Askotan, talde txikietan banatuta egin beharko dugu lan. Batzuetan, interes komuneko irizpideak erabiltzen dira talde horiek eratzeko, eta halakoetan, parte hartzaileek elkarrekin duten kidetasun maila edo batzuek eta besteek dituzten trebetasunak kontuan hartuta egiten da banaketa.
Beste batzuetan, berriz, parte hartzaileak taldetan banatzea izango gure asmo bakarra, eta berdin samar izango zaigu zerk elkartzen dituen edo zer duten komunean parte hartzaile horiek. Hori kontuan haturik, taldeak modu sortzaile eta dibertigarri batean eratzen lagunduko diguten dinamika batzuk aurkeztuko ditugu orain. Dinamika hauetako batzuek bikoteak eratzeko balio dute bakarrik, beste batzuek talde handiak eratzeko, eta beste batzuek, berriz, talde txikiak antolatzeko. Denek badute, ordea, zerbait komunean: eguneroko errutinarekin hausten eta tarte dibertigarri bat pasatzen lagunduko digute, hurrengo jarduerarako lan taldeak antolatzen dihardugun bitartean.