IRUDIAK
Helburuak
Abstrakziorako gaitasuna garatzea, gertaera bat, egoera bat edo errealitatea aztertzen dugunean bertan agertzen diren elementu subjektibo eta pertsonalak bereizi ahal izateko.
Egoera bera aztertzeko orduan batzuk eta besteok erabiltzen ditugun bide desberdinak ikustea eta onartzea.
Parte hartzaileak
+3
Garapena
Biribilean esertzera edo arbelera begira jartzera gonbidatuko dugu taldea.
Parte hartzaile bakoitzeko paper eta arkatz bana banatuko dugu.
Esanahi zehatzik gabeko irudi batzuk dituen orri bat erakutsiko dugu.
Irudiei arretaz begiratzeko eta pentsarazi dietena edo haiek ikustean bururatu zaiena marrazteko eskatuko diegu.
Behin hori egindakoan, irudi guztiak erakutsiko dituzte, banan-banan, eta zer marraztu duten azalduko dute. Bien bitartean, arbelean idatziko dugu parte hartzaile bakoitzak azaldutakoa.
Parte hartzaileek azalpenak ematen bukatu ondoren, gertatutakoari buruzko hausnarketa labur bat bideratuko dugu, taldearekin batera eserita. Eztabaidan, marrazki bera interpretatzeko modu desberdinak daudela nabarmenduko dugu (inguratzen gaituen edozein gertaeraren metafora). Errealitatea aztertzen dugunean, banakoaren hautemate edo pertzepzio pertsonala beti hor egoten dela azalduko dugu. Hori guztia, noski, banako bakoitzak dituen balio, ikuspegi, esperientzia pertsonal, zaletasun, iritzi eta abarren mende dago.
Jolas eremua
Lan areto bat, guztiak aulkietan eserita sartzeko bestekoa, eta ondo ikusteko edo entzuteko oztoporik gabekoa.
Denbora
20-25 minutu.
Materiala
Aulkiak, orriak, arbela eta idazteko materiala.
Era honetako ariketetarako propio diseinaturiko marrazkiz hornituriko irudiak.
Aldaerak
Arbelean marraztu ariketarako erabiliko dugun marrazkia.
Gomendioak
Garrantzitsua da azpimarratzea hemen kontua ez dela gauzak ongi edo gaizki egiten diren aztertzea, baizik eta bakoitzak gauzak ikusteko eta ulertzeko modu bat duela jabetzea, besterik gabe.
Ebaluazioa
Erreparatu ea amaierako hausnarketan parte hartzaile guztiek hitz egin duten.
Parte hartzaileek egiten dituzten iruzkin eta gogoetetatik abiatuta, erreparatu ea ariketaren helburua ondo ulertu den eta parte hartzaileen artean ariketak arrakastarik izan ote duen.