Skip to main content

JOXE MARTIN

Partaide kopurua

Gutxienez 5 (hobe gehiago)

Informazio Praktikoa

Nahiz eta inguruko hizkuntzetan jolas mota honetako abesti ugari egon “Cantinerita“, “Soy capitán“, “A la hoja verde verde“…, euskaraz ia ez dago honelako kantarik. Azken urte hauetan jaso dira zenbait abesti horretarako baliagarriak direnak: Oskorri (AITA MUKUERRETAKO, PONPIOLA, JOXEPA ANTONI), Hik Hasi (BIHAR IGANDEA). Beste batzuk asmatu egin dira: Hik Hasi (DANTZARI TXIKITXOA) . Eta azkenik, zenbait abesti beste hizkuntzetatik itzuli dira. Hemen aurkeztu dugun abestia, hain zuzen ere, irakasle batzuek egindako itzulpena da. Jatorrizko abestiak gaztelaniazko “Eran tres alpinos” izenburua du. Gaztelaniazko bertsioa ere Italiako abesti baten aldaera izan daiteke.

Espazioa

Edozein

Aldaerak

*abestiaren hitzak

Jolas honen abestiaren hitzak aldatzea oso dibertigarria izan daiteke.

Adibidez: Joxe Martin = Maria Joxe
…topatu du lamia = topatu du Tartalo
…nirekin ezkonduz gero = nirekin etorriz gero
…ezkondu ziren = alde egin zuten eta abar…

Azalpena

1. Jolaskideek bi lerro osatuko dituzte aurrez aurre, erdian tokia utzita. Partaide bat bi lerroen artetik dantzan eta saltoka igarotzen den bitartean, inguruko guztiek abestu eta txaloka animatuko dute.

2. Abestiak irauten duen bitartean, erdian dabilenak kantak dioena antzeztu beharko du, saltoka alde batetik bestera doan bitartean:

  • JOXE MARTIN BADOALA MENDIRA: motxila bat hartuta mendira doala antzeztu.
  • ETA BIDEAN KRABELINAK HARTU DITU: lurretik loreak hartzen dituela antzeztu.
  • ERREKA BAZTERREAN TOPATU DU LAMIA: lerroetan dagoen baten aurrean jarri.
  • OH GAZTETXO EMAIDAZU LORE BAT: erdikoaren eta aurreko urratsean aukeratutakoaren arteko elkarrizketa antzeztu.
  • EMANGO DIZUT NIREKIN EZKONDUZ GERO: erdikoaren eta aurretik aukeratutakoaren arteko elkarrizketa antzeztu.
  • EZKONDU ZIREN ETA TXINAN BIZI DIRA: biak eskutik heldu eta bi lerroen artean saltoka ibili.

3. Abestia errepikatu egin daiteke jolasa hasi duena lerro batera joan eta aukeratua izan dena hasiz bi lerroen artean saltoka.

Esamoldeak

  • LERROKA: Ilaran.
  • BETE IZAN: Betetzea, txito izan, zigortua, itsu izan, izan (jolas honetan erditik dantzan arituko den laguna)
  • DANTZATZEN: Birbilketan, saltoka.

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
joko sinbolikoa eta entzumenezkoa.
  • Jokaera kognitiboak:
Sentipenezko eta mugimenduzko jokaera: errepikapena. Jokaera sinbolikoa: sinboloak gogora ekartzea.
  • Trebetasun funtzionalak:
imitazioa: rolen erreprodukzioa.
  • Alderdi sozialak:
kooperazio motako harremana.

Abestia

Joxe Martin badoala mendira

Joxe Martin badoala mendira

ria ria kataplan badoala mendira.

Eta bidean krabelinak hartu ditu

eta bidean krabelinak hartu ditu

ria ria kataplan krabelinak hartu ditu.

Erreka bazterrean topatu du lamia

erreka bazterrean topatu du lamia

ria ria kataplan topatu du lamia.

Oh gaztetxo emadazu lore bat

Oh gaztetxo emadazu lore bat

ria ria kataplan emadazu lore bat.

Emango dizut nirekin ezkonduz gero

emango dizut nirekin ezkonduz gero

ria ria kataplan nirekin ezkonduz gero.

Ezkondu ziren eta Txinan bizi dira

ezkondu ziren eta Txinan bizi dira

ria ria kataplan eta Txinan bizi dira.

Close Menu