Partaide kopurua
Informazio Praktikoa
Tortoloxekin edo harritxoekin jolasteko modu hau edo antzekoak oso zabalduta egon dira Euskal Herri osoan. Guk jasotako aldaera hau Gipuzkoako Asteasu herrian ikasi genuen. Orain dela hamabost bat urte (80.ko hamarkadan) haurrak txarpaketan aritzen ziren Asteasuko kaleetan. Bost tortoloxekin edo bost harritxorekin berdin jolas egiten dute herrialde askotan: PELOUROS edo XOGO DA PEDRIÑA (Galiza), PEDRETES edo CASQUES (Catalunya), I CINQUE SASSOLINI (Italia)…
Tortoloxak arkumeen belaunetako hezurtxo batzuk dira. Hezurtxo hauek aspalditik erabiliak izan dira Ekialde eta Mendebaldeko hainbat kulturatan jostailu moduan. Telesforo Aranzadiren arabera tortoloxen erabileraren hasiera europarrak ehizatik bizi ziren garaikoa da. Suitzako Jolasaren Museoan (La Tour de Peilz) pertsiarren brontzezko tortolox bat dago ikusgai.
Grezia eta Erroma zaharreko berri asko daude tortolox jokoei buruz. Adibide moduan, Iliada liburuko pasarte batean Patrocolok Aquilesi umetan jokatutako tortolox jokoa gogoratzen dio. Garai horretan bi motatakoak ziren: zorizko jokoak eta trebetasun jokoak. Zorizko jokoetan tortoloxak dado moduan erabiltzen zituzten. Alde bakoitzak puntuazio zehatz bat ematen zuen. Trebetasun jolasak TXARPAKETAN jolasaren modukoak ziren: 5 edo 6 tortoloxekin.
Espazioa
Aldaerak
*haur txikientzat Haur txikienek ezingo dute jolasa osorik egin, trebetasun handia behar baita. Hauekin PUNTUAREN zatia egiten saiatu gaitezke, hau da, tortoloxak airera bota eta bi eskuekin ahalik eta gehien hartzen saiatu.
Azalpena
1. Jolas hau egiteko bost tortolox edo bost harri eskutan hartu behar ditugu. Lehenengo jokalariak bost tortoloxak lurrera botako ditu eta, ondoren, eskuineko eskuarekin tortolox bat hartuko du. Besteak banan-banan hartu beharko ditu, baina hartu aurretik eskuineko eskuan duen tortoloxa airera botako du. Airean dagoen bitartean, lurrean dagoen tortolox bat eskuineko eskuarekin hartuko du eta ezkerreko eskuan gordeko du. Mugimendu berak errepikatuko dira lurreko lau tortoloxak ezkerreko eskuan eduki arte. Jolasaren lehenengo zati honi BANAKAKOAK deitzen zaio.
2. Aurreko urratsak ondo betez gero, jolasaren bigarren zatia egin behar da: PUNTUARENA. Tortoloxak edo harriak bi eskutan hartu eta gorantz bota behar dira. Eskuei buelta eman ondoren eta elkarrekin edukita, tortoloxak eskuen goiko aldearekin hartu behar dira. Hau egin ondoren eskuen goiko aldetik hartu ditugun tortoloxak berriro airera botako ditugu eta hartzen saiatuko gara, oraingo honetan, eskuen ahurrekin.
3. Jolasaren bigarren zatian hartu ditugun tortoloxen kopuruaren arabera, puntu batzuk irabaziko ditugu:
– bost tortoloxak hartuz gero: 10 puntu
– lau tortolox hartuz gero: 4 puntu
– hiru tortolox hartuz gero: 3 puntu
– bi tortolox hartuz gero: 2 puntu
– tortolox bat hartuz gero: puntu 1
– tortoloxik ez hartzea: -10 puntu (hamar puntu galtzea)
4. Lehengo bi zatiak (BANAKAKOAK eta PUNTUARENA) ondo egin ondoren, hau da, akatsik gabe eginez gero, jolasa zaildu egiten da: BINAKOAK. Berriro ere tortoloxak edo harriak lurrretik hartu behar dira, baina oraingo honetan binaka. Lehenengo bat airera bota eta ondoren lurrean dauden lau tortoloxetatik bi batera hartu behar dira eskuineko eskuarekin eta ezkerreko eskuan gorde. Bukatzeko, lurrean gelditzen diren bi tortoloxekin gauza bera egingo da. Zati hau ondo eginez gero, puntuak lortzeko aurretik aipatu dugun bigarren zatia (PUNTUARENA) egin behar da.
5. Horrela jarrai daiteke jolasean, gero eta arau zailagoak beteaz. Tortoloxak lurretik hartu ondoren beti PUNTUAREN zatia egin behar da:
– HIRUNAKOAK: Tortolox bat airera bota eta lurreko tortoloxa bat hartu. Ondoren tortoloxa airera bota eta bitartean lurrean dauden hirurak batera hartu.
– LAUNAKOAK: Tortolox bat airera bota eta bitartean lurreko lau tortoloxak batera hartu.
– ESKU-BARRUKOA: Zati hau BANAKAKOA bezala egiten da baina lurretik hartzen diren tortoloxak eskuineko eskuan utzi behar dira.
– TXIMINTXAK: Zati hau ESKU-BARRUKOA bezala egiten da, baina hartutako tortoloxak airera bota behar ditugu. Hau da, lehendabizi airera bat botako dugu eta, bitartean, lurreko beste bat hartuko dugu. Ondoren bi botako ditugu airera (hasierakoa eta lurretik hartutakoa) eta lurretik beste bat hartuko dugu. Azkenean, lau botako ditugu airera eta lurreko azkena hartuko dugu.
– BERTAN UTZIAK: Airera bat botako dugu eta lurreko bat hartuko dugu. Ondoren airera bat botako dugu eta airean dagoen bitartean aurretik hartu duguna lurrean utzi eta beste bat hartuko dugu. Horrela lurreko tortolox guztiak hartu eta berriro lurrean utzi arte.
– TRUKAK: Aurrekoa bezala egiten da, baina lurrean hiru gelditzen direnean denak hartu behar dira.
Haur txikienek ezingo dute jolasa osorik egin, trebetasun handia behar baita. Hauekin PUNTUAREN zatia egiten saiatu gaitezke, hau da, tortoloxak airera bota eta bi eskuekin ahalik eta gehien hartzen saiatu.
Esamoldeak
- TXARPAKETAN JOLASA IZENDATZEKO BESTE MODUAK: Bostarrika Banakakoa
Txintxarrika
Batasakea - TORTOLOXA IZENDATZEKO ERAK:
Akerko (Zumaia, arrona)
Attinttun (Amikuze, Mixe)
Azurrak(Lekeitio)
Batasakea (Ataun)
Bolborita (Berastegi, Hernani)
Bolts harriak (Oragarre)
Buxtarri (Oiartzun)
Puxtarri (Berastegi)
Exurko (Uztarroz)
Kaloka (Oiartzun, Donostia)
Karnakukuak (Urbiza)
Kurkuluxak (Andoain, Bidegoian, Goizueta)
Kurlu (Ispaster)
Labarriketa (Donostia)
Mailak (Oragarre)
Mailka (Ezpeleta, Baztan)
Mailtxor (Isturitz)
Malezur (Hondarribia)
Moltxaharri (Aldude, Donibane, Garazi)
Pongolak (Ondarroa)
Pongolan (Ondarroa)
Saka (Apellaniz, Mañaria, Otxandio, Ubidea)
Sakapon (Zestoa, Zarautz)
Xakak (Aramaio)
Tortolak (Ermua , Durangaldea)
Tortolesak (Arrasate)
Tortolisak (Aretxabaleta)
Tortoloxak (Arrasate , Ataun, Elosua, Donostia, Zumarraga , Bergara)
Turtulizak (Oiartzun)
Txarpak (Asteasu, Alkiza)
Txoko (Elorrio, Oñati, Goizueta)
Unak (Astigarraga)
Xerri mailak (Donibane Lohitzun)
Gaitasunak
- Jarduera ludikoa: trebetasunezko jolasa.
- Jokaera kognitiboak: sentipen-mugimenduzko jokaera: arrazoimen praktikoa. Eragiketa jokaera: sailkatzea.
- Trebetasun funtzionalak: eraginkortasuna: trebetasuna eta zehaztasuna.
- Alderdi sozialak: bana-banako harremana: gizabanakoa-gizabanakoa.