Aurkezpen-teknikak

AURKEZPEN
TEKNIKAK

Elkar ezagutzarako lagungarri izan daitezkeen jolas erraz batzuk dira: parte hartzaileen izenak eta ezaugarriren bat edo beste ikasteko jolasak, funtsean.
Parte hartzaileek elkar ezagutzen ez dutenean, lanean modu dinamikoan eta horizontalean diharduen talde baten oinarriak jartzen hasteko lehen unea da.

Helburuak

Parte hartzaileen izenak ikastea.
Taldeko kide guztiak integratzea eta haiei buruz zerbait gehiago ikastea.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Parte hartzaileak biribilean jarriko dira, zutik edo eserita, denak erdira begira.
Jolasaren gidariak artilezko haril bat (haria bilduz egindako bola) emango dio taldeko kideetako bati.
Harila duen pertsonak bere izena esango du, eta berari buruzko informazioren bat emango du, aldez aurretik zehaztutako zerbait: adina, jatorria, zaletasunak, bere nortasunari buruzko ezaugarriren bat…
Hitz egiten amaitutakoan, harilari mutur batetik heldu, eta taldeko beste kide bati jaurtiko dio artile harizko bola.
Aurrekoaren moduan, harila hartzen duen pertsonak bere buruaren aurkezpena egingo du, eta behin aurkezpena eginda, beste norbaiti jaurtiko dio bola, esku batekin hari zati bati eusten diola.
Ariketa errepikatuko dugu, taldeko kide guztiek beren burua aurkeztu arte eta taldearen inguruan artilezko armiarma sare bat ehundu arte.
Harila taldeko azken pertsonarengana iristen denean, azken horrek bere aurrekoari ―hots, harila eskuratu dionari― itzuliko dio bola, hari buruzko datuak errepikatzeaz batera.
Haria bilduz-bilduz errepikatuko dugu ariketa, harila dinamikari hasiera eman zion kidearengana iritsi arte.

Antolaketa

Parte hartzaile guztiak biribilean jarriko dira, elkarri begira. Jolasa zertan datzan ondoren, dinamizatzailea taldeko beste kide bat gehiago bezala arituko da. Dinamika hau aurkezteko unean, harila gertu edukitzea edo eskuetan izatea komeni da.

Jolas eremua

Partaide guztiak biribilean eta eroso sartzeko bestekoa.

Denbora

20-30 minutu. Zenbat lagunek hartzen duten parte.

Materiala

Artilezko bola bat edo soka mataza bat.

Aldaerak

Partaideek beren buruaz zer-nolako informazioa eman, partaide kopuruaren arabera eta testuinguruaren arabera erabakiko da.
Artilezko bolak atzerako bidea egiterakoan, partaide bakoitzak beste daturen bat eman dezake bere buruaz, bola eskuetaratu dionari buruzko datuak errepikatu beharrean. Adibidez: armiarma sarea egiterakoan, izen-deiturak eta adina esan; armiarma sarea desegiterakoan, berriz, norberari buruzko bertuteren bat aipatu.

Gomendioak

Eserita arituz gero, kuxinak jarri lurrean, erosoago egoteko.
Dinamika aire zabalean eginez gero, ziurtatu zaratarik ez dagoela; zaratak komunikazioa zailduko luke.
Artile edo lokarri zabala erabili, aise ikusteko modukoa, eta ez listari fin bat.
Datu errazak eskatu, inor konpromisoan jarri gabe. Izan ere, parte hartzaileek ez dute elkar ezagutzen oraindik; dinamizatzaileak parte hartzaileak ere ez.

Ebaluazioa

Ariketak dirauen bitartean, erreparatu ea partaideen artean ikus-kontakturik dagoen.
Erreparatu ea norbait deseroso sentitzen den.
Dinamikaren aurretik eta ondoren, erreparatu ea taldekideen arteko harremanak eta komunikazioa egokiak diren.

Helburuak

Parte hartzaileen izenak ikastea.
Parte hartzaile guztiak integratzea eta konfiantza giroa sortzea.
Ahozko adierazpena eta desinhibizioa sustatzea.

Parte hartzaileak

6tik 20ra bitarte.

Garapena

Parte hartzaileak binaka jarriko dira; ahal dela, ezagutzen ez duten norbaitekin.
Binakako taldetan banatuta, bakoitzak bere buruaz hitz egingo dio bere bikotekideari, ezaugarri pertsonalen bat emanez. Adibidez: izena, adina, jaioterria, zaletasunak, bertuteak…
Behin aurkezpenak egin ondoren, taldera bilduko dira denak.
Bikotekideek elkarren aurkezpena egingo du talde osoaren aurrean.
Dinamika errepikatuko dugu, bikotekide guztiak aurkeztu arte.

Antolaketa

Ariketa azaltzeko orduan, parte hartzaileak biribilean edo antzoki eran eserita jarriko dira. Batzuen eta besteen artean tarte bat utzita eseriko dira bikoteak, hizketan hasten direnean elkarri ahalik eta trabarik gutxien egite aldera. Taldea berriro biltzean, biribilean jar gaitezke, bikotekideak elkarren ondoan eserita egotea komeniko zaigula kontuan hartuta; bestela, antzoki eran jar gaitezke, eta orduan bikoteak banan-banan aterako dira gainerako taldekideen aurrean hitz egitera.

Jolas eremua

Biribilean bikoteka jartzeko bestekoa, ondo ikusteko edo entzuteko oztoporik gabekoa.

Denbora

20-30 minutu.

Materiala

Aulkiak.

Aldaerak

Dinamika bera, baina antzerki pixka bat gehituta, proposatuko dugu. Besteei gure bikotekidea denetan hoberena dela sinestaraztea izango da helburua. Horretarako, hari buruzko informazio positiboa bildu beharko dugu aurrena.
Dinamika hau beste zenbait datu ezagutzeko ere erabil daiteke: jolasei buruzko iritziak, beste edozein jardueraren gaineko aburuak, etab.

Gomendioak

Bikoteko kideek elkar ezagutzen ez badute, askoz aberasgarriagoa izango da jarduera.

Ebaluazioa

Erreparatu ea parte hartzaileek elkarren izenak ikasteko bidean aurrerapenik egin ote duten.
Erreparatu ea parte hartzaileen artean harremanak sendotu diren eta konfiantza giroa sortu den.

Helburuak

Parte hartzaileen izenak ikastea.

Parte hartzaileak

+7

Garapena

Parte hartzaileak biribilean jartzera gonbidatuko ditut.
Jolasaren dinamika azalduko dut, adibidea emanez: lehenengo pertsonak bere izena esango du eta nonbaiten azkura duela aipatuko du, azkura duen tokian hatz eginez. “Aiur dut izena eta azkura dut hemen” (sorbaldan hatz eginez, adibidez).
Nire ondoan eserita dagoenak jarraitu beharko du gero, nire izena esanez eta azkura non daukadan aipatuz.
Ondoren, pertsona horrek bere izena esango du eta azkura non duen aipatuko du, eta ondoan eserita duen pertsonak sekuentzia errepikatuko du. Eta horrela hurrenez hurren, biribileko guztiek parte hartu arte.

Antolaketa

Txandak eta etenaldiak errespetatuko ditugu, taldeko kide berrien izenak buruz ikasteko.

Jolas eremua

Biribilean jarrita egon ahal izateko bestekoa, ondo ik eta entzuteko oztoporik gabekoa.

Denbora

5 – 10 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Taldea txikia bada, aurreko pertsona guztien izenak errepika ditzakegu, guztiei hazka eginez

Ebaluazioa

Erreparatu ea parte hartzaileek elkarren izenak ikasteko bidean aurrerapenik egin ote duten.
Erreparatu ea parte hartzaileen artean harremanak sendotu diren eta konfiantza giroa sortu den.

Helburuak

Parte hartzaileen izenak ikastea.
Partaide guztiak integratzea eta haiei buruz zerbait gehiago ikastea.

Parte hartzaileak

+4

Garapena

Taldea biribilean jartzera gonbidatuko dugu.
Parte hartzaileek beren izen-deiturak aipatuko dituzte, eta bai beren burua definitzen duten eta beren inizialekin bat datozen bi dohain edo bertute ere. Adibidez: Patxi Arrieta, pazientzia eta adeitasuna.

Antolaketa

Txandak eta etenaldiak errespetatuko ditugu, taldeko kide berrien izenak buruz ikasteko.

Jolas eremua

Biribilean jarrita egon gaitezen edozein toki, ondo ikustea eta entzutea eragoz dezakeen oztoporik gabekoa.

Denbora

5 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Izena bakarrik erabiliz egin daiteke.
Dohain edo bertute bat aipatu ordez, beste zerbait aipatzea proposa daiteke. Animalia izenak, adibidez: Elena elefante, Josu jirafa, etab.

Gomendioak

Hitz egiteko eta entzuteko txandak errespetatzen ez diren talde batekin ari bagara lanean, objektu bat erabil dezakegu (pilota txiki bat, adibidez), totem gisa, txandak errespetarazteko: eskuan totema duenak baino ezingo du hitz egin.

Ebaluazioa

Erreparatu ea parte hartzaileak eroso sentitzen diren.
Erreparatu ea dinamikak dirauen bitartean parte hartzaileek ondo pasatzen duten eta haien artean konfiantza girorik sortzen den.

Helburuak

Parte hartzaileen izenak ikastea.
Parte hartzaile guztiak integratzea eta konfiantza giroa sortzea.
Ahozko adierazpena eta desinhibizioa sustatzea.

Parte hartzaileak

+8

Garapena

Parte hartzaileko bakoitzeko paper bana eta arkatz edo bolaluma bana banatuko ditugu.
Galdera batzuk egingo ditugu, ahots ozenez, eta parte hartzaileek paperean idatziko dute erantzuna. Zera galdetuko diegu, adibidez: adina, gustukoen duten musika estiloa, gustukoen duten kirola, gustukoen duten kolorea, gustura egiten duten gauza bat, etab.
Lau edo bost galdera egin ondoren, orriak tolestu, eta guri itzultzeko eskatuko diegu, eta poltsa edo kutxa batean gordeko ditugu denak.
Amaitutakoan, bakoitzak orri bat ausaz ateratzeko eta bere golkorako irakurtzeko eskatuko diegu.
Ondoren, tarte bat izango dute elkarrekin hitz egiteko: ahalik eta informazio gehien lortzea eta atera duten papera nork idatzia den asmatzea izango da helburua.
Partaideak zenbat diren eta dinamizatzaileak zer behar ikusten dituen, gehiago edo gutxiago luza daiteke jarduera.
Haien ustez papera nori dagokion idazteko eskatuko diegu, paper horretan bertan.
Taldea biribilean jartzera gonbidatuko dugu, zutik edo eserita.
Banan-banan paper guztiak irakurri, eta bakoitza nori dagokion asmatu ote dugun egiaztatuko dugu.

Antolaketa

Dinamizatzaileak dinamika honetan egingo dituen galderak aldez aurretik prestatuko dira; parte hartzaileen adinera eta partaide kopurura egokituta egon beharko dute galdera horiek, bai eta unean uneko testuingurura ere.

Jolas eremua

Biribilean zutik jarrita egoteko adinakoa, ondo ikusteko edo entzuteko oztoporik gabekoa

Denbora

20-30 minutu.

Materiala

Parte hartzaile adina paper eta bolaluma; poltsa bat edo kutxa bat.

Aldaerak

Parte hartzaile bakoitzak bere aukerako ezaugarri pertsonalak idatziko ditu.
Beren antzeko ezaugarriak eta zaletasunak dituzten kideak bilatuko dituzte.

Gomendioak

Jardueraren hasieran, orria izenik gabe bete behar dutela gogorarazi parte hartzaileei.
Taldeko kideei buruz ahalik eta gehien ikastera bultzatu parte hartzaileak.
Hau ez dela lehiaketa bat gogorazi parte hartzaileei.

Ebaluazioa

Erreparatu ea parte hartzaileek elkarren izenak ikasteko bidean aurrerapenik egin ote duten.
Erreparatu ea parte hartzaileen artean harremanak sendotu diren eta konfiantza giroa sortu den.

Helburuak

Parte hartzaileen izenak ikastea.
Parte hartzaile guztiak integratzea eta konfiantza giroa sortzea.

Parte hartzaileak

+12

Garapena

Taldea biribilean jartzera gonbidatuko dugu.
Ni erdian jarriko naiz, goma-aparrezko txurroa eskuan.
Biribilean dagoen pertsona batek taldeko norbaiten izena esango du, eta pertsona horrek beste norbaitena, nik berari txurroarekin buruan jo baino lehen.
Norbait jotzen dudanean, haren lekuan jarriko naiz, eta hura nirean, biribilaren erdian. Hark dantzatuko du aurrerantzean txurroa gure buruetan.
Aurrera jarraituko dugu jolasarekin, parte hartzaile guztien edo gehienen izenak esan arte.

Antolaketa

Parte hartzaile guztiak zutik egongo dira. Jolasa azkar egin behar da. Izena esan dioten pertsonak jolasean parte hartzen ari ez den norbaiten izena esaten badu, edota erdian dagoenaren zartakoa hartzen badu biribileko norbaiten izena esaten asmatu baino lehen, erdira pasatuko da.

Jolas eremua

Biribilean jarrita egoteko behar bestekoa, ondo ikusteko edo entzuteko oztoporik gabekoa.

Denbora

10-15 minutu.

Materiala

Goma-aparrezko txurro bat, edo beste edozein objektu luze eta bigun.

Aldaerak

“Bertuteen inizialak” izeneko jolasa lehendik egina badugu, beste honetarako baliatu ahalko dugu. Hala, pertsonaren izena ez ezik, dagokion bertutea ere aipatu beharko dugu. Adibidez: Eneko ekintzaile. Eta pertsona izenak erabili ordez, bestelako izenak erabili baditugu (animalia izenak, adibidez), haiek erabiliko ditugu: Eneko elefante. Oraingo honetan izena eta bertutea, biak aipatu beharko dituzte. Beraz, jolasa zailagoa gertatuko da, eta parte hartzaileek kontzentratuago egon beharko dute.

Gomendioak

Dinamika hau egokia da ikastaro edo lantegi bateko parte hartzaileen izenak ikasten laguntzen erabiltzeko, ez ordea aurkezpen saio batean erabiltzeko.
Kontuan hartu min eman gabe eta hartu gabe jardun behar dugula, batez ere adin txikikoak ditugunean.

Ebaluazioa

Erreparatu ea parte hartzaileek elkarren izenak ikasteko bidean aurrerapenik egin ote duten.
Erreparatu ea parte hartzaileen artean harremanak sendotu diren eta konfiantza giroa sortu den.

Helburuak

Parte hartzaileen izenak ikastea.
Parte hartzaile guztiak integratzea eta konfiantza giroa sortzea.
Arreta eta behaketa sustatzea.
Komunikazio ez-hitzezkoa garatzea.
Lankidetza eta elkarlana bultzatzea.

Parte hartzaileak

+6

Garapena

Parte hartzaileak ilaran jarriko dira, bata bestearen atzean, zutik.
Ilaran, izenen alfabeto ordenaren arabera jarri behar direla azalduko dugu, eta komunikazio ez-hitzezkoa baliatu beharko dutela horretarako. Hori helburu hartuta, elkar laguntzera eta elkarlanean aritzera bultzatuko dugu taldea.
Taldea jarduera hastera gonbidatuko dugu; guk jardueraren martxari erreparatuko diogu.

Antolaketa

Jarduerarekin hasi baino lehen, hura aurrera eramateko behar besteko tokia dugula egiaztatuko dugu.

Jolas eremua

Parte hartzaileak ilaran jarrita sartzeko bestekoa.

Denbora

10-15 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Ilaran, adinaren arabera jar daitezke, zaharrenetik gazteenerako ordenan, edo alderantziz.

Gomendioak

Dinamika hau egokia da ikastaro edo lantegi bateko parte hartzaileen izenak ikasten laguntzen erabiltzeko, ez ordea aurkezpen saio batean erabiltzeko.
Komeni da azpimarratzea helburu bera dutela denek, eta elkarrekin koordinatu beharra dutela, helburua lortuko badute. Parte hartzaileen artean gehiegizko lehia sortuko balitz, edo eztabaida larriak, gogorazi beharko da hau jolas bat baino ez dela eta garrantzitsuena elkarrekin ondo pasatzea dela.
Dinamizatzailearentzat bitarteko on bat da hau taldeko kideen hainbat alderdi eta ezaugarri hobeto ezagutzeko: hau da, lotsatiak, menperatzaileak, barnerakoiak, arduratsuak… diren jakiteko. Ikasleen ezaugarri horiek kontuan hartuta jokatzeko aukera emango digu guri horrek, haiei beren nortasuna modu positiboan eratzen eta ontzen, bai eta taldean integratzen ere, laguntzeko helburuan.

Ebaluazioa

Erreparatu ea parte hartzaileek elkarren izenak ikasten aurrerapenik egin ote duten.
Erreparatu ea parte hartzaileen artean harremanak sendotu diren eta konfiantza giroa sortu den.

Helburuak

Parte hartzaileen izenak ikastea.
Parte hartzaile guztiak integratzea eta haien artean konfiantza giroa sortzea.

Parte hartzaileak

+7

Garapena

Taldea biribilean jartzera gonbidatuko dut.
Dinamika aurrera eramateko jarraibidea emango dut. Horretarako, nire izena esango dut, eta ni identifikatuko nauen keinu bat egingo dut. Adibidez: gitarra jo.
Nire ondoan dagoen pertsonak, nire izena eta nik egin dudan keinua errepikatu ondoren, bere izena eta keinua gehituko ditu. Adibidez. Leire (gitarra jotzeko keinua eginez) eta Maddi (liburu bat irakurtzeko itxurak eginez).
Biribilean hurrengo denak aurreko guztien izenak eta keinuak errepikatuko ditu, eta, ondoren, bereak gehitu.
Biribileko guztiek parte hartu arte errepikatuko dugu dinamika.

Antolaketa

Berdin da zutik edo eserita egiten den, baina hobe biribilean jarrita egitea, parte hartzaile guztiek gainerakoen izenak eta keinuak ondo entzun eta ikus ahal izan ditzaten.

Jolas eremua

Biribilean jarrita egoteko behar bestekoa, ondo ikusteko edo entzuteko oztoporik gabekoa.

Denbora

5-10 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Ordena jakin bati jarraitu ordez, keinuak zer irudikatzen duen asmatzen duen lehen parte hartzaileak hartuko du aurrera egiteko txanda.

Gomendioak

Oso talde handia badugu (+16), aski izango da nork bere izena esan eta keinua egitea, hasieratik dena errepikatzen ibili beharrik izan gabe. Gainerakoan, luzeegi jo dezake dinamikak, eta aspergarria gerta liteke.

Ebaluazioa

Erreparatu ea parte hartzaileek elkarren izenak ikasteko bidean aurrerapenik egin ote duten.
Erreparatu ea parte hartzaileen artean harremanak sendotu diren eta konfiantza giroa sortu den.

Helburuak

Parte hartzaileen izenak ezagutzea eta ikastea.

Parte hartzaileak

10etik 24ra bitarte lagun.

Garapena

Parte hartzaileak bi taldetan banatuko ditugu.
Pertsona bakoitzak zenbaki bat izango du, 1etik taldekide kopurura bitarte.
Talde bakoitza ilara batean jarriko da (zenbakiaren arabera ordenatu gabe), talde bateko eta besteko kideak aurrez aurre daudela, baina elkarri bizkarra emanda, talde baten eta bestearen artean pasillo moduko bat utzita.
Zenbaki bat esango dugu, talde bakoitzeko partaide kopuruaren artetik ausaz aukeratua.
Zenbaki hori duten bi pertsonak (talde bakoitzetik bat) buelta emango dute, eta westernetako pistolariak legez, nork bere pistolak atera eta jiratu den beste taldeko pertsonaren izena esango dute. Bestearen izena lehenago esaten duenak irabaziko du duelua, hura tiroz hiltzen duelako itxurak eginez. Galtzailea, berriz, lurrera eroriko da, hil itxurak eginez, baina jolasten segitu ahalko du gero.
Ariketa errepikatu, partaide guztien izenak aipatuak izan arte.
Gero, taldeak berriro elkarturik, zenbakiak aldatuko dituzte, beste saio batean aurkari desberdinak izan ditzaten.

Antolaketa

Aurrena jolasaren dinamika azaldu eta gero taldeak egin.

Jolas eremua

Bi taldeak aurrez aurre jarri ahal izateko bestekoa. Tartean ez da zutaberik edo ikusmena eragotz dezakeen ezer egon behar.

Denbora

15 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Eman dezagun 14 partaide ditugula. Talde batek 1etik 7ra bitarteko zenbakiak hartuko ditu, eta besteak, 8tik 14rakoak. Dinamizatzaileak bi zenbaki esango ditu aldiro, oso azkar bata bestearen ondotik, edo abiatzeko seinale bat eginez, lehenengo aipatutako jokalariak abantailarik izan ez dezan.

Gomendioak

Dinamika hau egokia da ikastaro edo lantegi bateko parte hartzaileen izenak ikasten laguntzen erabiltzeko, ez ordea aurkezpen saio batean erabiltzeko.
Dinamika aire zabalean eginez gero, ziurtatu zaratarik ez dagoela; zaratak komunikazioa zailduko du.
Garbi utzi behar da jarduera honetan ez dagoela ez irabazlerik, ez galtzailerik. Helburua denon izenak ikastea da, eta ondo pasatzea, aldi berean.

Ebaluazioa

Erreparatu ea dinamikak dirauen bitartean parte hartzaileek ondo pasatzen duten eta haien artean konfiantza girorik sortzen den.

Helburuak

Parte hartzaileen izenak ezagutzea eta ikastea.

Parte hartzaileak

+12

Garapena

Parte hartzaileak biribilean jartzera gonbidatuko ditugu, aulkitan edo lurrean eserita, denak erdira begira. Gu, berriz, biribilaren erdian jarriko gara.
Parte hartzaile bakoitzarentzat, eskuinean dagoen laguna “anana” izango da, eta ezkerrean dagoena, berriz, “laranja”.
Norbait seinalatuz, “anana” esaten badugu, seinalatu dugun horrek bere eskuinean eserita dagoen lagunaren izena esanez erantzun beharko du. Aitzitik, “laranja” esaten badugu, ezkerrean duenaren izena esan beharko du. Oker erantzuten badu, edo hiru segundo baino gehiago luzatzen bada erantzuteko, hura erdira pasatuko da eta gu haren lekuan jarriko gara.
Ondoren, jolasaren aldaera bat azalduko dugu, “tuttifrutti” deritzona. Biribilaren erdian dagoen pertsonak “tuttifrutti” esaten badu, lekuz aldatuko gara denak. Une horretan, erdian dagoenak beste norbaiten lekua hartzeko aukera izango du. Hala egitea lortzen badu, beste norbaiti egokituko zaio biribilaren erdian egon beharra.

Antolaketa

Taldea biribilean jarri ondoren, dinamika zertan datzan azalduko dugu, eta proba saio batzuk egin, dena ondo ulertu dela eta zalantzarik ez dagoela ziurtatzeko. Aurrena, dinamizatzailea bera jarriko da erdian, eta berak emango du sekuentziaren lehen adibidea.

Jolas eremua

Partaide guztiak biribilean jarrita eta eroso sartzeko bestekoa.

Denbora

15 minutu.

Materiala

Aulkiak edo kuxinak.

Aldaerak

Fruten izenak denon artean erabaki daitezke; edozein fruta izen erabil daiteke.
Beste bi fruta izen gehi ditzakegu. Kasu horretan, bi toki eskuinerago edo ezkerrerago duen pertsonaren izena esan beharko du dagokionak.

Gomendioak

Dinamika hau egokia da ikastaro edo lantegi bateko parte hartzaileen izenak ikasten laguntzen erabiltzeko, ez ordea aurkezpen saio batean erabiltzeko.
Jolasak bizi-bizia izan behar du, interesari eutsiko badio; izan ere, “tuttifrutti” esaten den bakoitzean, ananek eta laranjek beste izen bat hartzen dute.
Frutaren izena hiruzpalau aldiz galdetzea komeni izaten da, “tuttifrutti” esan baino lehen.

Ebaluazioa

Erreparatu ea parte hartzaileek elkarren izenak ikasteko bidean aurrerapenik egin ote duten.
Erreparatu ea parte hartzaileen artean harremanak sendotu diren eta konfiantza giroa sortu den.