Skip to main content

KINKINETAN

Partaide kopurua

Gutxienez 2

Informazio Praktikoa

Orain dela urte gutxi arte oso jolas ezaguna eta erabilia bazen ere, azken urteetan Euskal Herriko kaleetatik desagertu da. Bi arrazoi nagusigatik desagertu da jolas hau, beste asko bezala: jolasteko toki egokirik ezagatik eta jolasaren balizko arriskuagatik. Kinkinaren kasuan, jolaserako espazio egokiak falta direla begi bistakoa da, jolas hau egiteko lurrezko zorua behar baita eta gaur egungo herri eta hirietan ia ezinezkoa baita honelako jolastokirik aurkitzea. Jolas honen elementurik garrantzitsuena kinkin izeneko egur edo burdina da. Batzuetan destornilladoreak erabili izan dira. Bilduma honetan agertzen den jolaserako ez zen beharrezkoa haur bakoitzak bere kinkina erabiltzea; jokalari baten kinkinarekin jolas zitezkeen lagun guztiak. Zenbait tokitan jolas honek Dolar izena zuen, laukitxo bat irabazita zegoenean dolarraren ikurra ($) margotzen zelako bertan. Beraz, aldaera hau ohiko jolasaren moldaera modernoa dela esan liteke.

Espazioa

Lurrezko zelai bat

Aldaerak

* txintxiketan

Lauki handia marraztu ordez, aspaldiko jolas honetan, biribila marrazten da lurrean. Tarte bat utzita, marra baten atzetik, jokalariak kinkina biribil barruan sartzen saiatuko dira. Sartuz gero, puntuak lortuko dituzte. Zilegi izango da beste kinkin batekin zutik dauden kinkinak botatzea.

Azalpena

1. Kinkina erabiliz lurrean laukizuzen handi bat margotu eta sei zatitan banatuko da. Hau da, sei laukitxo izango ditugu. Laukitxo bakoitzean zenbaki bana idatziko da.

 

2. Jolasteko ordena erabaki ondoren, lehenengo jokalariak kinkina hartuko du eta jolasean hasiko da. Kinkina laukitxoetan sartu behar du. Hasieran bat zenbakia duen laukitxoan sartuko du, ondoren laukitxoaren barruan oinak jarriko ditu eta, kinkina lurretik aterata, bi zenbakia duen laukitxoan sartuko du. Mugimendu berak errepikatuko dira laukitxo guztietan.

3. Aurreko mugimendu guztiak ondo egiteko ezin da oinekin marrarik zapaldu, ezta kinkina laukitxotik kanpo sartu edo marra gainean utzi ere.

4. Lehengo itzulia huts egin gabe bete ondoren, bigarren itzulia egin behar da. Mugimendu berak egin behar dira, baina bi zenbakia duen laukitxotik hasita, oraingoan. Hau da, hasieran bi zenbakia duen laukitxoan kinkina sartu, ondoren hiru zenbakia duen laukitxoan, eta abar.

5. Bigarren itzuliaren ondoren beste lau itzuli egin beharko dira, itzuli bakoitzean aurrekoaren hurrengo zenbakia duen laukitik hasita. Sei itzuliak huts egin gabe pasatzen dituen jokalariak laukitxo bat irabazteko aukera izango du. Horretarako, kinkina laukizuzenetik kanpora bota behar du. Lurrean sartuz gero, kinkina hartu eta nahi duen laukitxora botako du. Laukitxo horren jabe izango da hortik aurrera, eta kinkinarekin egindako ikur baten bidez adieraziko du hori. Hortik aurrera beste jolaskideek ezingo dituzte laukitxo horretan oinak jarri, ezta kinkina bertan sartu ere.

6. Jolasa behin eta berriro errepikatzen da laukitxo guztiek jabea eduki arte.

Lauki handia marraztu ordez, biribila ere marraz daiteke lurrean. Tarte bat utzita, marra baten atzetik, jokalariak kinkina biribil barruan sartzen saiatuko dira. Sartuz gero, puntuak lortuko dituzte. Zilegi izango da beste kinkin batekin zutik dauden kinkinak botatzea.

Esamoldeak

  • JOLASAREN IZENAK: Kinkinetan (Donostia) Kinkike (Biana, Aramaio, Gaubea) Dolar (Lezaun, Artziniega, Villabona) Estrinkan (Orozko) Hinkera (Ultzama, Abadiño, Lezama) Txintxiketan (Orexan)
  • KINKINAREN IZENA: Kinkin (oso zabaldua) Ziri, Txintxin (Beasain, Orexa)
  • HUTS EGIN: Gaizki egin, kale egin (kinkina lurrean ez sartzea edo laukitxotik kanpo uztea).

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
trebetasunezko jolasa.
  • Jarduera kognitiboak:
eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
  • Trebetasun funtzionalak:
eraginkortasuna: zehaztasuna eta trebetasuna.
  • Alderdi sozialak:
bana-banako harremana: gizabanakoa-gizabanakoa.

Baliabideak

Kinkina (egurrezko edo burdinazko makila puntadun bat)

Close Menu