Skip to main content

AZERIAK, OILOAK ETA SUGEAK

Partaide kopurua

Gutxienez 6 (hobe gehiago)

Informazio Praktikoa

Ohiko harrapaketa jolasen aldaera moderno bat da. Oso ezaguna da aisialdiko heziketan lanean ari diren taldeen artean. Ingurumenari buruzko azalpenak emateko oso baliagarria da (ekosistemaren oreka azaltzeko). Honez gain oso jolas dibertigarria da jokalari askorekin eta toki irekietan eginez gero.

Espazioa

Toki zabala

Aldaerak

*azeriak, untxiak eta belarra
Aldaera honetan, belarra direnak geldirik daude, eta untxiak baino lagun gehiago dira. Untxiak ere azeriak baino gehiago dira. Untxi batek belarra harrapatzen duenean, belarra untxi bihurtzen da. Azeri batek untxi bat harrapatzen badu, untxia azeri bihurtzen da.

Komeni da oso azeri gutxi egotea eta lagun asko belar izatea. Jolasa zailago izateko, hiru untxik eskutik helduz gero azeriak harrapa ditzaketela erabaki daiteke.

Azalpena

1. Hiru talde egingo dira (azeriak, oiloak eta sugeak) eta denen artean jolas eremu bat mugatuko da. Eremu horretan talde bakoitzak etxea non duen erabakiko du. Taldeak bereizteko koloretako zapiak erabil daitezke.

2. Jolas eremu hori errespetatuz, talde bakoitzak beste talde bateko jokalariak harrapatu beharko ditu:

–         Azeriek oiloak harrapatu behar dituzte, eta azerien etxera eraman. Bertan atxilotuta geratuko dira.

–         Oiloek sugeak harrapatu behar dituzte, eta oiloen etxera atxilotuta eraman.

–         Sugeek azeriak harrapatuko dituzte, eta beraien etxera eraman.

Atxilotuta daudenak askatzeko, libre den taldekide batek atxilotuta dauden tokira sartu beharko du.

Animalia bakoitza bere etxean sartuz gero, besteek ezin dute harrapatu.

3. Jokoa talde bakarra geratzen denean bukatzen da.

Azeri, untxi eta belarrarekin ere jolastu daiteke. 
Aldaera honetan, belarra direnak geldirik daude eta untxiak baino gehiago dira. Untxiak ere azeriak baino gehiago dira. Untxi batek belarra harrapatzen duenean, belarra untxi bihurtzen da. Azeri batek untxi bat harrapatzen badu, untxia azeri bihurtzen da. Komeni da oso azeri gutxi egotea eta lagun asko belar izatea.

Jolasa zailago izateko, hiru untxik eskutik helduz gero azeriak harrapa ditzaketela erabaki daiteke.

Esamoldeak

  • HARRAPATUTA:
    Kitto (Nafarroa). (Harrapatzeko unean harrapatzaileak KITTO! esango du.)
  • LIBRATZEA:
    Askatzea (Jolas honetan, beste animalia baten etxean atxilotuta daudenak ASKATU edo LIBRATU behar dituzte beren kideek.)
  • ERRE, ERRA:
    (Jolas eremuaren mugetatik ateratzea. Mugetatik kanpo ateraz gero ERRA EGITEA edo ERRE EGITEA esan daiteke.)

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
mugimenduzko eta estrategiazko jokoa.
  • Jokaera kognitiboak:
eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
  • Trebetasun funtzionalak:
ikerketa: lekualdatzea (korrika). Eraginkortasuna: lastertasuna eta erresitentzia.
  • Alderdi sozialak:
mota mistoko harremana (gizabanakoa-gizabanakoa eta talde motako harremana).

Baliabideak

Zapiak taldeak bereizteko

Close Menu