jokoa da eta milaka urte dituela esan daiteke. Egun gorderik dagoen ziba zaharrena Londresko museo batean dago eta 3.000 urte baino gehiago ditu. Gehienetan egurrez egindako zibak erabiltzen dira. Dena den, horrelako zibak lortzerik ez zegoenean hari-txirrika bat erditik moztu eta makilatxo bat sartzen zioten erdiko zulotik, ziba moduan erabiltzeko. Bestalde, haritzen kuskuiluak (txantxariak, poxpolinak) ere ziba moduan erabiltzen ziren. Horretarako kuskuiluetan dagoen zulotxoan makilatxo bat sartzen zuten, eta, ondoren, hatzekin dantzatzeko indarra ematen zioten.

Espazioa

Ziba dantzatzeko lurrak gogorra izan behar du.

Aldaerak

*ziba biribil batekin

Antzeko jolasa da. Zibak biribil baten barruan dantzatu behar du. Kanpora ateratzen bada edo dantzatu gabe geratzen bada, biribilaren barruan geldituko da eta ondorengo jokalariek kanpora atera ahal izango dute puntuak lortzeko.

Azalpena

1. Jolas honetarako jolaskide bakoitzak ziba bat behar du. Zibak dantza egin dezan, soka bat lotu behar zaio, eta ondoren indarrez lurrera bota. Lurrean bi biribil margotuko dira, handia bata eta beste bat txikiagoa, lehenengoaren barruan.

Lehenengo jokalariak biribil txikiaren barrura botako du bere ziba eta bertan dantzarazten saiatuko da. Helburua ziba dantzatuz biribil txikitik handira pasatzea da. Lehenengo jokalari horrek ez badu lortzen ziba dantzatzea edo biribil txikitik handira pasatzea, orduan biribil txikian utzi beharko du bere ziba.

2. Bigarren jokalaria saiatuko da bere zibarekin barruan gelditu den ziba biribil txikitik ateratzen. Horretarako bere ziba dantzatu egin behar du eta biribil txikitik atera behar du ere. Hori guztia lortuz gero puntu bat irabaziko du, bestela bere ziba ere barruan utzi beharko du.

3. Jokaldi hauek beste jolaskide guztiek errepikatuko dituzte, ahalik eta puntu gehien irabazteko helburuarekin.

Biribil bakarrarekin ere jolas daiteke. Zibak biribil baten barruan dantzatu behar du. Kanpora ateratzen bada edo dantzatu gabe geratzen bada, biribilaren barruan geldituko da eta ondorengo jokalariek kanpora atera ahal izango dute puntuak lortzeko.

Esamoldeak

  • ZIBA IZENDATZEKO ERAK:
    1. Ziba, txiba, zibota (oso zabaldua Gipuzkoan, baita euskaraz erabiltzen den Nafarroa eta Arabako herri batzuetan ere).
    2. Dantzarine, txantxarie (Nafarroan) (aritzen kuskuiluek izen bera dute eta ziba bezala erabiltzen ziren)
  • ZIBA DANTZATZEKO ERAK: Zutik edo ipurdika dantzatzea: burdin puntarekin edo egurrezko koxkaren gainean bira ematea. Ziba lo egotea: zibak birak tokitik mugitu gabe ematen dituenean. Ziba paseatzen egotea: zibak dantzan ibilbide luzea egiten duenean.

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
trebetasunezko jolasa.
  • Jarduera kognitiboak:
sentipenezko eta mugimenduzko jokaera: errepikapena. Eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
  • Trebetasun funtzionalak:
eraginkortasuna: zehaztasuna eta trebetasuna.
  • Alderdi sozialak:
bana-banako harremana: gizabanakoa-gizabanakoa.

Baliabideak

Ziba eta soka bana

Close Menu