Skip to main content

BAGA HEITAMA TUTAMA

Partaide kopurua

Gutxienez 2

Informazio Praktikoa

Jolas hau atzerritik ekarritako jolas baten euskarazko moldaera da. Arantzako aterpean lanean diharduten Urtxintxako hezitzaileek moldatutako jolasa da. Jolas originalaren dinamika erabiliz eta euskarazko zozketa jolas ezagunak (baga biga higa laga boga sega zai zoi bele arma tiro pun) duen kontatzeko modua gehituz jolas interesgarri hau sortu zen.

Espazioa

Edozein

Azalpena

Bi jokalariak aurrez aurre jarriko dira, Bat “gidaria” izango da, eta bestea, “asmatzailea”. Zozketa bitarkez aukeratuko da zein hasiko den gidari. Gidariak egiten duen mugimendua asmatu behar du asmatzaileak.

Lau mugimendu mota egin daitezke:

– Bi besoak altxatu ukabilak itxita ditugula.

– Eskuineko besoa altxatu eta ezkerrekoa gerrian jarri.

– Ezkerreko besoa altxatu eta eskuinekoa gerrian jarri.

– Bi besoak gerrian jarri.

Mugimendua egin aurretik bi jolasakideek “BAGA HEITAMA TUTAMA” esango dute. “Tutama” hitza esan bezain laster egin beharko dute mugimendua. Asmatzaileak igartzen badu zein den gidariak egin duen mugimendua, hau da “tutama” hitza esan eta berehala biek mugimendu bera egiten badute, asmatzaileak irabaziko du eta hurrengo txandan bera izango da gidari. Bestela, gidariak jarraituko du lan hori betetzen.

Bigarren txandan esan beharreko esaldia “BIGA HEITAMA TUTAMA” da . Alegia, zozketa jolas ezagunaren kontatzeko modua erabiltzen da txanda bakoitzean esaldia adierazteko: baga biga higa laga boga sega zai zoi bela arma tiro pun. Jolasa berdin errepikatzen da eta txanda honetan asmatzaile denak mugimendua asmatzen badu, berriro paperak aldatzen dira, eta hurrengoan “HIGA HEITAMA TUTAMA” esaldia esango dute.

Jolasa hamar aldiz errepikatzen da. Hamargarren txandara gidari modura iristen dena izango da irabazlea. Ez du axola zenbat txanda irabazi dituen aurretik, helburua ez baita ahalik eta txanda gehien irabaztea, hamargarren txandara gidari moduan iristea baizik.

Txandetan esan beharreko esaldiak honako hauek dira:

–         Lehen txanda: BAGA HEITAMA TUTAMA

–         Bigarren txanda: BIGA HEITAMA TUTAMA

–         Hirugarren txanda: HIGA HEITAMA TUTAMA

–         Laugarren txanda: LAGA HEITAMA TUTAMA

–         Bosgarren txanda: BOGA HEITAMA TUTAMA

–         Seigarren txanda: SEGA HEITAMA TUTAMA

–         Zazpigarren txanda: ZAI HEITAMA TUTAMA

–         Zortzigarren txanda: ZOI HEITAMA TUTAMA

–         Bederatzigarren txanda: BELE HEITAMA TUTAMA

Hamargarren txanda: ARMA TIRO PUN

Esamoldeak

  • GIDARIA:
    Jolasaren iniziatiba eramaten duena.
  • ASMATZAILEA:
    Gidariak egingo duen mugimendua igartzen saiatu behar duen laguna.

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
ausazko jolasa.
  • Jokaera kognitiboak:
eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
  • Trebetasun funtzionalak:
eraginkortasuna: kontzentrazioa.
  • Alderdi sozialak:
bana-banako harremana: gizabanakoa-gizabanakoa

Close Menu