Skip to main content

KORRIKA AFALTZERA

Partaide kopurua

Gutxienez 5 (hobe gehiago)

Informazio Praktikoa

Jolas hau Etniker Taldeak Arabako Mendiola herrian jasotako “A correr a cenar” jolasean oinarritzen da. Urtxintxa eskolako Jaime Altunak sortu du aldaera hau jolasaren dinamika zertxobait moldatuz eta abestiaren hitzak sortuz. XAGU TXIKI edo ZAPIA ZURI ATZETIK jolas ezagunen tankerakoa dela esan daiteke, baina KORRIKA AFALTZERA jolasean, korrika egiten den zatiak garrantzi handiagoa du horietan baino.

Espazioa

Nahiko leku zabala

Aldaerak

*bi dantzarirekin
Jokalari kopurua oso handia bada, abestia abesten den bitartean bi lagun jar daitezke dantzan: bat biribilaren kanpoaldetik ibiliko da, eta bestea, berriz, barrualdetik. Abestia bukatzerakoan, bi dantzariak biribilaren bi tokitan geratuko dira besoak luzatuta. Bi dantzarien alboan dauden jokalariek biribilaren kanpo aldetik korrika egin beharko dute.

Azalpena

1. Jolaskide guztiak biribilean barrura begira jarriko dira. Bat kanpotik dantzan eta biribilketan hasiko da eta besteek abestia kantatuko dute, bitartean, txaloka.

2. Abestia bukatzen denean, biribilaren inguruan dantzan ari dena biribileko bi lagunen artean jarriko da besoak irekita. Bi lagun horiek korrika hasiko dira bakoitza alde batera. Bi korrikalari hauetatik biribilari korrika buelta eman eta besoak luzatuta dituen lagunarengana azkena iristen denari betetzea egokituko zaio hurrengo txandan.

3. Jolasa berriro errepikatuko da, baina, oraingo honetan, aurreko txandan korrika azken iritsi dena izango da bete eta biribilaren inguruan dantzatu beharko du.

Jokalari kopurua oso handia bada, abestia abesten den bitartean bi lagun jar daitezke dantzan: bat biribilaren kanpoaldetik ibiliko da, eta bestea, berriz, barrualdetik. Abestia bukatzerakoan, bi dantzariak biribilaren bi tokitan geratuko dira besoak luzatuta. Bi dantzarien alboan dauden jokalariek biribilaren kanpo aldetik korrika egin beharko dute.

Esamoldeak

  • BETE IZAN:
    Betetzea (jolas honetan, biribil inguruan dantzan dabilen laguna).
    Adibidez:
    Nor da bete?
    Zozketa egin ondoren, Joxepari egokitu zaio bete izatea.
    Beraz, Joxepak beteko du.
  • BIRIBILEAN:
    Kirrinkiloan, errondan, korroan.
    Adibidez:
    Jolasa hasteko, jokalari guztiak biribilean (kirrinkiloan, korroan, errondan) jarriko dira.

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
entzumenezko eta mugimenduzko jokoa.
  • Jokaera kognitiboak:
eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
  • Trebetasun funtzionalak: ikerketa: lekualdatzea. Eraginkortasuna: lastertasuna.
  • Alderdi sozialak:
bana-banako harremana: gizabanakoa-gizabanakoa.

Abestia

Mamia, makarroiak,

masusta ta mahatsa

gustora nago eta

ez noa afaltzera.

Txistorra, txipiroiak,

txitxarro ta txinbilak

gose naiz ta banoa

korrika afaltzera.

Close Menu