Edozein unetan baliagarri izan dakizkigukeen teknika edo jolas batzuk dira hauek. Hainbat helbururekin erabil daitezke: taldea lanerako prestatzeko, parte hartzaileak lehen aldiz harremanetan jartzeko, monotonia edo tentsio uneak hausteko, jarduera batetik bestera pasatzeko, edo beste batzuekin batera egindako lan bati amaiera emateko.
Hala, izenburu honen azpian sartu ditugun jolasak energia askatzeko, irribarre eginarazteko eta mugimendua sustatzeko balio dute batez ere. Hots, taldeak animatzeko. Izan ere, gorputzeko eta buruko tentsioa lasaitzeko eta baretzeko mekanismo gisa jokatzen dute jolas hauetan bai mugimenduak eta bai irribarreak.
- DANBA!
- HABIA
- HERRIAK AGINTZEN DIZUE…
- HORREK ZERA GOGORARAZTEN DIT
- MUNDUA ETA ANIMALIAK
- MUSIKA BIDEZKO BESARKADA
- TXANGOA
- ZENBAKI BIDEZKO SOLASAK
- ZENBAKIAK
Helburuak
Jolastuz gozatzea.
Kontzentrazioa eta memoria garatzea.
Parte hartzaileak
+5
Garapena
Parte hartzaileak biribilean jarraraziko ditugu, zutik edo eserita.
Jolasa zertan datzan azalduko dugu: zenbakiak banan-banan esaten hasiko gara, baina hiruren multiplo bat (3, 6, 9, 12, …) edo hiruz amaitzen den zenbaki bat (3, 13, 23, 33, …) esatea egokitzen zaionak “DANBA!” esan beharko du zenbakiaren ordez, eta txalo jo, aldi berean. Ondoren, biribileko hurrengo lagunak aurrera jarraituko du, dagokion zenbakia esanez. Adibidez: jolasari ekiten dionak “BAT” esango du, hurrengoak “BI”, hurrengoak “DANBA!” esango du, txalo jotzeaz batera, hurrengoak “LAU”, etab.
Pertsona batek okerreko zenbakia esaten badu, edo, “DANBA!” esatea dagokionean, esaten ez badu, “BAT” zenbakitik zenbatzen hasiko gara berriro.
Boluntario bat eskatuko dugu jolasari hasiera emateko, eta nahikoa iritzi arte arituko gara jolasean.
Antolaketa
Ez dago beharrik.
Jolas eremua
Parte hartzaile guztiak biribilean jarrita sartzeko bestekoa.
Denbora
15 minutu.
Materiala
Ez da beharrik.
Aldaerak
Beste edozein zenbaki edo multiplo proposa daiteke.
Txalo jo eta “DANBA!” esan ordez, beste keinu bat egin eta beste hitz bat esan daiteke.
Gomendioak
Jolasa dibertigarria izango bada, azkar esan behar dira zenbakiak. Erantzuteko orduan norbait denbora gehiegi luzatzea (5 bat segundo) hutsegitetzat hartuko da, eta kasu horretan, hasieratik hasiko gara berriro.
Ebaluazioa
Erreparatu ea jolasak dirauen bitartean parte hartzaileek barre egiten duten edo ondo pasatzen duten.
Erreparatu ea parte hartzaileek zenbaki zuzena esateko ahalegina egiten duten eta proposatutako erronkaren aurrean jarrera positiboa erakusten duten.
Helburuak
Parte hartzaileen arteko elkar ezagutza sustatzea haiek beraiek prestatutako galderen bitartez.
Taldeko kideen artean konfiantza eta dibertsio giroa sortzea.
Parte hartzaileak
4-6 pertsona. Taldea oso handia bada, azpitaldeak egin.
Garapena
Parte hartzaileak biribilean jartzera gonbidatuko ditugu eta jolas bat egingo dugula azalduko diegu.
Kartoi mehe edo paper handi bat jarriko dugu biribilaren erdian.
Fitxa gisa erabil daitekeen objektu bat bilatzeko eskatuko diegu.
Fitxak paperaren izkina batean jarriko ditugu, denak batera.
Fitxen inguruan habia moduko bat edo irteera lauki bat marrazteko eskatuko diogu partaideetako bati.
Dadoa botatzeko eskatuko diogu beste norbaiti.
Dadoak zer zenbaki adierazten duen, beste hainbeste lauki marraztuko ditugu, habiatik edo irteera laukitik aurrera abiatuta. Adibidez, lau zenbakia ateratzen badugu, lau lauki marraztuko ditugu, eta laugarren laukian utziko dugu fitxa. Gainera, prenda gisa bete beharreko agindu bat utziko dugu idatzita lauki horretan. Adibidez: sentimendu bat azaltzea, iraganako gertaera bat kontatzea, bidaia bat, zaletasunak…
Biribilean hurrena dagoen pertsonak botako du orduan dadoa. Hutsik dagoen lauki batean egokitzen bada fitxa, beste agindu bat idatziko du bertan, prenda gisa, baina agindua jada idatzita duen batean egokitzen bada, agindutakoa bete beharko du. Zenbakia lauki kopurua baino handiagoa bada, falta diren laukiak marraztuko ditu, eta azkenekoan utziko du fitxa eta idatziko du bere agindua.
Jolasak aurrera jarraituko du, biribileko kide guztiek parte hartu arte, eta laukiz lauki aurrera eginez, zirkuitua ixtea erabakitzen dugun arte.
Nahikoa dela iritzi arte jarraituko dugu jolasean.
Antolaketa
Jolasak mahai joko tradizional baten itxura hartuko du; antzara jokoaren itxura edo: lauki segida batez eratutako ibilbide bat, batetik, eta txandaka-txandaka dadoa botatzen diharduten jokalariak, bestetik. Gure fitxa lauki batera heltzean, bete beharreko agindu bat topatuko dugu bertan idatzita.
Parte hartzaileak zenbat eta zein adinetakoak diren, lurrean eserita edo mahai baten inguruan eserita egingo dugu jolasa.
Jolas eremua
Parte hartzaileak zenbat eta zein adinetakoak diren, lurrean eroso eserita (kuxinetan edo aulkietan) egon ahal izateko moduko toki bat beharko dugu. Toki itxi eroso bat, idazteko eta marrazteko baldintza egokiak izango dituena.
Denbora
30-45 minutu.
Materiala
Orri edo kartoi mehe handi bat.
Errotuladoreak.
Fitxa gisa erabiltzeko objektuak edo mahai jokoren batetik ateratako fitxak.
Dado bat.
Aulkiak edo kuxinak (aukerakoa).
Mahai bat (aukerakoa).
Aldaerak
Nahi izanez gero, joko taula aldez aurretik prest eduki daitezke, bete beharreko aginduak idatzita.
Aginduak beste batzuk izan daitezke, dinamikaren helburua zein den: elkar hobeto ezagutzea, barre egitea, ariketa fisikoa egitea, etab.
Gomendioak
Taldeari dinamikaren helburua zein den gogorazi beharko zaio, proposatzen dituzten aginduak jolasaren helburuekin bat etor daitezen.
Ebaluazioa
Erreparatu ea parte hartzaileen artean harremanak sendotu diren eta konfiantza giroa sortu den.
Helburuak
Jolastuz gozatzea.
Kontzentrazioari erne eustea.
Gorputza eta gogoa aktibatzea.
Parte hartzaileak
+5
Garapena
Taldea guri begira jarriko da, ilara batean; asko badira, bat baino gehiagotan.
Hainbat agindu emango ditugula azalduko diegu, eta haiek aginduak bete beharko dituztela, baldin eta aurretik kontsigna hau bota badugu: “Herriak agintzen dizue”. Adibidez: “Herriak agintzen dizue… eskuin besoa jasotzeko”.
Kontsigna bota ezean ez dutela zertan agindua bete gogoraziko diegu. Emandako agindua ez betetzea edo kontsigna eman aurretik betetzea falta kontsideratuko da. Falta kontsideratuko da, halaber, okerreko kontsigna ematen denean betetzea; adibidez: “Herriak eskatzen dizue…”
Tarte bat utziko dugu zalantzak argitzeko edo galderei erantzuteko, halakorik balego.
Dinamika bizi-bizi joan dadin, aginduak elkarren segidan eta azkar emanez ekingo diogu jolasari.
Antolaketa
Jolasak dibertigarria izan behar du. Horretarako, kontsigna zuzenak eta okerrak txandakatu behar dira, jokalariaren arreta beti erne mantentzeko eta jolasa errepikapen mekaniko eta aspergarria bihurtzeko arriskuan ez erortzeko.
Jolas eremua
Oztoporik gabeko leku bat, aire zabalean zein estalpean, parte hartzaile guztiak elkarri trabarik egin gabe sartzeko bestekoa.
Denbora
10 minutu.
Materiala
Ez da beharrik.
Aldaerak
Agindu emailea parte hartzaileetako bat izan daiteke; jolasa aldez aurretik ezagutzen duen bat baldin bada, hainbat hobe, dinamika bizi-bizi joan dadin. Kasu horretan, dinamizatzailea taldeko beste kide bat bezalako arituko da.
Huts egiten dutenek jolasa utziko dute, eta gelditzen den azkena izango da irabazela.
Gomendioak
Partaideak nahasarazteko, agindu zuzen batzuk eman azkar-azkar, eta bat-batean, oker bat. Adibidez:
Herriak agintzen dizue… buruan hazka egiteko.
Herriak agintzen dizue… mingaina ateratzeko.
Herriak agintzen dizue… ezker oina altxatzeko.
Herriak agintzen dizue… burua astintzeko.
Eta oihu egiteko!
Ebaluazioa
Erreparatu ea jolasak dirauen bitartean parte hartzaileek barre egiten duten edo ondo pasatzen duten.
Helburuak
Jolastuz gozatzea.
Kontzentrazioa garatzea.
Parte hartzaileak
+7
Garapena
Parte hartzaileak biribilean jarraraziko ditugu.
Dinamika hau zertan datzan azalduko diegu: parte hartzaile batek zerbait ekarriko dugu gogora, ahots goran. Adibidez: “IGEL bat etorri zait burura”. Zirkuluko hurrengoak “Horrek/ Igelak…” esan beharko du berehala, eta esaldia osatu, kasu honetan igelak zer gogorarazten dion azalduz: “zera gogorarazten dit niri: ZAPABURUA”. Txandaz txanda, jolasten jarraituko dugu, kide guztiek parte hartu arte edo nahikoa aritu garela iruditu arte.
Norbaiti iruditzen zaionean esan den hitzak zerikusirik edo loturarik ez duela, itxuraz behintzat, aurretik esandako hitzarekin, “EZ NAGO KONFORME” edo antzeko esapide bat botako du, eta orduan, zalantzan jarri den hitz hori esan duenak bere aukeraren zergatia azaldu beharko du. Taldeak ontzat ematen badu arrazoia, aurrera jarraituko dugu; bestela, hasieratik hasi beharko dugu, beste hitz bat aukeratuta. Adibidez: “LANDARE bat etorri zait burua; horrek/landareak zera gogorarazten dit niri, HOSTOA; horrek/hostoak zera gogorarazten dit niri, LOREA; horrek/loreak zera gogorarazten dit niri, LIBURUA…; “EZ NAGO KONFORME”; “kontua da nik loreak liburuetan gordetzen ditudala, lehortzeko…” (labur-labur eztabaidatuko dugu arrazoia); konforme, orduan, horrek/liburuak zera gogorarazten dizkit niri, LETRAK; horrek/letrak zera gogorarazten dizkit niri, HITZAK; etab.
Tarte bat utziko dugu zalantzak argitzeko eta galderak egiteko, eta ondoren, jolasari hasiera eman nahi dion boluntariorik ba ote dagoen galdetuko dugu.
Antolaketa
Ez dago beharrik.
Jolas eremua
Parte hartzaile guztiak biribilean jarrita sartzeko bestekoa.
Denbora
15 minutu.
Materiala
Aulkiak (aukeran).
Aldaerak
Gaizki erantzuten duenak txiste bat kontatzea, adibidez, prenda gisa.
Gomendioak
Bizi-bizi aritu beharra dago, jolasa arin joan eta dibertigarria izan dadin.
Ebaluazioa
Erreparatu ea jolasak dirauen bitartean parte hartzaileek barre egiten duten edo ondo pasatzen duten.
Helburuak
Jolastuz gozatzea.
Kontzentrazioari erne eustea.
Gorputza eta gogoa aktibatzea.
Parte hartzaileak
+8
Garapena
Parte hartzaileak biribilean jarraraziko ditugu, aulkietan edo kuxinetan eserita. Gu erdian geldituko gara, pilota bat (edo guk nahi dugun objektua) eskuetan.
Jolasak “Mundua” izena duela esango diegu, eta zertan datzan azalduko dugu: biribilaren erdian egotea egokitu zaion pertsonak pilota jaurtiko dio biribilean eserita dagoen norbaiti, hitz hauetako bat esateaz batera: lehorra, airea edo itsasoa. Pilota hartzen duen pertsonak aipatu ingurune horietako batean bizi den animalia baten izena esan beharko du, erdian dagoen pertsonari eta bost segundoko epearen barruan pilota itzultzeaz batera. Ingurune horretakoa ez den animalia baten izena esaten badu, edo emandako epearen barruan izenik bururatzen ez bazaio, bera jarriko da erdian.
Erdian dagoen pertsonak “mundu” esaten badu, pilota lurrean uzteaz batera, parte hartzaile guztiak tokiz aldatu beharko dira, eta aulkirik gabe geratzen dena biribilaren erdian jarriko da.
Probako saio bat egingo dugu, garbiago gera dadin: pilota jaurtiko diogu biribileko norbaiti, “itsasoa” esateaz batera, eta pilota hartzen duenak atzera itzuliko digu guri, “marrazoa” esanez, adibidez.
Jolasten hasten garenean, denboraren kontrola eramango dugu, jokalariak “presionatzeko”.
Jolas eremua
Taldea aulkietan eserita sartzeko bestekoa, eta ondo ikusteko edo entzuteko oztoporik gabekoa.
Denbora
15 minutu.
Materiala
Pilota bat eta aulkiak.
Aldaerak
Biribilaren erdian inor egon gabe jolas daiteke. Kasu horretan, animalia esatea dagokion pertsonak berak esango “mundu”, animaliarik bururatzen ez zaionean.
Gomendioak
Jolasa pixka bat zailtzeko ―eta, ondorioz, interesgarriagoa egiteko―, zera proposatzen dugu: animalia izenak errepikatzeko debekua. Norbaitek izena errepikatuz gero, biribilaren erdian jarri beharko du.
Ebaluazioa
Erreparatu ea jolasak dirauen bitartean parte hartzaileek barre egiten duten edo ondo pasatzen duten.
Helburuak
Talde sentimendua indartzea, denei harrera ona eskainiz.
Jolastuz gozatzea.
Parte hartzaileak
+10
Garapena
Taldea musikaren erritmora mugituko da jolas eremuan zehar.
Musika gelditzean, taldeko kide bat bilatu beharko dutela eta elkar besarkatu beharko dutela azalduko diegu.
Musika berriro martxan hastean, mugitzen edo dantzan jarraituko dute jolas eremuan zehar, nahiago duten moduan, hau da, banaka edo bikoteka, besarkada emandako lagunarekin batera.
Musika berriro gelditzean, beste bi lagunekin bilduko dira besarkada batean, hirunaka elkartuta, alegia.
Berriz ere musika hastean, sekuentzia errepikatuko dugu eta besarkadak progresiboki zabalduz joango dira, parte hartzaile guztiek talde besarkada handi batean bat egin arte.
Antolaketa
Jarduera hau dinamizatuko duen pertsonak prest eduki beharko ditu aldez aurretik bai musika tresna bai jardueran erabiliko dituen abestiak. Jarduera hau behar bezala gauzatzeko nahikoa tokirik ez badaukagu, aulkiak eta mahaiak baztertuko ditugu eroso egoteko, jolasa zertan datzan azaltzen hasi baino lehen.
Jolas eremua
Taldea libre mugitzen uzteko aukera ematen duen edozein.
Denbora
15 – 20 minutu.
Materiala
Musika aparatu bat edo instrumentu bat.
Aldaerak
Talde besarkadaren partaide kopurua emendatuz joan ordez, kide kopuru desberdin bat esan dezakegu aldiro, inor bakarrik gera ez dadin begiratuz betiere, jardueraren helburua talde osoa integratuta sentitzea baita.
Gomendioak
Inor ez da besarkadarik jaso gabe geratu behar.
Ebaluazioa
Erreparatu ea jolasak dirauen bitartean parte hartzaileek barre egiten duten edo ondo pasatzen duten.
Utzi parte hartzaileei jarduera amaitzean nola sentitu diren azaltzen, jolasak haietako bakoitzarengan nolako sentipenak eragin dituen jakite aldera.
Helburuak
Jolastuz gozatzea.
Kontzentrazioa garatzea.
Parte hartzaileak
+6
Garapena
Taldeari txango bat egitera goazela azalduko diogu, eta bakoitzak beharrezkoa dela deritzona eraman beharko duela. Adibidez: Leirek linterna bat eraman lezake, haitzulo bat topatzen badugu edo gaua sartzen bazaigu argia egiteko. Bakoitzak bere aukeraren zergatia azaldu beharko du, gainera.
Jolasean hasiko gara, eta asmatu beharrezko gako sekretua ezagutzen dutenekin batera, jolasa gidatuko dugu, era honetako iruzkinak eginez: Ez, Unai, zuk ezingo duzu kantinplora eraman, hori Karlosek eraman beharko du. Zuk zergatik ez duzu urdaiazpikoa eramaten, arratsaldekoa egiteko?
Antolaketa
Jolas hau egiteko, parte hartzaileetako bat edo bi jolasaren jakinaren gainean egotea komeni da. Izan ere, gainerako parte hartzaileek gako sekretu bat aurkitu beharko dute, eta horretarako, jolasa ezagutzen dutenek isilean gidatuko dituzte beren kideen erantzunak. Gakoa zera da: norberaren izenaren letra beretik hasten diren gauzen izenak baino ezingo direla esan. Adibidez: Aitor aiztoa, Maddi motxila.
Jolas eremua
Edozein.
Denbora
15 minutu.
Materiala
Ez da beharrik.
Aldaerak
Gako sekretua beste bat izan daiteke: izenaren azken letra, adibidez.
Gomendioak
Tentuz jokatu behar dugu arrastoak emateko orduan, nabarmenegi ez gelditzeko. Beraz, txango batera eraman ohi diren gauzak aipatuko ditugu: Leirek linterna, Maddik motxila, etab. Baina, noizean behin, zentzurik gabeko gauzak aipatuko ditugu, parte hartzaileak nahasteko, eta jolasa interesgarriagoa eta dibertigarriagoa bihurtzeko. Adibidez: Iratik ilargia eramango du, gauean argi egin diezagun.
Erne egon beharko dugu taldearen erreakzioen aurrean, gako sekretua aurkitzeko prozesua ez dadin ez zailegia ez errazegia gertatu.
Ebaluazioa
Erreparatu ea jolasak dirauen bitartean parte hartzaileek barre egiten duten edo ondo pasatzen duten.
Helburuak
Jolastuz gozatzea.
Aurpegiko keinuen eta ahots doinuaren bidez nork bere adierazpen gaitasuna garatzea.
Parte hartzaileak
+8
Garapena
Taldea biribilean jarraraziko dugu, zutik edo eserita.
Elkarrekin solasean (zenbaki izenak elkarri esanez) katea bat osatuko dugula azalduko dugu. Hala, partaideetako batek zenbaki baten izena esango dio eskuinean duenari, baina doinu bereizi bat erabiliz: beldurra, alaitasuna, harridura… adieraziz bezala; eta horrek edozein zenbaki esanez erantzungo dio gero aurrekoari, baina hark jarritakoa bezalako ahots doinua jarriz eta egindakoak bezalako keinuak eginez. Ondoren, bigarren hori biribileko hurrengo lagunari zuzenduko zaio, hari beste zenbaki bat beste doinu batekin esateko. Eta horrela hurrenez hurren.
Jolasari ekiteko boluntariorik ba ote den galdetuko dugu eta taldeko beste batek bezala hartuko dugu parte jolasean.
Gure laguntzaren beharrik ez dagoen bitartean, ez dugu esku hartuko, jokalari gisa baino ez.
Antolaketa
Ez dago beharrik.
Jolas eremua
Oztoporik gabe aritu ahal izateko moduko toki atsegin gabe.
Denbora
10 minutu.
Materiala
Ez da beharrik.
Aldaerak
Taldea txikia bada, itzuli bat egin dezakegu emozio jakin bat adieraziz, eta itzuli bakoitzean emozioa aldatuz.
Norbaitek zenbaki bat esango du eta gainerakoak hark transmititu nahi izan duen emozioa asmatzen saiatuko dira.
Gomendioak
Jolasa azkar egin behar da, keinuak, aurpegiera eta doinua baliatuz zenbaki bidezko solasari bizitasuna emateko. Zenbat eta solaskide gehiago egon, orduan eta dibertigarriagoa izango da jolasa.
Ebaluazioa
Erreparatu ea partaideak emozioa transmititzen saiatzen diren.
Erreparatu ea jolasak dirauen bitartean parte hartzaileek barre egiten duten edo ondo pasatzen duten.
Helburuak
Jolastuz gozatzea.
Gizabanakoaren zein taldearen kontzentrazioa eta koordinazioa garatzea.
Parte hartzaileak
+8 (posible bada, kopuru parea, bi talde egin ahal izateko), kopuru ideala 20 parte hartzaileetakoa da.
Garapena
Bi talde egingo ditugu.
Talde bakoitzari 0tik 9ra bitarteko zifra bana duten 10 txartel banatuko dizkiogu.
Parte hartzaile bakoitzak zenbaki bat hartu behar duela azalduko dugu. Tarte bat utziko dugu horretarako.
Orduan, zenbakiak esaten hasiko gara, eta zenbaki hori osatzen duten zifrak dituztenek pausu bat aurrera egin beharko dute, eta dagokion ordenan kokatu, txartela agerian dutela, zifra ikusteko moduan. Adibidez: 850, talde bakoitzeko 8, 0 eta 5 zifrek pausu bat aurrera egingo dute, eta zenbakiko zifren ordenaren arabera kokatuko dira.
Egitekoa azkarren bukaten duen taldea izango da irabazlea.
Antolaketa
Ez dago beharrik.
Jolas eremua
Edozein.
Denbora
15-20 minutu.
Materiala
0tik 9ra bitarteko zifrak dituzten txartelak; zifra bakoitzeko bina txartel, gutxienez.
Aldaerak
Gutxi bagara, ez dago zertan bi talde egin; aski da parte hartzaileek euren artean sortzea zenbakiak, talde koordinazioa lantzeko ariketa gisa.
Gomendioak
Zenbakietan zifrak errepikatzen ez badira, hainbat hobe. Adibidez: esan 9638 edo 1729. Ez 8849 edo 2006.
Ebaluazioa
Erreparatu ea jolasak dirauen bitartean parte hartzaileek barre egiten duten edo ondo pasatzen duten.
Erreparatu ea talde gisa ondo koordenatu diren eta koordinatzeko orduan nolako harremanak sortu diren (koordinazioa, mendekotasuna, etab.).