Partaide kopurua
Informazio Praktikoa
Igarkizun jolas mota hau oso zaharra da eta aldaera asko ditu. Honelako jolasetan haur bat beste baten altzoan makurtzen da eta ondoren zerbait asmatu behar du: nork jo dion edo zer egin dioten bizkarrean. Euskaraz, mota honetako jolasen artean ezagunena TXOKOLATERO BOLINERO da. Hala ere Etniker taldeak bildu ditu honelako jolas gehiago, nahiz eta gehienak gaztelaniaz egiten ziren: Milano milano, A prendas, De codín de codan… Bilduma honetan sartu dugun ZORRIARENA jolasa Leire Ugalde pedagogoak moldatutakoa da. Ondarroan jolasten zen “Aceitero-Vinagrero” eta Gasteizko “Quien te ha picado” jolasetan oinarrituta dago.
Espazioa
Aldaerak
*bakoitzak hatz bana jarri
Aldaera honetan asmatzea zailagoa da. Jolaskide bakoitzak nahi duen hatzak jarriko ditu makurtua dagoenaren bizkarrean. Denek banan-banan hatza jarri ondoren makurtua dagoenak jolaskideren batengana hurbildu eta hark bizkar gainean zer ikur egin dion asmatzen saiatu beharko du (ezpata, guraizea, igitaia edo sardea)
*zorria nor den asmatu
Bada aldaera errazagoa ere.”Amak” edo “aitak” lagun bati deituko dio eta honek makurtua dagoenari bizkarrean ukitu eta gero makurtuta dagoenak asmatu behar du nork egin dion (honetan abestia beti bera litzateke, zorriak ezpatarekin).
Azalpena
1. Jolasa hasi aurretik “ama”edo “aita” eta makurtzen dena nor izango diren erabakiko da. Ama eseri egingo da, eta beste laguna makurtu, amaren magalean burua jarrita. Makurtuta dagoenak begiak itxiko ditu, bizkar gainean egingo diotena ez ikusteko.
2. Amak erabakiko du hatzekin erabiliko duten seinalea. Lau aukera daude:
- EZPATA: hatz erakusle bat altxatuta.
- GURAIZEAK: bi hatz erakusleak elkar gurutzatuta
- IGITAIA: esku baten lau hatz (potoloa ez beste guztiak) elkartu eta pixka bat okertuta eskuaren barnealderantz.
- SARDEA: esku baten lau hatz (potoloa ez beste guztiak) ondo ireki eta ondo luzatuta.
3. Jolasean hasi zain dauden beste partaide guztiak hiru metroko distantziara jarriko dira zutik. Banan-banan, makurtuta dagoenarengana hurbilduko dira eta erabakitako seinalea egingo diote bizkarrean. Adibidez, amak ezpata erabaki badu, jokalari bakoitzak hatz erakusle bana jarriko dio bizkar gainean eta hasierako tokira itzuliko da. Horrela denak pasa arte.
4. Amak eta makurtuta dagoenak elkarrizketa izango dute abestiaren bidez:
- Ama: ZER DUZU GOLKOAN?
- Makurtua: ZIZTADA DUT LEPOAN
- Ama: NORK EGIN DIZU MIN? NORK EGIN DIZU MIN?
- Makurtua: ZORRIAK EZPATAREKIN… (Esaldi honetan makurtuta dagoenak asmatu egin behar du zer seinale egin dioten bizkarrean: ezpata, guraizeak, igitaia edo sardea)
5. Makurtuta dagoenak asmatzen badu zein den bizkar gainean irudikatu dioten tresna, orduan amak hau abestuko dio: BA EKARRI BELARRITIK. Makurtuta dagoena altxatu egingo da eta gainerako jokalarien atzetik abiatuko da norbait harrapatzera. Harrapatutako laguna belarritik eramango du amarengana eta, hurrengo txandan, harrapatutako horrek jarri beharko du makurtuta. Lehen makurtuta zegoena, berriz, ama izango da.
6. Makurtuta dagoenak irudikatutako tresna zein den asmatzen ez badu, hasieratik errepikatuko da jolasa.
Jolasteko beste modu batzuk ere badira. Jolaskide bakoitzak nahi duen hatzak jarriko ditu makurtuta dagoenaren bizkarrean. Denek banan-banan hatza jarri ondoren makurtua dagoenak jolaskideren batengana hurbildu eta hark bizkar gainean zer ikur egin dion asmatzen saiatu beharko du (ezpata, guraizea, igitaia edo sardea)
Honako hau aldaera errazagoa da. “Amak” edo “aitak” lagun bati deituko dio eta honek makurtuta dagoenari bizkarrean ukitu dio. Gero makurtuta dagoenak asmatu behar du nork egin dion.
Esamoldeak
- AMA-AITA:
Agintaria, epailea (jolas honetan, haur bat altzoan hartzen duen jolaskidea). - HUTS EGIN:
Gaizki egin, kale egin, txarto egin.
Adibidez:
Mikelek kale egin du, asmatu ez duelako.
Gaitasunak
- Jarduera ludikoa: entzumenezko eta mugimenduko joko sinbolikoa.
- Jokaera kognitiboak: eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
- Trebetasun funtzionalak: imitazioa: rolen eta ekintzen erreprodukzioa. Eraginkortasuna: ukimen zorroztasuna.
- Alderdi sozialak: bana-banako harremana: gizabanakoa-gizabanakoa
Kanta
Abestia
Zer duzu golkoan?
ziztada dut lepoan
Nork egin dizu min?
Nork egin dizu min?
Zorriak ezpatarekin…