Parte hartzaileek beren burua pertsona gisa eta taldeak talde gisa baieztatzea helburu duten jolasak dira. Norberarenganako segurtasunaren oinarrian dauden mekanismoak jartzen dituzte jokoan, hala barnekoak (auto kontzeptua, gaitasunak…) nola kanpotiko presioei dagozkienak (taldearen papera, betebehar sozialak, etab.).
Batzuetan, norberaren mugak agerraraztea izaten da kontua. Beste batzuetan, norberaren beharrak onartzea eta behar horiek hitzez zein hitzik gabe adierazteko gauza izatea, taldean guztien onarpena lortzea bultzatuz.
Helburuak
Entzute aktibo bat eta pertsona bakoitza taldean onartua izatea lortzea.
Besteen ikuspegia ulertzen ikastea.
Parte hartzaileak
+6
Garapena
Parte hartzaile bakoitzeko arau orri bana banatuko dugu. Hauek dira arauak:
Fokua izatearen araua: taldeko pertsona bakoitzak protagonista izan behar du bost minutuz.
Onartua izatearen araua: foku pertsonaren hartzailea izan behar duzu (buruarekin baietz egiteak, irribarre egiteak, keinuek komunikazioa lortzen laguntzen dute). Besteak dioenarekin ados ez bazaude, ez erakutsi inola ere zure desadostasuna, izango duzu geroago denbora horretarako.
Ulertua izatearen araua: zer esaten dizun ulertzen saiatu. Galdetu nahi duzuna besteak zer esan nahi dizun hobeto ulertzeko, baina ez agertu sentimendu edo jarrera negatiborik zure galderan edo galderetan.
Ondoren, parte hartzaile bakoitzeko txartel eta arkatz bana banatuko dugu. Parte hartzaile bakoitzak era honetako baieztapenak idatzi beharko ditu: “hobeto sentitzen naiz jende artean nagoenean, … nagoenean baino”, “okerrago sentitzen naiz jende artean nagoenean, … nagoenean baino”, etab.
Behin esaldiak osatuta, hiru taldetan banatuko ditugu parte hartzaileak. Bost minutuz besteen arreta bereganatuko duelako segurantzia eduki behar du bakoitzak. Denbora horretan, protagonistak bere erantzunen gainean hitz egingo du bakarrik. Banakoaren eta taldearen arteko elkarreragina hasierako kontsignen arabera garatuko da.
Paperak aldatuz joango dira, hirurek protagonistarena egin arte.
Amaitutakoan, talde hausnarketa egingo dugu, eta parte hartzaileek paper batean edo bestean nola sentitu diren azalduko dute.
Antolaketa
Arau orriak eta idazteko materiala aldez aurretik prest eduki. Baita osatu beharreko esaldiak ere.
Jolas eremua
Lan aretoa.
Denbora
45 minutu.
Materiala
Idazteko materiala.
Aldaerak
Osatu beharreko esaldia beste bat izan daiteke.
Arauak hitzez edo idatzita eman daitezke.
Gomendioak
Jarduerari ekin baino lehen, ziurtatu denek arauak betetzeko konpromisoa hartzen dutela.
Ebaluazioa
Jarduera nola gauzatzen den ikusi eta entzun.
Helburuak
Besteen ikuspuntua ulertzea eta jarrera jakin batek errealitateari buruzko gure ikuspegia baldintza dezakeela onartzea.
Parte hartzaileak
+8
Garapena
Biribilean jarrita gaudela, betaurreko batzuk atera, eta honela esango du dinamizatzaileak: “Hona hemen mesfidantzaren betaurrekoak. Betaurreko hauek janztean, mesfidati bihurtzen gara, fidagaitz. Nork jantzi nahi ditu eta esan zer ikusten duen betaurreko hauen kristaletan zehar? Zer pentsatzen duen gutaz?
Boluntario bat baino gehiago atera daiteke betaurrekoak janztera, eta gugan (taldean) zer ikusten duen esatera.
Tarte baten ondoren, beste betaurreko mota batzuk aterako ditugu, agertzen diren boluntario berriei eskaintzeko:
Era honetako betaurrekoak izan daitezke:
Mesfidantza.
Dena gaizki egiten dut.
Denek maite naute.
Inork ez nau nahi.
Etab.
Taldea. Parte hartzaile bakoitzak betaurrekoak jantzita nola sentitu den eta zer ikusi duen azalduko du. Jarduera honek taldeetan izaten diren komunikazio arazoei buruzko elkarrizketa bati eman diezaioke bide.
Antolaketa
Betaurrekoak aldez aurretik prest eduki. Betaurreko zahar batzuk erabil ditzakegu, kristalik gabekoak; edo geuk egin, bestela, kartoi mehez, alanbrez…
Jolas eremua
Lan aretoa.
Denbora
20 minutu.
Materiala
Betaurrekoak.
Aldaerak
Jarduera hau taldeak bizi izan duen egoera jakin batera egoki daiteke.
Gomendioak
Taldearentzat garrantzitsuak diren “betaurrekoak” erabili.
Ebaluazioa
Aintzat hartu parte hartzaileek jardueran zehar edo amaierako hausnarketan egiten dituzten iruzkinak.
Helburuak
Kontzentratzeko ahalmena eta lurrarekiko eta besteekiko harremana sustatzea.
Parte hartzaileak
+8
Garapena
Musika lasaia jarri, eta argiaren intentsitatea jaitsiko dugu.
Ahots doinu gozoz, parte hartzaileak lurrean etzatera gonbidatuko ditugu, biribilean jarrita, buruak erdirantz, eta tarte bat utzita batzuen eta besteen artean.
Tokiz aldatuz joango dira, guk emandako kontsigna batzuen arabera:
1. posizioa: hasierako jarrera; ahoz gora etzanda, besoak gorputzari itsatsita (ni lurrarekin bat).
2. posizioa: belaunak bularrerantz, eskuekin gogor estutuz (ni neure buruarekin bat).
3. Posizioa: zangoak luzaturik eta besoak zabalik, eskuekin aldamenean ditugunen eskuak ukitzen saiatuz. Gorputza erlaxatu, eta kontaktua sentituko dugu (ni besteekin bat).
Tarte baten ondoren, parte hartzaileak nagiak botatzera eta biribilean esertzera gonbidatuko ditugu.
Bien bitartean, musikaren bolumena jaitsiko dugu, edo kendu, eta argiaren intentsitatea handituko dugu.
Aukera emango diogu parte hartzaile bakoitzari aipatu hiru posizioetan nola sentitu den eta emandako kontsignak nola bizi izan dituen azaltzeko.
Antolaketa
Aretoa prestatu: lasaitasuna transmititu behar du eta parte hartzaile guztiak eroso sartzeko adina toki egon behar du.
Jolas eremua
Lan aretoa.
Denbora
20 minutu.
Materiala
Erlaxazio musika lasaia.
Aldaerak
Beste postura batzuk proposa daitezke.
Gomendioak
Postura aldaketa lasai egin. Parte hartzaileak isilik eta beren gorputzetan kontzentratuta egotera gonbidatu.
Ebaluazioa
Entzun parte hartzaileei zer sentsazio bizi izan dituzten.
Helburuak
Norberaren eta besten ezagutzan sakontzea.
Norberaren baieztapena eta besteek norberaz duten iritzi ona sustatzea.
Taldeko parte hartzaileen arteko komunikazioa suspertzea.
Parte hartzaileak
+5
Garapena
Parte hartzaile bakoitzeko paper eta arkatz bana banatuko dugu.
Paperean zuhaitz bat marrazteko eskatuko diegu: sustraiak, enborra, adarra, hostoak eta fruituak.
Amaitzen dutenean, honakoa idatzi beharko dute zuhaitzean:
Sustraiak: nire ustezko bertuteak eta gaitasunak.
Enborra eta adarrak: nire ekintza positiboak.
Hostoak eta fruituak: nire garaipen eta lorpenak.
Amaitutakoan, bateratze lana egingo dugu, parte hartzaile bakoitzak bere zuhaitza aurkez dezan. Parte hartzailetako batek bere aurkezpena bukatzen duenean, nahi duenak beste sustrai bat, adar bat edo fruitu bat gehitu ahal izango dio bere zuhaitzari, dagokion mezuarekin batera.
Antolaketa
Marrazteko eta idazteko, nahi bezala jarriko gara; bateratze lanaren orduan, biribilean eserita jarriko gara.
Jolas eremua
Lan aretoa.
Denbora
45 minutu.
Materiala
Orriak eta bolalumak.
Aldaerak
Zuhaitz atal bakoitzean gauza desberdinak irudika daitezke.
Zuhaitzaren ordez, pertsona bat izan daiteke, lore bat, etab. Atalak ondo bereiztea da garrantzitsuena.
Gomendioak
Konfiantza eta elkarrenganako errespetu giroa sortzen dela ziurtatu.
Ebaluazioa
Ez dago.
Helburuak
Taldeko parte hartzaileek elkar ezagutzea eta bakoitzak bere burua onartzea.
Parte hartzaileak
+8
Garapena
Parte hartzaile bakoitzeko txartel eta arkatz bana banatuko dugu.
Bost minutuko tartea utziko dugu, pertsona bakoitzak bere txartela bete dezan, sinatu gabe.
Ondoren, txartel guztiak bildu eta nahasiko ditugu.
Berriro banatuko ditugu, ausaz.
Bana-banan irakurri ahala, bakoitza nori dagokion asmatzen saiatuko gara denon artean.
Asmatzen badugu, izena idatzi, eta horman edo kortxozko ohol batean iltzatuko dugu txartela, denok ikusteko moduan.
Sekuentzia errepikatuko dugu txartel guztiekin gauza bera egin arte.
Amaitutakoan, gogoeta egingo dugu taldean, gauza zehatz batekin identifikatzeko aurkitutako zailtasunen inguruan; edo binakako elkarrizketak bultzatuko ditugu, erantzun horietan oinarrituta batak besteaz zer pentsatzen duen ikusteko.
Antolaketa
Txartelak prest eduki behar ditugu aldez aurretik: parte hartzaile bakoitzeko txartel bat. Txartel desberdinak erabil ditzakegu jarduera hau egiten dugun bakoitzean, baina honako hauen antzeko esaldiak eduki behar dituzte:
Ni autoa banintz, … izango nintzateke.
Ni toki bat banintz, … izango nintzateke.
Ni animalia banintz, … izango nintzateke.
Ni abesti bat banintz, … izango nintzateke.
Jolas eremua
Lan aretoa.
Denbora
45 minutu.
Materiala
Txartelak eta idazteko materiala.
Kortxozko ohola, txintxetak, zeloa.
Aldaerak
Galderetako gaia geuk proposatu ordez, parte hartzaileek beraiek erabaki dezakete. Ni … banintz, zer izango nintzateke?
Esaldiak parte hartzaileen ezaugarrien eta adinaren arabera alda daitezke.
Gomendioak
Jolas hau egokiagoa da elkar gutxi ezagutzen duten parte hartzaileen artean egiteko.
Ebaluazioa
Ez dago.
Helburuak
Norberaren gorputzaren onarpena sustatzea.
Parte hartzaileak
+6 (kopuru bikoitiak, ahal izatera).
Garapena
Bikoteak osatuko ditugu.
Bikotekideetako bat lurrean etzanda jarriko da, ahoz gora.
Bestea bere bikotekidea jiratzen saiatuko da, baina etzanda dagoenak ahaleginak eta bost egingo ditu ahuspez jar dezaten eragozteko. Adibidez: hankak zabaldu, lurraren kontra presio egin, besoak zabaldu…
Tarte baten ondoren, paperak aldatuko dituzte.
Arauak: ezin zaio lagunari heldu; ezin da laguna lurretik altxatu.
Amaitutakoan, talde elkarrizketa bultzatuko dugu, nola sentitu diren azaldu dezaten, bai laguna erraz jiratu dutenen kasuan, bai lortu ez dutenen kasuan.
Antolaketa
Traban dauden gauzak baztertu, talde osoa jolas eremu berean sar dadin.
Jolas eremua
Edozein, lurra biguna bada (belarra, hondarra, etab.), hainbat hobe.
Denbora
15 minutu.
Materiala
Ez da beharrik.
Gomendioak
Jarduera gelditu, inork min hartu baino lehen.
Ebaluazioa
Erreparatu jardueraren martxari eta kontuan hartu parte hartzaileek amaierako hausnarketan egiten dituzten iruzkinak.