Skip to main content

GURUTZEKO TXINGOA

Partaide kopurua

Mugarik gabe

Informazio Praktikoa

Txingoka aritzea, dirudienez, aspaldiko ohitura da. Erromako foroan honelako jolasean aritzeko marrazki bat aurkitu dute, eta badirudi erromatarren garaian Europa guztian zehar zabaldu zela jolas hau, erromatar galtzadak oso aproposak baitziren honelako jokoak egiteko. Hasieran sinesmenekin eta magiarekin zerikusia zuen, eta hortik dator zerua, lurra eta, batzuetan, itsasoa adierazteko laukitxoak marrazteko ohitura. Gaur egun oso jolas ezaguna eta erabilia da artean. Jolasteko erak antzekoak izaten dira, baina marraztutako irudiak aldatu egiten dira toki batetik bestera.

Espazioa

Zoru gogorra

Aldaerak

* txotxitua

Juan Garmendia Larrañagak txingoka jolasteko era bitxi hau jaso zuen Muskildin. Laukiak lurrean margotu ordez makilak jarri behar dira laukiak eginez. Harririk gabe, jokalariak laukietatik txingoka pasako dira, eta azkeneko laukira iristean makilatxo bat hartu behar da, eta abiapuntura makilatxoa eskuan harturik itzuli. Lurreko makilarik ukitu gabe berriro abiatuko da beste makila bat hartzeko. Horrela errepikatuko da jolasa makila guztiak bukatu arte.

Azalpena

1. Sei laukiz osatutako gurutze moduko bat marraztu behar da lurrean. Lauki bakoitzari batetik seirako zenbaki bat dagokio. Seigarren laukiaren gainean biribil erdi bat margotuko dugu, eta “zerua” izena jarriko diogu. Jolasean hasi aurretik jokalarien txanden ordena erabaki behar da. Harri bat jaurti eta marra jakin batetik gertuen uzten duena izango da lehenengoa.

2. Lehenengo jokalariak harri bat hartuko du eta lehenengo laukitxora botako du. Harria laukitxo barruan geratzen bada, marrarik ukitu gabe, jokalari horrek jarraituko du jolasten. Hanka baten gainean bigarren eta hirugarren laukitxotik pasatuko da. Gero laugarren laukitxoan eskuineko hanka jarriko du eta bosgarren laukitxoan ezkerrekoa (une berean). Ondoren seigarren laukitxotik hanka baten gainean pasako da eta zerura bi hanken gainean iritsiko da. Bertan salto bat eginez buelta emango du, eta itzulerako bideari ekingo dio.

3. Bigarren laukitxora iristerakoan lehenengo laukitxoan dagoen harria hartuko du eta abiapuntura itzuliko da, jauzi bat eginez. Bide guztia marrak zapaldu gabe eginez gero, berriro harria botatzeko aukera izango du, baina oraingo honetan bigarren laukitxoan utzi beharko du harria, gero hirugarrenean, etab.

4. Jolasa honela errepikatuko da laukitxo guztietan harria utziz. Laukitxo guztiak egin ondoren, jokalaria zeruan jarriko da, atzera begira, eta bizkar gainetik harria botako du. Lauki baten barruan eroriz gero, lauki horrek bere izena izango du aurrerantzean. Beste jokalariek ezingo dute laukitxo hori zapaldu jabeari baimena eskatu gabe.

Laukiak lurrean margotu ordez makilak jarriz ere jolas daiteke, laukiak eginez. Harririk gabe, jokalariak laukietatik txingoka pasako dira, eta azkeneko laukira iristean makilatxo bat hartu behar da, eta abiapuntura makilatxoa eskuan harturik itzuli. Lurreko makilarik ukitu gabe berriro abiatuko da beste makila bat hartzeko. Horrela errepikatuko da jolasa makila guztiak bukatu arte.

Esamoldeak

  • TXINGO (IZENDATZEKO ERAK) Txintxirriska, txintxurriska, txindorrika, txintxurriska, txinkirrinen (Gipuzkoa) Txingoka, txintxu, txinkoketan (Gipuzkoa, Bizkaia) Txanginen (Gipuzkoa) Altxarrinean (Gipuzkoa) Tokotan (Gipuzkoa) Oinarrike (Bizkaia) Koixo-pla (Bizkaia) Harrian, harribanakoa, harritxongon (Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa) Trukume, trokamenka (Araba, Bizkaia) Karratü joküa, artzai joko (Iparralde)
  • TXINTXU (harria izendatzeko Durangaldean erabiltzen zen izen bat)
  • HUTS EGIN: Gaizki egin, kale egin (marra zapaltzea, lurra bi hanketan zapaltzea edo harria behar den tokira ez botatzea)

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
mugimenduzko eta trebetasunezko jokoa.
  • Jarduera kognitiboak:
sentipenezko eta mugimenduzko jokaera: errepikapena. Eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
  • Trebetasun funtzionalak:
ikerketa: lekualdatzea (saltoa). Eraginkortasuna: trebetasuna eta arintasuna.
  • Alderdi sozialak:
bana-banako harremana: gizabanakoa-gizabanakoa.

Baliabideak

Harri bat

Close Menu