Partaide kopurua
Informazio Praktikoa
Txaloka aritzeko esku jolas hau Imanol Urbietak asmatutako abesti batean oinarritua da. Euskaraz txaloka aritzeko kanta gutxi daude, eta, ondorioz, oso jolas gutxi aurkituko ditugu honela jolasteko. Beste hizkuntza batzuetan honelako zenbait abesti aspalditik transmititu izan dira, eta beste batzuk, azkeneko urteetan, telebistatik jaso dira: igarkizunak, marrazki bizidunetako kantak eta abar. Euskaraz, ordea, ez dira honelako jolasak transmititu eta, oraingoz, ez dira telebistatik ere jaso.
Espazioa
Aldaerak
*ume txikiekin
Ume txikiekin eskuen mugimenduak errazteko denbora guztian 1, 2, 3 eta 4 mugimenduak errepika daitezke.
Azalpena
1. Jolaskideak binaka jarriko dira eta abestia kantatuz jarraian azalduko ditugun mugimenduak eskuekin egiten saiatuko dira. Bikotea elkarri begira jarriko da, eta kantatzen hasi aurretik eskuak gora eta behera astinduko dituzte esaldi hau esanez: TXA-KUR-BAT-E-RO-SI-DUT. Ondoren abesteari ekingo diote:
- norberaren bi eskuekin txalo egin.
- eskuin eskuarekin bikotearen eskuin eskua jo.
- norberaren bi eskuekin txalo egin.
- ezker eskuarekin bikotearen ezker eskua jo.
- norberaren bi eskuekin txalo egin.
- eskuin eskuarekin bikotearen ezkerrekoa jo eta ezkerrarekin bikotearen eskuinekoa (biak batera).
- eskuin eskua zeharka jarrita (atzamarrak ezkerrera begira) goialdean eta ezkerrekoa ere zeharka jarrita (atzamarrak eskuinera begira) beheko aldean, bikotearenak jo.
- eskuin eskuarekin bikotearen ezkerrekoa jo eta ezkerrekoarekin bikotearen eskuinekoa (biak batera).
2. Mugimendu hauek errepikatuko dira, abestia bukatu arte. Abestia bukatu denean, berriro hasiko dugu jolasa, baina oraingo honetan TXAKURRA esan beharrean KATUA esango dugu eta, ondorioz, katuaren soinua egingo: MIAU, MIAU, MIAU. Horrela behin eta berriz errepika daiteke abestia, animalia asko aipatuz.
Ume txikiekin, eskuen mugimenduak errazteko, denbora guztian 1, 2, 3 eta 4 mugimenduak errepika daitezke.
Esamoldeak
- HUTS EGIN: Gaizki egin
- ZENBAIT ANIMALIAREN OIHUAK:
ahatea: piu piu, kua, ua ua
ahuntza: marra marra, bee
amiamokoa: klaka
apoa: klik klok, kluk kluk, klin klon
ardia: mee, jaubaa, bee
astoa: aaaaaaa
azeria: xanpa
behia: bauu, murruum, marrun
belea: karrak, kua kua, grau
eulia: frixt, fir fir, firrindan
hontza: uhuu
kaioa: txirrin
katua: ñau, mau, marrau, fut
kilkerra: kir kir, txirri txirri
kurriloa: kürü kürü
kukua: kuku
igela: kro kro, korrok
oilarra: kukurruku
oiloa: karaka
otsoa: ulu, aiu, uru, julu
txita: txirru txirru, txio-txio
usoa: purrut, ttukurrukutu
zozoa: txor txor
txoria: txio txio, xiru xiru
zakurra: sau sau, zaun zaun
zaldia: ijijijijiji
zerria: kurrin, krux
Gaitasunak
- Jarduera ludikoa: entzumenezko, mugimenduzko eta trebetasunezko jokoa.
- Jokaera kognitiboak: sentipenezko eta mugimenduzko jokaera erritmikoa: errepikapena. Eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
- Trebetasun funtzionalak: eraginkortasuna: trebetasuna eta kontzentrazioa.
- Alderdi sozialak: kooperazio motako harremana
Kanta
Abestia
Txa-kur-bat-e-ro-si-dut
txakur bat erosi dut
zaun, zaun, zaun
merke azokan
zikina zegoen (e)ta
zinkiina zegone (e)ta
sartu dut baineran
zaun, zaun, zaun, zaun
txakur bat erosi dut
merke azokan
zaun, zaun, zaun
txakur bat erosi dut
merke azokan
zaun zaun.
Katu bat erosi dut
mau, mau, mau
…
Asto bat erosi dut
a, a, a
…
Ardi bat erosi dut
me, me, me
…