Skip to main content

KOXKEN

Partaide kopurua

Gutxienez 2

Informazio Praktikoa

Bizitzan erabiltzen ditugun elementu arrunt asko izaten dira jolasteko aproposak: orratzak, botiletako txapak, intxaurrak, makilak… Txanponak ere aspalditik erabili ohi dira jolasean aritzeko. Gehienetan zozketa egiteko erabiltzen dira: txanpona gora bota eta gora begira geratu den aldearen arabera erabakitzen da jolasean nor hasiko den (LEON-CASTILLO, LEHOR ALA BUSTI…). Hala ere, txanponak trebetasun jolaserako ere oso erabiliak izan dira. Juan Garmendiak larrañagak jasotako TXINTXEN, KUARTAN, SOSTTUA edo TXIS jolasak dira horren adibide. Guk jasotako aldaera Oskoz herrian jaiotako Juani Azpiroz irakalseak erakutsi digu. Jolas hau txikitan oso gustukoa zuten, eta oraindik gordeta ditu jolaserako erabiltzen zituzten txanponak. Jolas honetan ikusten den moduan, gaur egun hain modan dauden “tazoen” jolasa honelako jolas zaharretan oinarritua bide da; txanponei buelta eman ordez plastikozko “tazoei” ematen zaie. Garmendia Larrañagak kartoizko biribil batzuekin Errazkin herrian jolasten zen PALDIÑO izeneko antzeko jolasa jaso zuen.

Espazioa

Nahiko toki zabala

Aldaerak

*txanponak paretaren kontra botatzen

Jolas honen aspaldiko aldaera honetan, gauza bakar bat aldatzen da: txanponak biribil aldera botatzeko, lehendabizi pareta jo behar dute. Hau da, txanpona paretaren kontra bota eta errebotearekin biribiletik ahalik eta gertuen uzten saiatu behar dute jokalariek.

Azalpena

1. Jokalari bakoitzak gutxienez bi txanpon edukiko ditu; bat pisua eta bestea, berriz, arinagoa. (Garai batean 10 zentimoko eta 5 zentimoko txanponekin jolasten zen). Lurrean metro bateko diametroko biribila margotuko da eta biribilaren erdian jokalari bakoitzak txanpon txiki bana jarriko du. Txanponak bata bestearen gainean jarri behar dira, alde bera gora begira dutela.

2. Jolasten hasteko, jokalari bakoitzak txanpon handi bana botako du biribil aldera. Helburua txanpon txikien pilatik ahalik eta gertuen geratzea da.

3. Txanpon handia txanpon txikien pilatik gertuen uzten duenak txanpona berriz hartu eta pilatutako txanpon txikiak jo behar ditu. Helburua txanpon txikiei banan-banan buelta ematea da. Gainean dagoen txanponari buelta ematen badio, txanpon hori irabaziko du eta txanponak jotzen jarraitzeko aukera izango du.

4. Lehenengo jokalariak huts egiten duenean (txanpon bati buelta ematen ez dionean), pilatutako txanponetik gertuen utzi duen hurrengo jokalariaren txanda izango da.

5. Jolasa pilako txanpon guztiei buelta eman arte errepikatzen da.

Txanponak paretaren kontra botatzen ere jolas daiteke. Gauza bakarra aldatzen da: txanponak biribil aldera botatzeko, lehendabizi pareta jo behar dute. Hau da, txanpona paretaren kontra bota eta errebotearekin biribiletik ahalik eta gertuen uzten saiatu behar dute jokalariek.

Esamoldeak

  • TXAKUR HANDI: Garai batean 10 zentimoko txanponari ematen zitzaion izena (jolas honetan, txanpon handienak izen hau har dezake).
  • TXAKUR TXIKI: Garai batean 5 zentimoko txanponari ematen zitzaion izena (jolas honetan, txanpon txikienak izen hau har dezake).
  • JOLASA IZENDATZEKO ERAK: Koxken Txintxen
  • HUTS EGIN: Gaizki egin, kale egin, txarto egin. Adibidez: Mikelek kale egin du, txanpona biribiletik kanpo uzti duelako.

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
trebetasunezko jolasa.
  • Jarduera kognitiboak:
eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
  • Trebetasun funtzionalak:
eraginkortasuna: zehaztasuna eta trebetasuna.
  • Alderdi sozialak:
bana-banako harremana: gizabanakoa-gizabanakoa.

Baliabideak

Pisu ezberdineko txanponak

Close Menu