Skip to main content

BOTXO

Partaide kopurua

Gutxienez 2

Informazio Praktikoa

Kanikak merkaturatu aurretik fruituak erabiltzen ziren jolasteko. Biribil itxurako edozein gauzak balio zuen: intxaurrak, urrak, ezkurrak, poxpolinak, fruituen hezurrak… Orokorrean bi motatako jokoak zeuden: fruituak zulo edo biribil batean sartzeko jokoak eta fruituak zulo, biribil edo antzeko irudi batetik ateratzeko jokoak. Jolas horietatik abiatuta arauetan eboluzio bat izan da gaur egungo kanika jokoetara iritsi arte. Adibidez, zenbait jokotan hasieran helburua fruituak zuloan sartzea zen, gero zuloan sartu ondoren besteen fruituak kolpatu behar ziren, eta azkenik fruituak kolpatu ondoren berriro norberaren fruitua zuloan sartu behar zen berriro. Gaur egun, fruituekin jolasten ziren jolasak kanikekin egiten dira edo desagertu dira.

Espazioa

Zuloa egin daiteken edozein lursail

Aldaerak

*potxolan edo txolota

Berdintsu jolasten da, baina era hauetan jokalari bakoitzak fruitu guztiak batera botako ditu zuloan sartzeko asmoz. Horretarako, zulotik gertu margotu behar da marra. Zeanurin bi marra margotzen zituzten: bat zulotik (potxolea) 5 metrora eta bestea, txongolat izenekoa, 2 metrora. Lehenengo marra hasierako txandak erabakitzeko erabiltzen zen, eta bigarrena beste jokalarien fruitu guztiak batera zulora botatzeko.

Azalpena

1. Jolas honetan jokalari bakoitzak fruitu batzuk edukiko ditu (intxaurrak, urrak, poxpolinak, arbeletxeko hezurrak…)

2. Jolasarekin hasi aurretik botatzen lehena nor izango den aukeratu behar da. Horretarako, lurrean zulo bat egingo da (botxo). Jokalari guztiak pauso batzuetara dagoen marra batetik fruitu bana botxoan sartzen edo ahalik eta gertuen uzten saituko dira. Sartzen duena edo gertuen uzten duena lehena izango da botxora fruituak botatzen. Joko honi “puntutan” jolastea deritzo.

3. Jolasaren helburua botxoan ahalik eta fruitu gehien sartzea da. Lehen jokalariak beste jokalarien fruitu bana hartuko ditu eta fruitu horiek banan-banan, marra batetik, botxoan sartzen saituko da. Sartzen dituen fruitu guztiak berarentzat izango dira.

4. Hurrengo jokalariak botxotik kanpo geratu diren fruituak hartuko ditu eta marratik botxoan sartzen saiatuko da. Horrela jarraituko dute jokalari guztiek fruitu guztiak botxon sartzea lortu arte.

Beste aldaera batzuk ere badira. Berdintsu jolasten da, baina jokalari bakoitzak fruitu guztiak batera botako ditu zuloan sartzeko asmoz. Horretarako, zulotik gertu margotu behar da marra. Zeanurin bi marra margotzen zituzten: bat zulotik (potxolea) 5 metrora eta bestea, txongolat izenekoa, 2 metrora. Lehenengo marra hasierako txandak erabakitzeko erabiltzen zen, eta bigarrena beste jokalarien fruitu guztiak batera zulora botatzeko.

Esamoldeak

  • BOTXO: Txolota (Donostia), potxolea (Zeanuri), zuloa
  • TXONTA EGITEA: Jokalari guztiek fruitu guztiak txanda batean botxon sartzea.
  • PUNTUTAN JOLASTEA: Hasierako txandak erabakitzeko erabiltzen den jokoa (zuloan sartzea edo gertuen geratzea helburu duena)
  • KALE EGIN: Huts egin (botxon fruiturik ez sartzea)

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
trebetasunezko jokoa.
  • Jokaera kognitiboak:
sentipenezko eta mugimenduzko jokaera: errepikapena. Eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
  • Trebetasun funtzionalak:
eraginkortasuna: zehaztasuna eta trebetasuna.
  • Alderdi sozialak:
bana-banako harremana: gizabanakoa.

Baliabideak

Fruituak (intxaurrak, urrak, ezkurrak, poxpolinak...)

Close Menu