KOMUNIKAZIO TEKNIKAK

Sail hau hiru partetan banatu dugu. Hasteko, isiltasuna eskatzeko ariketa batzuk ditugu, ahotsa goratzen eta garrasi egiten ibili beharrik izan gabe. Sarritan gertatzen den gauza da: taldea toki batean sakabanatuta dago, edo zurrumurru ozen bat da nagusi, eta isiltasuna behar dugu argibideren bat eman nahi dugulako; azkenean, nahi ez badugu ere, oihu egin behar izaten dugu, isiltasuna eskatzeko. Hona hemen, beraz, egoera hori saihesteko eta guk gure helburua betetzeko lagungarri gerta dakizkigukeen tresna batzuk.

Bigarren zatian, taldeak hizketa txandak errespetatzen ikas dezan erabiltzeko dinamika batzuk ditugu, dinamizatzaileak hitza ematen edo kentzen ibili beharrik izan ez dezan, eta taldeak pixkanapixkana bere burua arautzen eta txandak errespetatzen ere ikas dezan, inolako teknikaren edo moderatzaileren beharrik gabe. Amaitzeko, ahozko komunikazioan entzute aktiboa sustatzeko eta
gure komunikazio posibilitateak (ez-hitzezko komunikazioa, adibidez) bultzatzeko jolas batzuk eskaintzen ditugu.

Helburuak

Taldea isilik eta adi egotea lortzea.
Ahotsa goratu beharrik izan gabe hitz egin ahal izatea.

Parte hartzaileak

+1

Garapena

Eskua altxatu eta zenbaki bat adieraziko dugu hatzekin (hirua, adibidez), honela esanez: “entzuten badidazu, egin hirua hatzekin…”.
Ekintza errepikatuko dugu, hatzekin beste zenbaki bat adieraziz.
Sekuentzia errepikatuko dugu, talde osoaren arreta erakartzea lortu arte. Orduan, isiltasuna eskatuko diogu taldeari, ahotsa goratu gabe hitz egin ahal izateko.

Antolaketa

Dinamika honek ez du aurkezpenaren beharrik. Taldea hizketan edo zarata egiten ari denean erabiltzekoa da. Hasteko, aurrean ditugun pertsonengana joko dugu, eta pixkana-pixkana gainerakoak ohartuz joango dira. Horrek denbora gehiago eskatuko badigu ere, ahotsa goratu gabe jardun behar dugu denbora guztian.

Jolas eremua

Edozein.

Denbora

5 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Parte hartzaileei edozein mugimendu imitatzeko eskatu, edo galde-erantzunezko jokoak egin.

Gomendioak

Ez galdu pazientzia; izan ere, teknika honekin ez da erraza isiltasuna berehala lortzea. Mugimenduen artean dibertigarriagoa den baten bat tartekatzen badugu, errazago erakarriko dugu taldearen arreta.

Ebaluazioa

Isiltasuna lortzen den ikusi.

Helburuak

Taldea isilik eta adi egotea lortzea.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Taldearen arreta erakarri nahi dugunean, oihu hau egingo dugula azalduko dugu: “Eo-eo?”. Taldeak beste oihu hau eginez erantzungo digu: “Oe!”.
Ondoren, isilik gelditu beharko dira, gure azalpen edo oharrei adi.
Tarte bat utziko dugu zalantzak argitzeko eta galderei erantzuteko.
Azaldutakoa praktikan jartzera gonbidatuko dugu taldea. Horretarako, hizketan aritu beharko dute etengabe.
Guk “Eo-eo?” esaten dugunean, taldeak “Oe!” erantzun beharko du, eta isilik gelditu.

Antolaketa

Denak elkarrekin eta isilik gaudenean azalduko dugu zertan datzan ariketa. Marmarrak koordinatzailearen ahotsa entzuten uzten ez duenean erabiltzen da teknika hau.

Jolas eremua

Edozein.

Denbora

5 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Beste edozein galdera edo hitz erabil daiteke.

Gomendioak

Garbi utzi dinamizatzaileak baino ezin duela esan “Eo-eo?”.
Teknika hau ez gehiegitan erabili; eraginkortasuna galtzeko arriskua dago.

Ebaluazioa

Teknika eraginkorra den ikusi.

Helburuak

Taldea isilik eta adi egotea lortzea.
Ahotsa goratu beharrik izan gabe hitz egin ahal izatea.

Parte hartzaileak

+3

Garapena

Taldearen arreta erakartzeko, ahotsa goratu ordez, eskua altxatuko dugula azalduko diegu parte hartzaileei. Eskua altxatuta ikusten gaituztenean, isildu egin beharko dira, eta eskua altxatu beharko dute haiek ere, gainerako parte hartzaileak aldaketaz ohar daitezen, hots, isiltasuna eskatzen ari garela kontura daitezen. Isilik egoteko eskaeraz ohartu ez denik baldin badago, lehenbailehen jakinaraziko diogu, bizkarrean zapladatxo bat emanez eta eskua altxatzeko keinua erakutsiz, baina hitzik egin gabe. Guztiak isilaraztea lortzen dugunean, eskua jaitsiko dugu, eta une horretan eman beharreko azalpena eman edo egin beharreko oharra egingo dugu.
Tarte bat utziko dugu zalantzak argitzeko eta galderei erantzuteko.
Azaldutakoa praktikan jartzera gonbidatuko dugu taldea: horretarako, etengabe hizketan hasiko dira denak.
Eskua altxatuko dugu eta denak isildu arte arte itxarongo dugu.

Jolas eremua

Edozein.

Denbora

2 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Eskua altxatu ordez, beste keinu bat egin: eskuaz ahoa estali, mingaina atera, beso biak altxatu, etab.

Gomendioak

Gogoratu ezingo dugula ahapeka ere hitz egin eskua altxatuta dugun bitartean, eta ondokoa ohartu ez bada, hitzik egin gabe jakinaraziko beharko diogula isiltzeko, dinamika errespetatzearren.
Ez hasi hizketan denak isildu arte.

Ebaluazioa

Teknika eraginkorra den ikusi.

Parte hartzaileak

+2

Garapena

Harea erlojua aurkeztuko dugu taldearen aurrean. Dinamika honetan, pertsona bakoitzak hitz egiteko zenbat denbora duen neurtzeko, objektu hori erabiliko dugula azalduko dugu.
Martxan jarriko dugu harea erlojua, taldeak denbora nola igarotzen den ikus dezan.
Pertsona bat hizketan ari den bitartean, besteek isil-isilik entzun beharko diote, ezertarako esku hartu gabe. Hark bukatzean, hitz egin nahi dutenek harea erlojua eskatu beharko dute aurrena (txandak aldez aurretik hitzartuta ez badaude). Oraindik hitz egin ez dutenek izango dute lehentasuna.

Antolaketa

Dinamika aurkeztu aurretik, ondoan edo eskuetan hartuko dugu harea erlojua. Taldea biribilean jarriko da, denek ondo ikusi eta entzuteko modua izan dezaten.

Jolas eremua

Edozein.

Denbora

5 minutu.

Materiala

Harea erloju bat.

Aldaerak

Harea erloju baten ordez, kronometro digital bat erabil daiteke.

Gomendioak

Erabili dinamika hau parte hartzaileek hizketaldi luzeak egin behar dituzten jardueretan edo hitz egiteko eta entzuteko txandak errespetatzea zaila gertatzen den eztabaidetan.

Ebaluazioa

Erreparatu ea hizlariek harea erlojuak markatutako denbora errespetatzen duten eta gainerako parte hartzaileak adi dauden.

Helburuak

Taldea isilik eta adi egotea lortzea.
Ahotsa goratu beharrik gabe hitz egin ahal izatea.

Parte hartzaileak

+20

Garapena

Argiak itzaliko ditugu.
Taldeak arreta jarri eta isiltasuna egin arte itxarongo dugu.
Eman beharreko agindua emango dugu

Antolaketa

Estrategia hau erabiltzen hasi baino lehen, ondo azaldu behar da zertan datzan, eta haren erabilgarritasunaz denak ondo jabetzen direla ziurtatu. Bestela, kontrako efektua eragin dezake: hau da, argiak itzaltzean, iskanbila handiagotzea. Dena dela, argiak ez du denbora askoan egon beharko itzalita, isiltasuna nagusitu arte baino ez.

Jolas eremua

Edozein espazio itxi.

Denbora

2 minutu.

Materiala

Argiak.

Aldaerak

Kode bat asma dezakegu argiekin. Adibidez: argiak hiru aldiz piztu-itzaltzeak jostailuak jasotzen hasteko ordua dela esan nahi izan dezake.

Gomendioak

Dinamika hau talde handietan erabiltzekoa da, taldea beste jardueraren batean murgilduta dagoelako-edo isiltasuna lortzea zaila den uneetan. Adibidez: jolas librean ari direnean espazio zabal baina itxi batean, jangelan… etab.
Estrategia hau ez gehiegitan erabili; denborarekin baliteke eraginkortasuna galtzea.

Ebaluazioa

Isiltasuna lortzen den ikusi.

Helburuak

Bi aldeen artean komunikazio zabal bat izatearen garrantzia aztertzea.
Norabide bakarreko komunikazioak dituen mugak aztertzea.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Parte hartzaileko bakoitzeko paper bana eta arkatz bana banatuko ditugu.
Marrazki bat deskribatuko dugula eta gure azalpenen arabera marraztu beharko dutela azalduko diegu. Horretarako, haiek ezingo dute ez hitz egin, ez galderarik egin, eta guk ezingo dugu marrazkia erakutsi.
Gainera, marrazkia egiteko behar duten denbora kronometratuko dugu.
Jarduerari ekingo diogu. Marrazkia deskribatuko dugu, poliki-poliki, taldeak marrazteko nahiko denbora izan dezan, eta denbora neurtuz.
Bukatzean, paperari buelta emateko eskatuko diegu.
Jarduera errepikatuko dugula azalduko diegu, baina oraingoan beste marrazki bat deskribatuko dugula eta hitz egiteko eta galderak egiteko aukera izango dutela. Debekatua izango dute marrazkia ikustea edo elkarri kopiatzea. Oraingoan ere, marrazkia egiteko behar duten denbora neurtuko dugu.
Jarduerari ekingo diogu.
Bukatzen dutenean, marraztu behar zutena marraztuko dugu arbelean, edo marrazkiak erakutsiko ditugu, besterik gabe, norberak bere emaitza azter dezan eta besteekin erka dezan.
Irudi bakoitza egiteko zenbat denbora behar izan dugun, eta, objektuak non kokatu ditugun, bi marrazkien artean zehatzena zein den ikusiko dugu.
Eztabaida edo gogoeta bat abiaraziko dugu, honako puntu hauetan oinarrituta:
1. Gehienetan, denbora gehiago behar izaten da bigarren marrazkia egiteko, baina emaitza hobea izaten da. Horrek agerian jartzen du zeinen aberatsa den guztion arteko komunikazio zabal hori, lehen irudiaren kasuko komunikazio motaren aldean.
2. Argi geratu behar da aurpegiko espresioa eta keinuak komunikazioaren parte inportante bat direla, eta zuzeneko komunikazioaren osagarri ezinbestekoak direla. Jarduera honetan, ahozko komunikazioa baino ez da erabiliko.
3. Irudien deskribapena egiteko modua ere aztertuko da: azalpenak nahikoak eta egokiak izan ote ziren; helburuak ondo planteatu ote ziren; behar zen informazio guztia eman ote zen; etab.
4. Erabili jardueraren ondorioak gure eguneroko bizitzan komunikazioa mota desberdinak nola ematen diren eztabaidatzeko: hedabideak, eskola, organizazioa, familia, etab.

Antolaketa

Marrazkiak eta haiek deskribatzeko erabili beharreko jarraibideak aldez aurretik prest eduki.

Jolas eremua

Marrazten eroso egoteko aukera ematen duen edozein.

Denbora

30 minutu.

Materiala

Orriak eta idazteko materiala, irudiz hornituriko bi marrazki, kronometroa eta arbela (aukerakoa).

Aldaerak

Dinamizatzaileak egin ordez, lantegiko parte hartzaileetako batek egin dezake marrazkien deskribapena.

Gomendioak

Ondo prestatu marrazkiaren deskribapena egiteko modua. Behar izanez gero, aldez aurretik idatzita eraman.

Ebaluazioa

Erreparatu taldeak egindako marrazkiei eta aintzat hartu parte hartzaileek amaierako hausnarketan egindako iruzkinak eta gogoetak.

Helburuak

Ukimenaren bidez sentimendu adierazpena lantzea eta talde osoari bizipen hori izaten laguntzea.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Parte hartzaileak, elkarri eskua emanda eta begiak itxita, biribilean jarriko dira.
Boluntario bati eskatuko diogu mezu bat bidal diezaiola biribilean dagoen beste norbaiti bere eskuaren bidez (adibidez: bi estutu-etena-estutu bat), hari sentimendu bat adieraziz.
Mezua jaso duen pertsonari eskatuko diogu mezu bera bidal diezaiola hurrengo pertsonari, eta horrela hurrenez hurren, zirkulu osoa zeharkatu arte.
Mezua azken pertsonarengana heltzen denean, mezua ahoz deskribatzen saiatuko da pertsona hori.
Beste boluntario batekin eta beste mezu batekin errepikatuko dugu orduan dinamika.

Antolaketa

Taldea biribilean jarrita dagoenean, dinamika zertan datzan azalduko dugu, adibide bat emanez.
Ariketa errepikatu ahala, handituz joango da sentipenen transmisioa eta aberastasuna, bai eta talde sentimendua bera ere.

Jolas eremua

Edozein.

Denbora

15 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Dinamizatzaileak berak proposatuko dio erronda hasten duen boluntarioari zer sentimendu adierazi.

Gomendioak

Saiatu lankidetza jarrera suspertzen parte hartzaileen artean.

Ebaluazioa

Aintzat hartu parte hartzaileek zer adierazi duten, taldeak zer transmititu duen eta nolakoa izan den azken pertsonaren ahozko adierazpena. Hortik abiatuta, elkarrizketa bat sustatu, komunikazio ez-hitzezkoak taldean eta oro har gizartean duen balioaren inguruan.

Helburuak

Hitz egiteko eta entzuteko txandak errespetatzea, dinamizatzailearen esku hartzearen beharrik izan gabe.

Parte hartzaileak

+2

Garapena

Totema aurkeztuko dugu taldearen aurrean, eta ariketa honetan hura eskuetan duenak baino ezingo duela hitz egin azalduko dugu. Gainerako guztiek adi entzun beharko diote hari. Hitz egin nahi dugunean, totema eskatu beharko diogu hura duenari. Proba saio bat egingo dugu: Totema eskuetan hartu, eta honela esango dugu, adibidez: “Tori Ane, konta iezaguzu zerbait”. Eta Aneri pasatuko diogu totema. Hala, totema eskuz esku pasatzen ibiliko gara, denok esperimentatu ahal izan dezagun zer den isilik egotea eta totema eskuetan dugunean baino ez hitz egin ahal izatea.

Antolaketa

Dinamizatzaileak, aurkezpena egiterakoan, eskuetan hartuko du totema. Taldea biribilean jarriko da, denek ondo ikusi eta entzuteko moduan.

Jolas eremua

Edozein.

Denbora

10 minutu.

Materiala

Objektu txiki bat, totem gisa erabiliko duguna: pilota bat, bolaluma bat, mikrofono bat, etab. Gauza arin eta hauskaitz bat.

Aldaerak

Erritual bat ere sor dezakegu, hitz egiteko txanda hartzeko. Adibidez: totema jasotzean, hura dantzarazi, edo soinu bat egin.

Gomendioak

Dinamika hau jarduera jakin baterako erabili: mahai inguru edo eztabaida baterako, adibidez. Modu jarraian erabiliz gero, eraginkortasuna gal dezake.

Ebaluazioa

Dinamika hau jarduera jakin baterako erabili: mahai inguru edo eztabaida baterako, adibidez. Modu jarraian erabiliz gero, eraginkortasuna gal dezake.

Helburuak

Taldea isilik eta adi egotea lortzea.
Ahotsa goratu beharrik izan gabe hitz egin ahal izatea.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Taldea biribilean esertzera gonbidatuko dugu.
Ur makila zer den erakutsiko diegu; perkusio instrumentu bat dela eta oso soinu atsegina duela azalduko diegu.
Nola erabiltzen den eta nolako hotsa ateratzen duen erakutsiko diegu.
Parte hartzaile bati pasatuko diogu ur makila, probatu dezan. Horrek ondokoari pasatuko dio gero, hark ere proba dezan; eta horrela hurrenez hurren, talde osoak ur makilarekin esperimentatu arte.
Jolasean edo hizketan ari direla zerbait jakinarazi nahi badiegu, isiltasuna eskatzeko ur makila erabiliko dugula azalduko diegu.
Proba bat egingo dugu. Hizketan has daitezen eskatuko diegu. Halako batean, ur makila astinduko dugu. Isiltasuna nagusitzen denean, geu hasiko gara hizketan.

Antolaketa

Dinamizatzaileak ur makila eskuetan duela egingo du aurkezpena.

Jolas eremua

Edozein.

Denbora

15 minutu aurkezpena egiteko.
2 minutu isiltasuna lortzeko.

Materiala

Ur makila bat.

Aldaerak

Ur makilaren ordez, hots gozoko beste instrumentu bat erabil dezakegu: gopor tibetar bat, plater txinatarrak, etab.

Gomendioak

Gomendagarria da aurkezpena egitea eta taldeak instrumentuarekin esperimentatzea, haien artean lotura bat sor dadin, eta estrategia arrakastatsuagoa gerta dadin.

Ebaluazioa

Isiltasuna lortzen den ikusi.

Helburuak

Talde lan bat egiteko orduan, komunikazioak zein garratzi handia duen ikustea.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Hiru boluntario eskatu, eta kanpora ateratzeko esango diegu.
Lehen boluntarioa sarrarazi, eta arbelean zerbait marrazteko eskatuko diogu. Arbelaren alde jakin batean marrazteko esango diogu: behean, erdian, goiko aldean…
Egunkari paper batekin edo eskura daukagun beste edozerekin estaliko dugu marrazkia, lerro mutur batzuk bakarrik agerian utzita.
Bigarren boluntarioa sarrarazi, eta marrazkia osatzeko eskatuko diogu, marrazkiak agerian dituen lerro muturretatik abiatu behar duela azalduz.
Gauza bera egingo dugu gainerako boluntarioekin.
Azkenean, paperak kendu eta agerian utziko dugu marrazkia, taldeak arretaz azter dezan.
Gogoeta txiki bat egingo dugun, komunikazio ezak marrazki kolektiboan duen eraginaren inguruan. Agerian jarriko dugu zer garrantzitsua den zer nahi dugun jakitea talde lan bat gauzatzeko orduan, edo zer inportantea den aldez aurretiko akordio bat izatea helburu komunak lortzeko orduan.

Antolaketa

Aldez aurretik prest eduki jarduera aurrera eramateko behar den materiala.

Jolas eremua

Taldea eroso egongo daitekeen toki bat; arbel bat edo paper handi bat egon behar du, talde osoak ikusteko moduan jarrita.

Denbora

20-30 minutu.

Materiala

Arbel bat edo paper handi bat, marrazkia estaltzeko egunkariak edo paperak, marrazteko materiala.

Aldaerak

Taldea txikia bada, denon artean egin dezakegu jarduera.

Gomendioak

Erabili dinamika hau koordinazio handia eskatzen duen talde lan bat egin aurretik, edo koordinazio faltaren ondorioz huts egin duen talde lan bat egin ondoren, horren kausak analizatzeko.

Ebaluazioa

Amaierako hausnarketaren bidez, erreparatu ea ondo ulertu den helburua eta ea positiboak izan diren hurrengo talde lanaren emaitzak.

Helburuak

Norberaren interpretazioaren arabera informazioa nola desitxuratzen den ikustea.

Parte hartzaileak

+10

Garapena

3tik 5era boluntario eskatuko ditugu eta gauden tokitik ateratzeko eskatuko diegu horietako bati ez beste guztiei
Ondoren, gainerako parte hartzaileak distortsio prozesu baten lekuko izango dira.
Aretoan geratu diren pertsonei isiltasuna mantentzeko eta arretaz entzuteko eskatuko diegu.
Istorio labur bat irakurriko dugu ahots goran, kanpoan dauden pertsonek entzuterik izango ez dutela ziurtatu ondoren. Honako hau bezalako istorio bat, adibidez.
Egunotako albiste batek dioenez, 483 lagun harrapatuta geratu dira behera etorritako eraikin baten azpian. Salbamendu lanak zikloia pasatu ondoren hasi ziren. Milaka pertsona mobilizatu omen dira sendagaiak, tapakiak eta bestelakoak eramateko. Baina diote gertatutakoa ez dela istripuz gertatu, baizik eta bahiketa baten ondorio izan dela, aberats asko baitago harrapatuta geratu direnen artean.
Lehen boluntarioari esango diogu beste boluntario bati deituko diogula orain eta istorio hori bera kontatu beharko diola hari, ahalik eta modurik fidelenean.
Bigarren boluntarioa sartuko da eta esandakoa egingo dugu.
Sekuentzia errepikatuko dugu: oraingoan, bigarren boluntarioak kontatuko du istorioa.
Dinamika errepikatuko dugu, boluntario guztiak pasatu arte.
Sartu den azken pertsonak ahots goran kontatuko du istorioa taldearen aurrean.
Jatorrizko istorioa irakurriko dugu.
Hausnarketa txiki bat dinamizatuko dugu, mezua desitxuratzen duena mezua garbi ez edukitzea dela ikusteko; izan ere, atentzioa gehien eman diguna edo gure ustez garrantzitsuena dena da oroimenean iltzatuta geratzen zaiguna.
Albisteak eta gertaerak nola iristen zaizkigun eta nola jakinarazten diren eztabaidatzeko aukera emango digu ariketa honek; ematen zaien interesaren eta interpretazioaren araberakoak direla ohartzeko.

Antolaketa

Istorioa aldez aurretik prestatuta eta idatzita eramango dugu, asmatzen ibili gabe, bukaeran hitzez hitz errepikatu beharko baitugu.
Taldea biribilean edo zirkuluerdian eserita jarriko da.

Jolas eremua

Edozein.

Denbora

20-30 minutu.

Materiala

Istorio bat.

Aldaerak

Interfono hondatuaren jokoa.

Gomendioak

Erabili dinamika hau komunikazio aktibo eta eraginkor bat lortzea helburu duen gogoeta batekin edo beste ariketa batekin batera.

Ebaluazioa

Ariketan zehar eta amaierako hausnarketan, erreparatu ea parte hartzaileak ondo jabetu diren dinamikaren helburuaz.