Partaide kopurua
Informazio Praktikoa
Intxaur jokoak oso zaharrak dira. Erromatarren artean intxaurrak haurtzaroaren sinboloa ziren (haurtzarotik heldutasunera pasatzeak “nueces relinquere” izena zuen, hau da, haurtzarotik ateratzea). Intxaurrekin egiten zirenak gaur egungo kaniken jokoen “arbasoak” direla esan daiteke. Beirazko kanikak merkatuan agertu aurretik intxaurrak eta antzeko fruituak erabiltzen ziren jolas asko egiteko. Orokorrean joko hauek bi motatakoak izaten ziren: zulo edo biribil batean intxaurrak sartzea eta zulo, biribil edo margotutako beste irudi batetik intxaurrak kolpatuz ateratzea. Jolas hauen arauak pixkanaka zailtzen joan ziren, gaur egungo kaniken jokoen arauetara iritsi arte. Hemen aipatu dugun jolasa beste edozein fruiturekin egin daiteke, baita zenbait fruituren hezurrekin ere.
Espazioa
Aldaerak
*kastorka
Zerain inguruan kastorka izeneko jokoa jaso da. Jokoaren arauak berdinak dira, baina bi marra margotu ordez, hiru marra margotzen zituzten. Lehenengo eta bigarren marra oso gertu jartzen zituzten elkarretatik (2 edo 3 zentimetroko zabalera). Hirugarrena, berriz, lau metrora margotu behar zuten. Lehenengo marran intxaur bakarra jartzen zen (Intxaurreta jolasean kiskine deitutakoa) eta jokalariek jintxaur guztiak bigarren marran jartzen zituzten. Hortik aurrera jolasteko era bera zen.
Azalpena
1. Jokalari bakoitzak intxaur batzuk edukiko ditu. Jolasean hasi aurretik, botatzen lehena nor izango den aukeratu behar da. Horretarako, lurrean marra bat margotu behar da eta jokalari guztiek pauso batzuetara marraztuko den beste marra batetik intxaur bana ahalik eta gertuen uzten saituko dira, hori bai, marratik pasatu gabe. Jolas honi “puntutan” aritzea edo jolastea deritzo. Gertuen uzten duena botatzen lehena izango da.
2. Lurrean bi marra margotuko dira batetik bestera lau bat metro utzita. Marra baten gainean jokalari bakoitzak intxaur bat jarriko du (edo, horrela adostuz gero, intxaur bat baino gehiago).
3. Intxaur guztien erdian beste fruitu txikiago bat jarri beharko da. Fruitu hau urra, ezkurra, poxpolina edo intxaur txiki bat izan daiteke. Txikiago den honi “kiskine” deritzo. Intxaurrak eta kiskine marraren gainean kokatuta, jokalari guztiak beste marraren atzean jarriko dira eskuan intxaur bana dutela.
4. Eskuan duten intxaurrarekin marraren gainean dauden intxaurrak kolpatzen eta marratik ateratzen saiatuko dira. Marrako intxaurrak kolpatutu eta marratik ateratzen badira, jo dituenak irabaziko ditu intxaur horiek. Kiskine marratik ateratzea lortzen duenak marran dauden intxaur guztiak bereganatuko ditu.
Esamoldeak
- INTXAURRAK JOTZEA: Kroxke egitea (Berastegi), kotx egitea, krisk egitea (Ataun)
- PUNTUTAN JOLASTEA: Hasierako txandak erabakitzeko erabiltzen den jokoa (intxaurra edo fruitua zuloan sartzea edo gertuen geratzea helburua duena)
- HUTS EGIN: Kale egin (intxaurrak ez jotzea)
Gaitasunak
- Jarduera ludikoa: trebetasunezko jokoa.
- Jokaera kognitiboak: sentipenezko eta mugimenduzko jokaera: errepikapena. Eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
- Trebetasun funtzionalak: eraginkortasuna: zehaztasuna eta trebetasuna.
- Alderdi sozialak: bana-banako harremana: gizabanakoa.