Skip to main content

OINETAKO ITSUAK

Partaide kopurua

Gutxienez 4 (hobe gehiago)

Informazio Praktikoa

OINETAKO ITSUAK jolasa nahiko berria da. Ez da oso ezaguna eta, batez ere, aisialdiko jardunetan erabiltzen da. Oso jolas dibertigarria da eta kooperazioa eta konfiantza lantzeko oso aproposa da. Gainera, hizkuntza lantzeko ere erabilgarria izan daiteke, aginduak eman eta entzuteko etengabe erabili behar baita hizkuntza.

Espazioa

Leku zabala

Azalpena

1. Jolaskideak binaka jarriko dira. Bikote bakoitzeko kide bat “itsua” izango da, eta bestea, “itsuaurrekoa”. Itsuaurrekoek itsuei zapi bana jarriko diete, begiak estaltzeko.

2. Itsuak jolastokiaren alde batean jarriko dira, eta itsuaurrekoak, berriz, beste aldean. Bien artean zortzi metroko tartea utziko da, gutxi gorabehera. Itsuaurrekoek oinetakoak erantziko dituzte eta jolastokiaren erdian jarriko dituzte. Oinetako guztiek batera egon behar dute, nahaspilatuta.

3. Agindua emango da jolasari hasiera emateko. Jolasaren helburua itsuek bere bikotekidearen oinetakoak aurkitzea eta hari eramatea da. Horretarako itsuaurrekoak lagunduko dio aginduak emanez. Itsuaurrekoek ezin dute dauden tokitik mugitu. Ahotsa bakarrik erabil dezakete. Adibidez, itsuari aginduko diote: “eskuinera, aurrera, ezkerrera, atzera…”.

4. Itsu guztiek bikotekideen oinetakoak lortu dituztenean, paperak aldatuko dira eta berriro hasieratik hasiko dute jolasa.

Esamoldeak

  • ITSUA
    (jolas honetan, zapiarekin begiak estaltzen zaizkiona).
  • ITSUAURREKOA
    (jolas honetan, itsuari aginduak ematen dizkion jokalaria).
    Adibidez:
    Bikote honetan nor da itsua?
    Zozketa egin ondoren, Joxepari egokitu zaio itsua izatea.
    Beraz, Joxepa itsua izango da, eta Miren bere itsuaurrekoa.

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
entzumenezko eta adimen estrategiako jokoa.
  • Jokaera kogniktiboak: eragiketa jokaera: errazoibide konkretua.
  • Trebetasun funtzionalak:
ikerketa: entzumena. Eraginkortasuna: entzumen zorroztasuna.
  • Alderdi sozialak: kooperazio motako harremana.

Baliabideak

Jokalarien erdientzako zapi bana

Close Menu