Skip to main content

SORGIN MARRA

Partaide kopurua

Gutxienez 3 (hobe gehiago)

Informazio Praktikoa

Orratzekin edo jostorratzekin sarri jolasten ziren garai batean. Etxe guztietan izaten ziren orratzak, beraz, oso aproposak ziren jolaserako. Trebetasunezko jolasetarako erabiliak baziren ere, batez ere igarkizun jokoetan erabiltzen ziren. Igarkizun joko hauek hiru motatakoak izaten ziren:

1. Orratzak eskuan gorde eta asmatu behar zen zer alde zegoen (PUNTT ALA BURU eta TRONKALAKUILU).
2. Eskuan zenbat orratz ezkutaturik dauden asmatzea (ORRATZ JOKOA, ZENBAT UKABILIAN? eta ZALDUNKA)
3. Orratzak harri baten azpian ezkutatzea (IZKILIN JOKOA eta SORGIN MARRA).

Bilduma honetan jaso dugun SORGIN MARRA jolasa, 1927. urtean Manuel Inbuluzketak Baztanen eta Ultzaman jasotako bi jolasen moldaketa da. Jolas biak oso antzekoak dira, baina jarritako harri kopurua eta ezkutatutako orratz kopurua ezberdina da. Abestiaren hitzak egiteko IZKILIN JOKOAREN erabiltzen zen abestian oinarritu gara (Atxi mutxi zilarra, gan gan oilarra, ardi maingu bilera, tanto putento tximikoto).

Espazioa

Nahiko toki zabala

Aldaerak

*sorgin gehiagorekin
Sorgin bat baino gehiago egon daitezke. Jolaskide asko direnean komeni da sorgin bakarra ez egotea. Sorgin bakoitzeko orratz bana beharko da. Jolasaren dinamika berdina da, baina biribilean dantzatzean, sorginak sorgin marraren barrualdean ere korroan dantzatuko dira.

Azalpena

1. Parte hartuko duten lagun guztien artean zozketa egingo dugu nork beteko duen aukeratzeko. Beteko duenari “sorgina” deituko diogu.

2. Aukera egiteko lagun batek orratz bat hartuko du (“izkilina”) eta eskuan ezkutatuko du. Beste jolaskideak lerro batean jarriko dira eta esku barruan dagoen izkilina zer aldera dagoen asmatu behar dute. Horretarako, eskuan izkilina duenak galdera hau egingo du: “PUNTT ALA BURU?”, hau da, behatz potoloaren aldean zer dagoen, izkilinaren punta ala izkilinaren burua. Asmatzen dutenen artean jolasa berriro errepikatuko da jolaskide bakarra geratu arte. Lagun hori sorgina izango da.

3. Sorgina aukeratu ondoren, beste jolaskide guztiek harri bana ekarriko dute. Harriak nahikoa handiak izango dira; azpian izkilina ezkutatzeko modukoak. Sorginak biribila margotuko du lurrean. Marra honi “sorgin marra” deituko zaio. Jolaskideek sorgin marraren gainean jarriko dituzte beren harriak, biribila osatuz.

4. Sorginak izkilina harri baten azpian ezkutatuko du, beste jokalariek ikusi gabe. Ondoren sorgina sorgin marraren erdian jarriko da eta beste jolaskide guztiak biribilean jarriko dira sorgin marraren inguruan. Elkarri eskutik helduta abestia abestuko dute, biraka.

5. Abestia bukatzerakoan biribileko jokalari bakoitzak harri bana aukeratu beharko du. Izkilina azpian duen harria aukeratzen duen laguna hurrengo txandan sorgina izango da.

Sorgin bat baino gehiago egon daitezke. Sorgin bakoitzeko orratz bana beharko da. Jolasaren dinamika berdina da, baina biribilean dantzatzean, sorginak sorgin marraren barrualdean ere korroan dantzatuko dira.

Esamoldeak

  • IZKILINA:
  • Orratza, iskilinba, buru-orratza.
  • BETE IZAN:
    Betetzea (jolas honetan, sorgina).
    Adibidez:
    Nor da bete?
    Zozketa egin ondoren, Joxepari egokitu zaio bete izatea.
    Beraz, Joxepak beteko du.
  • BIRIBILEAN:
    Kirrinkiloan, errondan, korroan.
    Adibidez:
    Jolasa hasteko, jokalari guztiak biribilean (kirrinkiloan, korroan, errondan) jarriko dira.

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
entzumenezko eta ausazko jokoa.
  • Jokaera kognitiboak:
sentipen-mugimenduzko jokaera erritmikoa.
  • Trebetasun funtzionalak:
ikerketa: lekualdatzea.
  • Alderdi sozialak:
mota mistoko harremana: (gizabanakoa-gizabanakoa eta kooperazio motakoa).

Abestia

Atzi mutxi zilarra

gan gan oilarra

harriak sorgin marran

azpian izkilinak

Baliabideak

Jostorratza eta jokalari bakoitzeko harri bana

Close Menu