Skip to main content

XOXUA TXALO PIN TXALO

Partaide kopurua

Gutxienez 2 (hobe gehiago)

Informazio Praktikoa

“Aldaerak” atalean azaltzen dugun moduan, jolas honen abestia oso haur txikiekin txaloka aritzeko erabili ohi da aspalditik. Aldaera ugari ezagutzen dira, eta, Resurreción Maria de Azkueren ustez, oso abesti zaharra da. Bizkaian, Iparraldean, Gipuzkoan eta Nafarroan jaso dira abesti honen aldaerak. Hemen bildutako jolasteko eran ikus daitekeen bezala, haurtxoek txalo egiten ikasteko ez ezik, haur helduagoak esku jolasean aritzeko ere oso abesti aproposa da.

Espazioa

Edozein

Aldaerak

*haur txikiekin txalo egiteko
Oso haur txikientzat abesti hau txaloka aritzeko erabili ohi da aspalditik. Heldu batek haurtxoaren eskuak hartuko ditu eta abestiaren erritmoari jarraituz txalo egingo dute. Bestela, helduak txalo egingo du eta haurtxoa gauza bera egiten saiatuko da.

*abestiaren aldaerak
Abestiaren hitzen zenbait aldaera jasota daude. Denak antzekoak dira, baina hemen bi aldaera gehiago azalduko dira:
(1) TXALO PIN TXALO TXALO PIN TXALO NESKA TXIKIA LOTAN DAGO (Lekunberri)
(2) TXALO PIN TXALO TXALO ETA TXALO KATUTXUE MISPILA GAINEAN DAGO, BADAGO BEGO BADAGO BEGO ZAPATATXU BARRIEN BEGIRA DAGO, GAZTELERAKO ARDAUA EKARTEKO, GEURE UMETXUAK BRINDO EGITEKO (Elantxobe)

Azalpena

1. Jolaskideak binaka jarriko dira eta abestia kantatuz jarraian azalduko ditugun mugimenduak eskuez egiten saiatuko dira. Bikoteko kideak elkarri begira jarriko dira eta kantatzen hasi aurretik eskuak gora eta behera astinduko dituzte esaldi hau esanez: TXA-LO-PIN-TXA-LO. Ondoren abesteari ekingo diote.

 

TXALO PIN TXALO:

–         TXA: norberaren bi eskuekin txalo egin.

–         LO: eskuineko eskuarekin bikotekidearen eskuineko eskua jo.

–         PIN: norberaren bi eskuekin txalo egin.

–         TXA: ezkerreko eskuarekin bikotekidearen ezkerreko eskua jo.

–         LO: norberaren bi eskuekin txalo egin eta eskuineko esku-gainarekin bikotekidearen ezkerrekoa jo eta ezkerrekoarekin bikotearen eskuinekoa (biak batera).

XOXUA HAN DAGO: aurreko esaldiaren esku joko bera egin behar da.

XOXUA MIZPIRA GAINEAN DAGO:

–         XO: norberaren bi eskuekin txalo egin.

–         XU: eskuineko eskuarekin norberaren ezkerreko sorbalda ukitu eta ezkerreko eskuarekin norberaren eskuineko sorbalda ukitu.

–         A: norberaren bi eskuekin txalo egin

–         MIZ: eskuineko eskuarekin norberaren eskuineko izterra jo eta ezkerreko eskuarekin norberaren ezkerreko izterra jo.

–         PI: norberaren bi eskuekin txalo egin

–         RA: makurtu eta bi eskuekin oinetakoak ukitu

–         GAI: norberaren bi eskuekin txalo egin

–         NE: eskuineko eskuarekin norberaren eskuineko izterra jo eta ezkerreko eskuarekin norberaren ezkerreko izterra jo.

–         AN: norberaren bi eskuekin txalo egin

–         DA: eskuineko eskuarekin norberaren sorbalda ukitu eta ezkerreko eskuarekin norberaren sorbalda ukitu

–         A: norberaren bi eskuekin txalo egin

–         GO: norberaren bi eskuekin txalo egin eta eskuineko esku-gainarekin bikotekidearen ezkerrekoa jo eta ezkerrekoarekin bikotekidearen eskuinekoa (biak batera)

(E)TA NAHI BADU BEGO: 
2. eta 3. esaldiak bezala.

TA NAHI BADU BEGO: 
2. eta 3. esaldiak bezala

ZAPATATXO BERRIEN ESPEROAN DAGO:

–         ZAPA: norberaren bi eskuekin txalo egin

–         TA: makurtu eta bi eskuekin oinetakoak ukitu

–         TXO: norberaren bi eskuekin txalo egin

–         BE: eskuineko eskuarekin norberaren eskubiko izterra jo eta ezkerreko eskuarekin norberaren ezkerreko izterra jo.

–         RRI: norberaren bi eskuekin txalo egin

–         EN: eskuineko eskuarekin norberaren ezkerreko sorbalda ukitu eta ezkerreko eskuarekin norberaren eskuineko sorbalda ukitu

–         A: norberaren bi eskuekin txalo egin

–         ESPE: norberaren bi eskuekin txalo egin

–         RO: eskuineko eskuarekin norberaren eskuineko izterra jo eta ezkerreko eskuarekin norberaren ezkerreko izterra jo.

–         AN: norberaren bi eskuekin txalo egin

–         DA: makurtu eta bi eskuekin oinetakoak ukitu

–         GO: makurtuta, norberaren bi eskuekin txalo egin eta eskuineko esku-gainarekin bikotekidearen ezkerrekoa jo eta ezkerrekoarekin bikotekidearen eskuinekoa (biak batera).

Haur txikientzat, abesti hau txaloka aritzeko erabili ohi da.. Heldu batek haurtxoaren eskuak hartuko ditu eta abestiaren erritmoari jarraituz txalo egingo dute. Bestela, helduak txalo egingo du eta haurtxoa gauza bera egiten saiatuko da.

Esamoldeak

  • HUTS EGIN: Gaizki egin, kale egin, txarto egin (jolas honetan, esku mugimenduak era egokian ez egitea).
    Adibidez:
    Peiok huts egin du,ezkerreko eskuarekin trabatu egin baita.

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
entzumenezko eta trebetasunezko jokoa.
  • Jokaera kognitiboak:
sentipen-mugimenduzko jokaera erritmikoa: errepikapena.
  • Trebetasun funtzionalak:
eraginkortasuna: trebetasuna eta konzentrazioa.
  • Alderdi sozialak: Kooperazio motako harremana

Abestia

Txalo pin txalo

xoxua han dago

xoxua mizpira gainean dago

(e)ta nahi badu bego

ta nahi badu bego

zapatatxo berrien

esperoan dago

Close Menu